Espainiako monarkiari buruz galdetzeari 2011ko urrian utzi zion CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak, dirudienez, gaiak galdetzeko adina interesik ez duelako. Behinola Espainiako instituzioen artean balorazio hoberena izan zuen errege etxeak 10etik 4,8ko balorazioa izan zuen, azken barometro hartan, hots, gutxi bat.
Une honetan agerikoa da CISek berriz erregeaz galdetuko balu nekez lortuko lukeela koroak nota hobea; ziurrenez, nota gutxiegi batetik hurbilago legoke, nahiko batetik baino. CISek ez, Metroscopiak egin du galdera erregeari buruz El País-entzat, Espainiako instituzioei buruzko inkesta batean. Abenduan, 21ekoa zen erregeak bere egitekoak betetzeko modua hobesten dutenen eta ez dutenen arteko aldea; oraingoan, -11koa izan da. Eskandaluz eskandalu, monarkiaren irudia gain behera joan da azken bi urteetan. Baina inor gutxik esperoko zuen erorketak hartu duen neurria, erregimena bera aldatzeari buruzko eztabaida pizteraino ailegatu baita. "Iritsi al da Espainiarentzat monarkia desegiteko garaia?", galdetu zuen Der Spiegel Alemaniako kazetak joan den astean. Zalantza ez da hitzez hitz argi agertu oraindik Espainiako hedabideetako tituluetan, baina galdera, duela bi urte hainbati sinestezina gertatuko zitzaiona, Espainiako errege etxearen oinarriak pitzatzen ari da.
Noiz hasi zen gainbehera hau? Ordura arte errege familiaren trapu zikinak ezkutatu eta koroari distira ematen zioten hedabideak errealitatea kontatzera behartuta aurkitu zirenean. Nola ez jaso erregearen suhiaren auzipetzea? Nola ez eman informaziorik Botswanako istripuaz? Urdangarin auzia gutxi edo gehiago kontrolatuta zuen koroak, eta bai, bilobak bere oina tirokatzeak ez zion errege familiaren irudiari mesederik egiten, baina, gutxi asko, eramangarriak ziren halakoak, ordura arte egindako beste hainbat jokaera bezala, betiere hedabideen laguntzarekin.
Baina krisi ekonomikoak gogor jotako herritarrentzat gehiegizkoa izan zen gazte langabeen egoerak loa kentzen ziola zioen erregea aste gutxitara Botswanan elefanteak ehizatzen zebilela jakitea. Bere irudiak nozitu zuen kolpeaz erregea bera ere jabetu zen, publikoki barkamena eskatzeraino.
Duela urtebete gertatu zen hori. Ordura arte, Francoren oinordekotza hartu eta Espainiako errege bihurtu zen Juan Carlos Borboikoak bere erregetza guztian izan zuen hedabideen babesa. Ez zuen konturik eman behar izaten bere diruez, bere harremanez edota bere luxuzko bizitzaz. Trantsizioaren eta demokraziaren sinboloa zen, O-23ko gertakarietako heroia. Horrekin dena barkatzen zitzaion.
Hala, adibidez, oihartzun eskasarekin pasa ziren ezkutuan omen zituen diruen inguruko informazioak, jokabide narratseko enpresaburuekin zituen harreman estuak, edota ustez ezeren truke jasotzen zituen opariak. Orain, zernahi egiteko baimen horrenak egin du. Distirarazi beharrean, hedabideetan gero eta gehiago lokazten ari da errege etxea, batez ere Urdangarin auziaren ondorioz. Zenbateraino ez ote zuten hedabideen aldamioek eusten monarkia Espainian?
Egia da krisi ekonomiko larriak krisi politiko larria ere ekarri duela herrialdera, erakunde nagusien legitimazioari serioski kalte eginez. Juan Carlos Borboikoaren irudia gain behera zihoan artean, urtarrilean Herbehereetako erregina Beatrixek abdikatu egin zuen bere semearen alde. Zarzuelara begira jarri ziren asko, abdikazioa errege etxearen irudia salbatzeko modu eraginkorrena izan zitekeela iradokiz.The Economist aldizkariak ere galdera zuzenean egin du: "Abdikatu egin behar al du Espainiako erregeak?". Felipe printzeak, neurri batean, lortu du erregea lokaztu duten eskandaluekin horrenbeste ez zipriztintzea. Baina ikusi beharko litzateke egoera honetan aitak dituen juancarlista adina felipistarik izango lukeen semeak.
Alderdi politiko nagusietako buruek, berriz, gutxi asko erregea babesten jarraitzen dute, PSOEko idazkari nagusi Alfredo Perez Rubalcabak errege etxeari buruzko "indefinizio batzuk" argitzeko Konstituzioan aldaketak egiteko aukera aipatu arren.
Baina urrunago joan eta monarkia eraistea eskatzen duten ahotsak gero eta ozenagoak dira. Eta ez dira apalduko, adibidez, Cristina Borboikoa epaile aurrera deitzen badute. Prozesu konstituziogilea, bigarren trantsizioa, gero eta gehiago aipatzen dira, errepublikaren doinupean. Bada, ordea, horretarako aukerarik? Batzuen ustez, espainiarrek monarkia bazter uzteko baldintzak egon badaude une honetan. Hala esan du, adibidez, zuzenbidean katedradun Javier Perez Royok aste honetan, prozesu konstituziogile bati buruz. Iritziak iritzi, gauza bat argi dago une honetan: Zirrikituak tapatu ezinik dabiltzala, aldaketa haizea errege etxeko sukalderaino sartu da.