Orain dela hiru aste piztu zen New Yorken Occupy Wall Street mugimendua, eta hirugarren astean AEBetako beste hiri batzuetara zabaltzen hasi da, besteak beste, Philadelphia, Boston, Chicago, Los Angeles eta Seattle. Azken hilabeteetan herrialde arabiarretan eta Europan izan diren protesten eredua jarraituz, hainbat lagun atera dira asteburuan kalera Wall Street-en "zikoiztasuna", langabezi tasa altua eta bankuen jarduna salatzeko. Brooklyngo zubia okupatu zuten.
Protestagileak deitu dituztenak eskubide zibilen aldeko ekintzaileak dira, eta Manhattan hegoaldean bildu dira irailaren 17an geroztik, Zucotti parkean; gaurko protesta handi bat deitu dute New Yorkeko udaletxearen aurrean. Beste protesta batzuetan bezala, sare sozialak AEBetan ere protesten motor dira, eta protestagile askok atxiloketetan, Brooklyngo zubian, Poliziak erabili zuen indarkeria salatu dute, 1996an Seattlen izan ziren istiluetan erabili zuenaren pare jarri dute. Protestagileek atzo behin eta berriz eskatu zuten Twitterren indarkeria ez erabiltzeko euren eskakizunetan.