Bost shekel ogi, mesedez! Bost shekel ogi! Emakume txikiaren ahotsak etsipena adierazten du dagoeneko, larritasuna baino gehiago. Ilara luze batean dago ia denak gizonak, Gaza hiriko Al Kholi okindegian. Amne Abdelal (37 urte) etxekoandrea errefuxiatu kanpalekuan bizi da. Jendetza harritu du, oinez hasi berria den ume txikiarekin etorrita. Senarra etxean sartuta dago, Intifadaren eraginez ezinduta geratu zenetik.
«Etxean ogia egiten aritu naiz, baina atzo erabili nuen geratzen zitzaidan irin apurra», esan du, «inongo dendatan ez daukate irinik, beraz, orduak daramatzat hemen, ilaran». Ezin jakin ogia lortuko duen zorioneko pertsona gutxietako bat izango den. Okindegiko nagusiak irin guztia salduta dauka eta daukan ogia bezeroen artean saltzen ari da zatika, ahalik eta gehienentzat irits dadin.
Hainbat astez, Palestinako agintariak, NBEko Errefuxiatu Palestinarrei Laguntzeko Batzordea (UNRWA), GKE batzuk eta irin ekoizleak entzun nahi zuten guztiei esaten aritu dira Karniko merkataritza pasabidea Israel eta Gaza artean luzaroan ixteak Gaza krisi humanitarioan utzi duela. Normalean, Gazako zazpi irin lantegiek 30-60 egunerako gari stocka izaten dute badaezpada. Okindegi gehienek beste hainbeste irin izaten dute gordeta. Baina errota guztiak erreserbarik gabe geratu dira jada. Israelgo Gobernuak 40 egunez itxita eduki du Karniko pasabidea urtea hasi zenetik, segurtasun arrazoiak argudiatuta.
Asteak dira alarma dagoela, Israeldik inportatu ohi diren gaiak agortzen ari zirelako: eguneko produktuak, esne hautsa, arroza eta azukrea. Azkenean, produktu horiek guztiak ahitu egin dira. Orduan, okerrena dena, garia eta irina ezin dira inon aurkitu. Gazan hainbat orduz ibil zaitezke, okindegiz okindegi, ezer aurkitu gabe. Horrek ez du eragozten okindegi bakoitzaren aurrean jende ilara luzeak sortzea, ogia lortzeko itxaropen etsiarekin. Egiptok duela gutxi 300 kamioi irin, gari, arroz eta azukre bidali ditu Gazara Kerem Shalom pasabidetik. Baina horrek kolapsatuta utzi du pasabidea. Bestalde, ez du bermatzen herritarrak asetzea. Izan ere, Gazako 1,3 milioi biztanleak elikatzeko 2.000 tona elikagai behar dira hilabetean.
Ez irin, ez gari
Beti bezala, ahulenak dira kaltetu nagusiak. Erdi mailako herritarrek ogirik gabeko otordurik nekez imagina dezakete, baina txiroenentzat ogia elikagai bakarra izaten da askotan. Ume palestinarren %40 goseak daude dagoeneko eta zenbait egunez jan gabe geratzeak gaixotasun larriak sor diezaieke. Sendagile eta erietxeek ezer gutxi egin dezakete haien alde, botikak eta osasun arloko gaiak ere eskasian daudelako Karniko pasabidearen itxieraren ondorioz. Gazako nekazaritza sektorea ere txikituta geratu da, nekazariek beren barazki, marrubi eta landareak Europako merkatuetara esportatzeko kamioietan usteltzen ikusi baitituzte muga irekitzeko zain zeuden bitartean.
Mustapha Shurab Gaza iparraldeko Palestinako Irin Konpainiako zuzendari nagusia da. Normalean Gazako okindegien erdiak hornitzen ditu irinez. Gainera, NBEko Munduko Elikagai Programaren eskaera guztiak eta UNRWAren erdiak betetzen ditu. «Orain batere garirik gabe gaude. Munduko Elikagai Programaren eta UNRWAren laguntza programak etenda daude». Egoera kritikoa den galdetudiote, eta baietz erantzun du. «Mingarria da baietz esatea, batez ere jendea etortzen zaizunean lantegira eta ezin diezunean lagundu. Okindegien karitatearen menpe bizi diren familia ugari ezagutzen ditut Gazan. Baina zer egingo dute orain?». Israelgo Gobernuak harrokeriaz esaten du Kerem Shalom pasabidetik elikagaiak eta botikak sartzeko eskaintza egin duela behin eta berriz eta PANek ezezkoa erantzun diola. Behatzaile zinikoek diote PANek eskaintza baztertu duela ezin dituelako prezioak puztu salgaiak Kerem Shalomdik pasatzen badira. Baina argi dago Kerem Shalomek ez dituela baldintzak betetzen Karniko pasabidetik igarotzen diren merkantzien zati txiki bat baino igarotzeko.Karniko pasabidea irekiko zuela iragarri zuen Israelek martxoan, AEBen, NBEren eta EBren presioen ondorioz. Baina egunean minutu gutxi batzuetan izaten du irekita, segurtasun arrazoiak argudiatuta. Herritarrek Palestinako Legebiltzarrerako bozen aurkako zigor kolektibotzat jotzen dute Israelen neurria. Goseak jota okindegietan ilarak egiteari «krisi» deitu behar zaio? «Hondamendia» hitza gosez hiltzen direnerako utzi behar da? Amneren kezka ez da hori. Semeari ohera goseak zergatik joan behar duen nola azaldu da bere kezka.
EKIALDE HURBILA
Ogirik ere ez, gosea kentzeko
GAZA, ELIKAGAIRIK ETA BOTIKARIK GABE. Israelek Karniko pasabidea itxita dauka urte hasieratik, eta palestinarrak premiazko gaiak eskuratu ezinean daude, egoera larrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu