Ohorearen hiltzaile instituzionalak

'Jap panchayat' edo tokiko kontseiluak legez kanpokotzat jo ditu Indiako Auzitegi Gorenak; 'ohorearen kontrako krimenak' bideratzen dituzten erakunde boteretsuak dira, eta pisu handia dute politikan eta ekonomian.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Kastak, azalaren koloreak, bizitzaren arlo guztiak baldintzatzen ditu Indian, eta hori da tresna egokiena herritar talde batek beste baten eskubideak zanpatzeko, antzinako ohituretan babestuta; zenbat eta beltzago, orduan eta babesgabeago. Kasten mundu horretan erabat errotutako praktika gaurkotua da ohorearen kontrako kriminalei jazartzea eta hiltzea tokian tokiko kontseiluen bitartez, eta biktima gehienak azal iluneko emakume behartsuakizaten dira, eta haien bikotekideak. Ordea, legediaren eta justiziaren ikuspuntutik «onartezina» dela-eta erabaki du Auzitegi Gorenak ohorearen epaileak zigortzea. Praktikan egiten zaila, boterearen babesean aritzen direlako.

Jap panchayat edo tokiko kontseiluak legez kanpokotzat jotzea erabaki du auzitegiak. Gizon baten eta emakume baten ezkontzak arbasoen arauak apurtzen dituela erabakitzen dute epaitegi modura jokatzen duten erakunde horiek, eta eurek erabakitzen dute nork ezkondu behar duen norekin; bestela, hiltzeko arriskua dago beti. Auzitegiak hilketa «lotsagarriak eta basatiak» direla erabaki du, eta, beraz, estatuetako gobernuek polizien eta kontseiluon jarduera eragozten ez duten gainerako arduradunen kontra ekinbideak bideratu behar dituztela esan du, hiltzaileak zigortzeaz gain.

Jap panchayat-etako ordezkariek faltsutu egiten dituzte epaiketak, epaituek ez dute defendatzeko eskubiderik, eta azkenaldian kide horiek modu «instituzionalean» beste sarraski batzuk egitera bultzatzen dituzte herritarrak: «Eurena ez den kasta edo erlijioetako emakume eta gizonak hiltzeko erabiltzen dute boterea», Markandey Katju Goreneko epaileak azaldutakoaren arabera. «Demokraziaren eta berdintasunaren garaia da. Hori da gure Konstituzioaren arima».

Baina ohorezko krimenak deritzotenen maiztasuna beldurgarria izanda ere, Auzitegi Gorenaren erabakia baino zerbait gehiago beharko da horiek amaitzeko, estatuetako buruzagi eta politikari askok ez baitituzte babestu nahi izan hilketa horien kontra egiten diren kanpainak. Kasta boteretsuegiak osatzen dituzte erasotzaileek, eta emakume behartsuegiak dira biktimak, ezer aldatzea lortzeko. Jap panchayat-en agintaritza zalantzan jartzen ez den herrietan, Poliziak ez ikusi egiten du exekuzio publikoen eta lapidazioen inguruan.

Hainbat kasu

Bi kastatako pertsonak ezkontzea erabakitzea izaten da pertsonen ohorea epaitzeko eta kondenatzeko arrazoi nagusietako bat, baina ez bakarra: bikotekidearekin banatutakoak, ezkonkidearekin ez den beste norbaitekin harreman sexualak izaten dituztenak edo haurdun geratu direnak, eta bortxaketaren biktimak ere eragile boteretsuen zaintzapean daude.

Human Rights Watch erakundeak salatu duenez, 2010. urtean praktika horiek gehitu egin dira, eta kasu izugarrienen zerrenda egin dute: besteak beste, azaldu dute hainbat neska eta emakume ingurukoek bortxatzen dituztela, eta gero hiltzea erabaki, bortxaketa ohorearen kontrako krimena delako. Familiak babesten ditu askotan delituok.

Ohorearen izenean hiltzen eta torturatzen dutenei buruzko datu ofizialik ez dago jakiterik, baina kasu gutxi salatzen dituzte epaitegietan, eta eskuekin konta daitezke kondenak. Nazio Batuen Erakundea saiatu izan da kasten araberako diskriminazioa giza eskubideen abusu gisa sailkatzen, baina Indiak uko egin dio, esanez arraza eta kasta ez direla gauza bera.

Baina jaiotzak baldintzatutakosistemak, herritar batzuei hezkuntza, osasuna eta lana oztopatzeko balio du, eta gaur egungo Indiaren garapen ekonomikoan ere eragina izaten ari da, ez baitago dirudun bakar bat kasta baxukoa, eta ikusezinen kastakoak oraindik ere behartsuago bilakatu ditu. Sekulako indarra eta abiadura hartzen ari diren sektoreetan, zerbitzuen eta industria alorretan batez ere ezinbestekoa da aintzat hartzea kasten garrantzia, Katherine Newman Princetongo Unibertsitateko soziologoak egin duen ikerketak erakusten duenez. Kasta apaleko abizena edukitzeagatik bakarrik, modu esanguratsuan gutxitzen da lan elkarrizketa bat izateko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.