AEBetako errepublikanoen lehian Ohion jarri dute hautagaiek arreta guztia. Bertan irabazita, hautagaitza erabakita utzi nahi du Mitt Romneyk. Rick Santorumek, berriz, lehia luzatzeko itxaropena dauka Ohioko 66 ordezkariak eskuratuta. Inkestetan, baina, berdinduta daude bi hautagaiak. «Ohiok esana nazioak errepikatzen du». Mitin guztietan errepikatu dute maxima politiko hori bi hautagaiek, euren alde bete dadin hautesleei botoa eskatuz. Beste bederatzi estatutan ere bozketak egingo dituzte gaur, astearte handian, eta 437 ordezkari banatuko dituzte guztira.
Datorren urteko azaroko presidentetzarako bozetan Barack Obama egungo presidentearen aurka lehiatzeko Alderdi Errepublikanoaren hautagai izateko 1.144 ordezkari lortu behar dituzte. Lehiaren buruan, Romneyk 180 ditu, eta Santorumek, berriz,90, The New York Times egunkariaren zenbaketaren arabera. Horiez gain, Newt Gingrichek eta Ron Paulek ere lehian jarraitzen dute, 29 ordezkarirekin Gingrichek eta 23rekin Paulek. Dena den, analista politikoek diote horiek irabazteko aukera oso txikia dutela.
Duela astebete, Santorumek zazpi punturen aldea ateratzen zion Romneyri Ohion. Massachusettseko gobernadore ohiak, ordea, kanpaina gogortu du, eta dirutza gastatu du publizitatean—3,5 milioi dolar Ohion bakarrik—. Inbertsioak emaitzak eman ditu, zazpi egunetan tartea jan baitio Santorumi inkestetan berdinketa lortu arte. Azken horrek ere makineria guztia martxan jarri du, eta 924.000 dolar gastatu ditu publizitatea erosteko. Astearte handiari begira, hain justu, hamar milioi dolarreko gastua egin dute hautagai guztiek.
Ekonomian oinarritu du bere diskurtsoa Romneyk. «Kanpainari begiratu eta gauza mordoaz hitz egiten ari den jendea ikusten dut, baina Barack Obamari garaitzeko lan onak lortzeko aukerez hitz egin behar dugu. Eta horixe egiten dut nik». Obamaren kudeaketa ekonomikoa gogor kritikatu du mitinetan, baita aurkariak ere. Horrez gain, mezu abertzalea indartu du, kontserbadorea denik inork zalantzan jar ez dezan. Izan ere, aurkariek nahikoa kontserbadorea ez izatea leporatzen diote. «Amerika indartsua, armatua behar dugu. Ez soilik gerrak irabazteko, baita eraso egin nahi digutenak beldurtzeko ere». Hautagai saihetsezin izendatu dute komunikabideetan, baina Romneyk ez du lortzen bere hautagaitza sendotzeko nahikoa babes.
Santorumek, bestalde, ez du etsi, eta gaur ezustekoa eman dezakeela uste du. «Ondo ari gara. Estatu guztietan lehenak edo bigarrenak gara, eta horrek esan nahi du astearte handia ona izango dela guretzat».
Georgian, ordezkari gehien
Georgian banatuko dute, gaur, ordezkari gehien: 76. Inkesta guztien arabera, Gingrichek eskuratuko ditu horiek; izan ere, estatu horren ordezkaria izan zen kongresuan, 1979. eta 1999. urteen artean. Santorumek, berriz, hegoaldeko estatuetan irabaztea espero da: Tennesseen eta Oklahoman. Romneyk, berriz, Massachusettsen eta Virginian garaipena kasik bermatuta dauka. Vermonteko hamazazpi ordezkariak ere Romneyk eramatea espero da. Estatu horietako primarioez gain, Alaskan, Ipar Dakotan eta Idahon ere caucus-ak egingo dituzte gaur. Azken horien inguruko inkestarik ez dute argitaratu, baina.
Lehia, alderdiaren kalterako
Presidentetzarako errepublikanoen hautagai bilakatzeko lehia urteetako gogorrena izaten ari da, eta horrek alderdiari kalte egiten diola kritikatu dute hainbat alderdikidek. Presidente izateko batari nahiz besteari falta zaizkion ezaugarriak errepikatzen dituzte mitinetan, eta horrek hautagai guztiek ospea galtzea eragin duela salatu dute.
Irabazten duenak irabazten duela ere, ez dirudi azaroko bozetan Obamari aurre egiteko gai izango denik, uneotan presidenteak kargua berriz hartzeko aukera guztiak eskuan dituela baitiote inkesta guztiek. Gaur, hain zuzen, Obamak hitzaldia emango du prentsaren aurrean, 2012ko lehena. Errepublikanoen lehian egunik garrantzitsuena aukeratu izana ez da kasualitatea, oposizioari itzala egingo baitio presidentearen agerraldiak. Errepublikanoak elkarri mokoka dabiltzan bitartean, indarra hartzeko baliatuko du presidenteak hitzaldia. Abuztuan Alderdi Errepublikanoaren batzarrean izendatuko dute Obamari aurre egingo dion hautagaia ofizialki.
Ohion dute Santorumek eta Romneyk lehiarik estuena AEBetako astearte handian
Hautagaia aukeratzeko, hamar estatutan egingo dituzte bozak errepublikanoek; 437 ordezkari daude jokoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu