Istorioak. Istorio lazgarri eta hunkigarriak, oinaze zahar eta beti berrituaren inguruko kontakizunak. Hamar urtez desagerturik egondako lagunen istorioak, torturatutako emakume haurdunenak, gurasoak desagerrarazi dizkietela esatera ausartzen ez diren umeenak. Marokoko estatuak Mendebaldeko Saharan egindako desmasien atzean istorio ugari daude, krudelkeria noraino irits daitekeen argiro erakusten dutenak, baina, aldi berean eta horren ifrentzu gisa, sahararren giza duintasunaren neurria ere ematen dutenak.Horrelako istorioak ez zaizkio arrotz Carlos Martin Beristaini (Bilbo, 1959). Mediku eta psikologian doktore izateaz gain, eskarmentu handia bildu du giza eskubideen aldeko lanean, batez ere Latinoamerikako beste zenbait herrialdetan. Mendebaldeko Saharan ere aritu da, eta lan horren emaitza izan zen El oasis de la memoria izeneko txostena (Memoriaren oasia), herrialde hartan azken berrogei urtean izandako giza eskubideen urraketen berri ematen duena, datu asko eta zehaztasun handiarekin.
Baina, maiz, datu hutsak motz gelditzen dira horrorea bere luze-zabalean azaldu ahal izateko. Horregatik, liburu bat plazaratu du duela gutxi, Memorias nómadas. Dolor y resistencia en el Sahara Occidental (Memoria nomadak. Oinazea eta erresistentzia Mendebaldeko Saharan), aurreko txostenean jasotako urraketa horietako zenbait kontatzeko, jazarpena pairatu dutenen ahoetatik kontatu ere.
Beste hizkuntza bat
Testigantza ugari jaso zituen Beristainek Marokok egindako giza eskubideen urraketen inguruan bere txostenerako materiala biltzen ibili zenean. Baina laster ikusi zuen giza eskubideei buruzko txostenen hizkuntzak ez zuela balio istorio horiek kontatzeko. Beste hizkuntza bat behar zuen horretarako.
Hizkuntza hori hitzez eta irudiz osatuta dago. Alonso Gil eta Federico Guzman irudigileak aurrean egon ziren Beristainek zenbait lekukotasun biltzen zituen bitartean, eta haiek ere entzun zituzten sahararren istorioak: "Elkarrizketa bat sortu zen hiruron artean", azaldu du Beristainek, "jendeak kontatutako esperientziei buruz, esperientzia horiek nola kontatu eta abar. Horren emaitza da liburua". Izan ere, Memorias nómadas-ek, sahararren testigantzak oinarri hartuta, Beristainek idatzitako testu laburrak ez ezik, Gilek eta Guzmanek egindako irudiak ere biltzen ditu, horietako batzuk testigantzak entzuten zituzten bitartean marraztutakoak.
"Ez genuen jendeak jasandakoaren azalean gelditu nahi", gaineratu du Beristainek. "Istorio horietan badaude xehetasun batzuk, eskutik hartzen gaituztenak eta gerturatzen laguntzen digutenak. Xehetasun horiek kontatu nahi genituen, eta, horretarako, txostenen hizkerak ez zigun balio".
Istorio asko bildu ditu Beristainek, mota guztietakoak, eta zail egiten zaio bakar batzuk aukeratzea: "Denek hunkitu naute", esan du. "Emakumeen istorioek zirrara berezia eragin didate, horietako askok lehenengo aldiz kontatu baitzuten gertatu zitzaiena".
Salka da emakume horietako bat. Erditzear zegoen 1980an atxilotu zutenean. Torturatu egin zuten, eta erdiminak agertu zirenean ospitalera eraman zuten. Poliziek inguratuta, alaba batez erditu zen, baina umea kendu zioten, eta atxilotze gunera eraman zuten berriro. "Haurra senitartekoei eman zieten. Baina senitartekoek ez zuten jakin Salkarekin zer gertatu zen, eta Salkak ere ez zuen jakin zer gertatu zen alabarekin. Erotu egin zen".
Hainbat urte eman zuen desagerturik zenbait espetxe ezkututan, baina apurka-apurka osatu zen izandako krisi psikotikotik. Batez ere, gainerako emakumeen babesari esker: "Harekin hitz egin nuenean, esan zidan emakumeek isiltasunean bizi izan dutela beren drama eta drama hori kontatzea dela lagun diezaiekeen bakarra", azaldu du Beristainek.
Baina istorioak gutxien espero diren lekuan ere sortzen dira. Abdalahi izeneko itzultzaile baten laguntzaz testigantza ugari bilduta zituztenean, norbaitek esan zion Beristaini itzultzailea ere preso egondakoa zela eta bazuela zer kontatu. Eta hala zen: Abdalahi hamaika urtez egon zen Marokoko atxilotze guneetan, eta, hainbat hilabetez ia ezer jan barik egon ostean, gosez hiltzear egon zen.
Erdi hilik zegoela atera zuten patiora. Zaindarietako batek proposatu zuen hantxe bertan hiltzea: hain gaizki zegoenez, argi zegoen ez zuela asko iraungo eta, gauez hiltzekotan, zaindariei egokituko zitzaien ohetik altxatu eta lur ematea. "Hobe da lana aurreratzea eta orain lurperatzea", esan zuen zaindariak. Baina sarjentu batek ezetz esan zuen: presoa ziegara bueltatzeko, bera arduratuko zela lurperatzeaz hilez gero. Hurrengo egunean, erizain batekin agertu zen sarjentua, eta bitaminak eta bestelako injekzioak emanda bizia salbatu zioten.
"Gero, sarjentuak esan zion Abdalahiri bizia salbatzea erabaki zuela une batean, aurpegira begiratu zionean, bere semearen antza hartu ziolako. Kontraesan horrek hunkitu ninduen, pertsona bat biziko ote den edo hilko ote den erabakitzen duen absurduak, zentzugabekeriak, eta, batez ere, torturatzailearengan ere ager daitekeen gizatasun arrastoak", adierazi du Beristainek.
Historia berreginez
Istorio pertsonalak dira liburuan jasotzen direnak; norberari gertatutakoak kontatzen dituzte Beristainekin mintzo direnek. Baina, era berean, istorio kolektibo baten parte dira istoriook, mosaiko handiago baten zati. Testigantza horien bidez berrosa daiteke Mendebaldeko Sahararen azken berrogei urteotako historia: Marokoko indar armatuen okupazioa, sahararren ihesaldi masiboa, herritarren kontrako bonbardatzeak, hesien eraikitzea, 1980ko hamarkadako errepresioa, hurrengo urteetako atxiloketa eta torturak, 2005eko matxinadak, Gdeim Izik-eko kanpamenduaren eraispena 2010ean eta abar.
Azken horren garrantzia nabarmentzen du Beristainek: "Ekintza baten eta horren kontrako errepresioaren ikuspegitik konta daiteke istorio hori, baina niri askoz interesgarria iruditzen zait beraiek nola kontatzen duten Gdeim Izikeko esperientzia, gatazkaren erdian garatutako auto-antolakuntza eta burujabetasun ariketa bat izan baitzen. Jendea basamortura joan zen, Aaiunetik hamabost kilometrora, protesta egitera. Ez zuten protestaldia kale artean egin nahi izan, bazekitelako hori eginez gero errepresioa erraz etorriko zela. Orduan, desertura jo zuten. Baina, protesta egiteaz gain, askatasun gune bat sortu zuten han. Askok esan zidaten han zoriontsu sentitu zirela. 20.000 lagun bildu ziren, eta, nolabait, nahi duten gizartearen lagin bat izan zen hura. Geroko basakeria gorabehera, horrela gogoratzen dute esperientzia hura sahararrek".
Istorioak kontatu behar dituztenentzat ez da erraza suertatzen: "Hasteko, atzean utzi nahi duzun minari aurrez aurre begiratzea da", azaldu du Beristainek. "Horretaz hitz egiteak oinazea, sufrimendua eta lotsa ekartzen ditu berriro ere". Liburuan badago horren inguruko pasarte esanguratsu bat: Chej uzkur dago eta ez du jasandakoa kontatu nahi, ez behintzat ama aurrean duela, horrek lotsatzen duelako. Amak ematen dio adore: "Nik ere kontatu dut nola biluztu ninduten. Hitz egin, seme, on egingo dizu". "Kontatzeak kontatzen duenarentzat du zentzua, batez ere", dio Beristainek. "Sahararrek kontu asko gorde izan dituzte kolkoan, eta horiek kontatzea minari, esanahirik ez duen zerbaiti, esanahi bat emateko modua ere bada".
Kontatu behar duenari ez ezik, entzun behar duenari ere aldarte berezia eskatzen dio egiari aurre egin behar izateak: "Beharrezkoa da konfiantzazko gune bat sortzea, jendea epaitua senti ez dadin. Eta kasu bakoitzaren aurrean agertu behar da egoera berri baten aurrean gaudela argi edukita. Ez du balio pentsatzeak beste gatazka batzuetan egon zarela, antzeko lekukotasunak entzun dituzula eta dagoeneko badakizula zer entzungo duzun. Kasu bakoitza bakana da, eta lehenengo aldiaren freskotasunarekin egin behar zaio aurre".
Torturak, nola ez, leku garrantzitsua hartzen du sahararren kontakizunetan: "Torturaren helburua ez da informazioa lortzea, edo, behintzat, hori ez da helburu bakarra. Benetako helburua pertsona suntsitzea da, eta horretaz badago liburuan adibide bat baino gehiago. Biktimak hori ulertu behar du".
Liburuan, Beristainek galdetzen dio bere buruari zertan desberdintzen diren Mendebaldeko Saharan bildutako testigantzak eta antzeko gatazkak pairatu dituzten beste zenbait herrialdetan jasotakoak. Aurkitu al du galdera horretarako erantzuna? "Tortura antzekoa da leku guztietan", esan du. "Eta, hala ere, kasu bakoitza desberdina da. Sahararen kasuak baditu berezitasun batzuk, esaterako, mehatxuaren hedatzea: maiz, saharar izate hutsak edo okupazioaren kontra egoteak etsai bilakatzen ditu herritarrak Marokoko gobernuaren aurrean".
Saharako kasuaren beste berezitasunetako bat da atxilotzeko gune ezkutuena. Erregimen askok erabili dituzte horrelakoak, eta Hego Ameriketako zenbait herrialdetan egon da legez kanpo atxiloturik eta desagerturik urtebetez edo urte eta erdiz egondako jendea, "baina hamar edo hamabost urte ematea desagerturik gune ezkutu horietako batean, kanpokoekin inolako harremanik izan gabe eta senitartekoek presoarekin zer gertatu den ere jakin gabe, nik uste dut ez dela munduko beste inongo lekutan gertatu".
Sahara "pazientziaren herria" dela idatzi du Beristainek liburuan. Baina pazientzia ere agortu egiten da, batez ere, Marokoko estatuaren intrantsigentziak eta nazioartearen pasibitateak utzi dutenean arazoa ustel zedin. Zein irtenbide gelditzen zaio saharar herriari? "Nik uste dut gatazka batean herri oso bat desesperaziora eramatea oso estrategia txarra dela, egoerak hainbat lekutatik gainezka egin baitezake. Esaterako, Gdeim Izikeko esperientzia indarrez zanpatu zutenean, gazte batzuek indarkeriaz erantzun zuten. Bat-bateko amorruaren ondorio izan zen, baina hautu estrategiko ere bilaka daiteke".
"Belaunaldi berriak etsita egotea ulergarria bada ere, nik pertsonalki pentsatzen dut gakoa beti dela giza eskubideen bidean sakontzea, eta uste dut saharar erakundeek berdin pentsatzen dutela", gaineratu du Beristainek.