Martxoaren 29rako dago ezarria Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzeko data, eta irteera horretarako baldintzak adostu dituzte bi aldeetako negoziatzaileek Bruselan, BBCk eta beste hainbat hedabidek jakinarazi duenez. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak gobernu bilerara deitu ditu biharko bere ministroak, antza, akordio hori aurkezteko —ministro horietako batzuk kritiko agertu izan dira Mayk negoziazioetan izandako jarrerarekin—. "Hurrengo pausoak" zein izan behar diren ere eztabaidatuko dute. Erresuma Batuko hedabideen arabera, gaur gauean banaka bilduko da May bere ministroekin. Haiek zirriborroa onartuz gero, parlamentuan onartu beharko lukete akordioa.
Ezer gutxi argitu da oraingoz akordioaren mamiari buruz. Erresuma Batuko hedabideen arabera, aduana batasunean jarraituko luke Erresuma Batuak, behin-behinean, 2021 arte —orduan gauzatuko da behin betiko brexit-a, eta trantsizio epe bat egongo da bien bitartean—. Ipar Irlandak, berriz, baldintza bereziak izango lituzke.
Ipar Irlandari dagokionez, Irlandako RTE kate publikoakesan du herrialde horretako mugari buruzko testu adostu bat lortu dutela Erresuma Batuko eta EBko negoziatzaileek. Hedabide haren arabera, Ipar Irlandan "muga gogor" bat ezartzea saihestuko lukete horrela; hau da, hesi fisikorik ez jartzeko bermeak lituzkete adostuak bi aldeek.
Besteak beste, muga hori izan da adostasuna lortzeko zailtasunak izan dituzten gaietako bat. EBtik ateratzeko erabakia hartu zutenetik, negoziazio gogorrak izan ditu Mayren gobernuak Bruselarekin. Orain dela hilabete eskas, denbora gehiago eman zion EBk Londresi akordio bat negoziatzeko.