Txileko estatu kolpea

Oinazearen lekuko

Pinocheten diktaduraren jazarraldia pairatu eta bizirik atera zirenak zain daude, justizia inoiz egingo ote den; ez daude jasandakoa ahanzteko prest.

2013ko irailaren 8a
12:42
Entzun

Berrogei urte igaro dira, baina zauriek orbaindu gabe diraute. Gertatutakoa latzegia izan zelako. Denboran gehiegi luzatu zelako. Metaturiko oinazea larregizkoa izan zelako. Eta, batez ere, Txileko diktadurak irekitako zauriak sendatu ahal izateko beharrezkoa litzatekeelako justizia egitea, eta, urratsak egin badira ere, Txilen oraindik justizia egitetik urrun daudelako. Hala uste dute behintzat militarren errepresioa zuzenean pairatu zutenek.

Horietako bat da Lelia Perez (Santiago, Txile, 1957). Hamasei urteko gaztetxoa baino ez zen kolpea gertatu zenean, baina horren lekuko zuzena izatea egokitu zitzaion: "Eskolan nengoela, leihotik lagun batzuk ikusi nituen, keinuak egiten zizkidatela. Zerbait gertatzen ari zen. Eskolatik atera eta irratia entzuten hasi ginen. Ikasleen batzarra antolatu genuen, baina ezin genuen gauza handirik erabaki oso informazio urria iristen zitzaigulako. Ikastetxeko goiko aldera igo ginen, eta, handik, Moneda jauregiko bonbardatzea ikusi genuen. Abioiak eta kea ikusten genuen, baina ez genekien oso ondo zer pasatzen ari zen, ezta horren garrantzia ere".

Gaztea izanagatik, MIR Ezker Iraultzailearen Mugimenduko kidea zen Perez garai hartan. Beste kide batzuekin batera, irakasleentzako eskola batera joan zen, kaleak hartuak zituzten militarrak saihestuz: "Soldaduak oso gazteak ziren, eta apur bat absurdoa zen, ustez etxera joatera derrigortuta geundelako, baina etxera joaten saiatzen bazinen, militarrek ez zizuten pasatzen uzten". Eskola horretan eman zuten gaua, hurrengo egunean erresistentzia antolatzen hasteko norbaitekin lehenengo kontaktua egingo zutelakoan.

Allende hilik

Ez zieten horretarako aukerarik eman. Goizean, eraikina inguratu zuten, eta poliziek, barrura sartu, eta guztiak kanporatu zituzten. Kalean eduki zituzten, ahuspez etzanda eta eskuak buruan, eta horrela zeudela jakin zuten, polizien ahotik, Allende presidenteak bere buruaz beste egin zuela.

Unibertsitate Teknikora eraman zituzten, eta han egoera aldatu egin zen. Polizien ordez, militarrek hartu zuten atxilotuen ardura, eta lehenengo torturak hasi ziren: "Fusilatzeak antzezten zituzten. Hiru zenbatutakoan gure burua lurrera botatzeko agintzen ziguten, eta orduan tiro egiten zuten. Gu sinetsita geunden hil behar gintuztela".

Geroago, Txileko Estadiora eraman zituzten. "Gu erabat lekuz kanpo geunden. Bigarren hezkuntzako ikasleak ginen, oso gazteak, eta ikastetxeko uniformea ere janzten genuen. Hortaz, itaunketek ez zuten ez buru ezta hankarik ere: ezagutzen ez genituen edo, gehienez ere, telebistan ikusita ezagutzen genituen buruzagien inguruan galdetzen ziguten. Horregatik gure itaunketa, informazioa lortzeko baino gehiago, militar gazteei horren teknikak irakasteko baliatu zuten", adierazi du.

Atxiloketa hark egun gutxi batzuk baino ez zuen iraun. Hurrengoan, baina, ez zuen hainbesteko zorterik izango. 1975eko urriaren 24an bigarren aldiz atzeman zuten Lelia Perez, eta, orduko hartan, bi hilabete eta erdi eman zuen tortura esparru batean, Tres Alamos izenekoan. Ordurako, errepresioaren xede eta moldeak aldatuak ziren: "Lehenengo momentuan, helburua zen legezko instituzioak eraistea: Gobernua, udalak, osasun sistema eta irakaskuntza zuzendaritzak eta abar, herri erakundeekin batera. Bigarren fasean, berriz, xedea zen erresistentzia desegitea, alderdi politikoak batez ere".

Horretarako, Perezen ustez, Pinocheten gobernuak plangintza zehatz bati jarraitu zion: "Hildakoen argazkiak biltzen dituzten panelei erreparatzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. 1974tik 1975era MIReko militanteak daude; 1975eko amaieran, Alderdi Sozialistakoak, eta 1976an, Alderdi Komunistakoak. Ez da kasualitatea".

Isilpeko esparru haien ezaugarri nagusia zen, Perezen hitzetan, han "erabaki nagusia" hartzen zela: "Hilko zara, edo biziko zara". Hego Amerikako beste diktadura batzuetako tortura esparruetan ez bezala, Txilekoetan asko izan ziren bizirik irten zirenak. Perezek badu azalpen bat horretarako: "Diktadurak atxilotuen gorputza erabiltzen du. Atxilotua hilko dela erabakitzen bada, gerta daiteke atxilotuak tirokatu eta gorpuak beste nonbait uztea, borrokaldi batean hil izan balira bezala. Hala egin zuten gure esparruan atxilotu batzuekin, ni lekuko nintzela. Horrekin mezu bat eman nahi dute: hiltzen zaituztegu, zuek garaitzen ari garelako. Gerta daiteke gorpua desagerrarazi egingo dutela erabakitzea. Horrekin ere mezu argi bat ematen dute".

Perezen ustez, torturatuen gorputzak ere "mezu eta ikur" bilakatzen dira torturatzaileen eskuetan: "Tortura ukatzen dute, baina, aldi berean, erakutsi nahi dute zer egiteko prest dauden. Eta torturatuon gorputzak dira frogarik behinena. Horregatik, Txileko esparruetan tortura izan zen tresna nagusia, Argentinakoetan hilketa eta desagertzea izan ziren bezala".

Perez kartzelan egon zen 1976ko irailean askatu zuten arte. Erbestera jo zuen, eta 1986an itzuli zen Txilera. Egun, Villa Grimaldiko zuzendaritza batzordeko kidea da. Diktaduraren garaian, atxilotze eta tortura gunea izan zen Villa Grimaldi, orain oroimenerako toki bilakatua. Argi du oraindik ez dela justiziarik egin, batez ere torturatuen kasuan, bere ustez «bigarren mailako biktima» izaten jarraitzen dutelako: "Hamazazpi urtez esan dute tortura gehiegikeria izan zela, ez estatuaren politika. Baina datuek kontrakoa erakusten dute. Oso berandu hasi dira torturatuen auziak ikertzen, eta murrizketa askorekin. Esaterako, [Ricardo] Lagos presidenteak erabaki zuen torturaren testigantzak 50 urtez sekretupean egongo direla. Hitz egiten uzten digute, baldin eta esaten duguna ateratzen ez bada".

«Faxismoa»

Carlos Reyes Manzo (San Antonio, Txile, 1944) argazkilaria eta poeta da. Aitortzen duenez, "ezustean" harrapatu zuen kolpeak: "Horrelako zerbait zetorrela bagenekien, baina zer izango zen ez genekien, eta, batez ere, hain krudel eta bortizki jokatuko zutenik ez genuen espero. Eztabaida handia egon da, Txilekoa Latinoamerikan hain ohikoak izan diren diktadura horietako bat izan ote den edo, aldiz, Europako erregimen nazi eta faxisten ezaugarriekin bat ote datorren. Nik ez dut dudarik, eta uste dut Txilekoa erregimen faxista izan zela".

Reyesek gogoratzen du egun hartan etxetik atera zela eta Alderdi Sozialistaren egoitzara joan zela: "Bidean hildakoak ikusi nituen, gorpu pila. Militarren basakeria lehenengo momentutik agertu zen". Gauzak nola zeuden ikusita, klandestinitatera pasatzea erabaki zuen: "Sasian nengoela atxilotu ninduten, eta pare bat hilabete eman nuen zenbait tortura gune eta kontzentrazio esparrutan. Oso gogorra izan zen; ni bizirik atera nintzen, baina beste asko hil ziren, edo desagertu ziren".

Gogorra izan zen, bai, baina, Reyesen ustez, «gogorrena izan zen ikustea torturatzaileekin batera mediku, erizain, apaiz eta bestelako zibilak, goi mailakoak horietako asko, han zeudela, torturatzaileekin kolaboratzen. Saiatzen ziren torturatuek ahalik eta gehien bizirik irautea, horrela informazio gehiago atera ahal izateko».

Bi urtez kartzelan egon ondoren, askatasuna iritsi zitzaion: «Garai hartan, herrialde askok boikota egiten zien Txileko produktuei, kobreari esaterako. Panamak akordioa sinatu zuen Txilerekin kobrea merkaturatzeko, baina, trukean, desagertzeko arriskuan zeuden ehun preso askatzeko eskatu zuen. Ni izan nintzen horietako bat, herrialdetik bota ninduten, eta Panamara egotzi, Txilera inoiz ez itzultzeko baldintzarekin».

Baina, orduan, errepresioaren beste atal bat ezagutu behar izan zuen Reyesek: gerra zikinarena. Txile, Argentina, Uruguai, Brasil eta Hego Ameriketako beste zenbait diktadurak, CIAk koordinatuta, Kondor operazioa izenekoa jarri zuten abian, disidenteen kontrako jazarraldiak bateratu eta errepresioa herrialde horietako mugetatik harago eramateko.

Horren biktima izan zen Reyes: «"1979an Panamako bi polizia eta Txileko beste bi nire etxera etorri ziren, atxilotu ninduten, eta hegazkin batean sartu ninduten Txilera bidaltzeko. Txileko josulagunek izan zuten nire bahiketaren berri, eta aireportura jo zuten ni babestera. Hortaz, aireportura iritsi ginenean, ez ninduten espetxeratu eta bueltan bidali ninduten berriro Panamara. Baina Panamara heldu ginenean, berriz bahitu ninduten eta saiatu nintzen ni ostera ere Txilera eramaten, oraingoan Londresen geldialdia eginda".

Harrigarriro, Londresen zegoela ihes egitea lortu zuen: "Garai hartan hegazkinetan ez zegoen gaur beste debeku, eta baimenduta zegoen abioian alkohola edatea. Londreserako bidean gindoazela, nire zaintzaileak edaten egon ziren, mozkortu ziren eta Heathrow aireportura iritsi ginenean, konturatu nintzen lo zeudela eta arrapaladan atera nintzen abioitik".

Hala ere, aireportuan babesa aurkitzea ez zitzaion hain erreza suertatu: "Polizia txiletarrek ni entregatzeko eskatu zieten agintari britainiarrei, ni gaizkile arriskutsua nintzela eta. Britainiarrek esan zidaten ez zutela niri babes politikoa emateko ziorik ikusten eta, hortaz, hurrengo egunean polizia txiletarren esku utziko nindutela. Zorionez, hurrengo egunean Amnesty Internationalek nire auziaz interesa agertu zuen, kanpaina bat antolatu zuten eta, horri esker, aireportuan egun batzuk eman ondoren, azkenean Londresen gelditzea lortu nuen". Geroztik, han bizi izan da.

Reyes Manzok ez du uste justizia egin denik Txileren kasuan, "eta trantsizioa nola gertatu zen ikusita, esperantza gutxi daukat horren inguruan. Badago jende asko diktadurarekin harremana izan zuena: Patricio Aylwin Txileko presidente izan zena, ministroak, alkateak eta abar. Diktaduraren ostean boterean egondako askok harremana izan zuten diktadurarekin, batzuk torturatzaileak ere izan ziren, adibidez, Christian Labbe, hamasei urtez Providencia udalerriko alkate izan dena».

Reyesen itxaropena beste bide batetik doa: "Justizia egiteko modu bat baino gehiago dago, eta uste dut orduan gertatu zena agerraraztea eta jendeak egia jakitea justizia egiteko modu bat dela. Txilen gertatutako basakeria ezin da berriro inoiz gertatu, eta, horretarako, beharrezkoa da egia plazaratzea. Egia mundu guztiaren aurrean ateratzen den neurrian esan genezake justizia egin dela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.