«Okupazio armada batean, ezinbestekoa da soldaduek gehiegikeriak egitea»

Shaulek erakunde bat sortu zuen soldadutza amaitzean, gizarteari armadak egiten duenaren berri emateko; aitortu duenez, berak ere ez zion bere buruari ongi edo gaizki egiten ari zen galdetzen.

Jerusalem
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Familia judu ortodoxo batean jaio zen Yehuda Shaul (Jerusalemen, 1982). Maale Mijmas kolonian ikasi zuen, eta bai arreba eta bai lehengusuak kolonoak ditu. Bigarren Intifadaren garaian armadan ibili zen, 2001eko martxotik 2004ko martxora arte, eta soldadutza bukatu zuzenean, Breaking The Silence mugimendua sortu zuen (Isiltasuna Hautsiz): Israelgo gizarteari aditzera eman nahi dio nola jokatzen duten soldaduek lurralde okupatuetan.

Zertan pentsatzen du soldadutza egiten ari den soldadu gazte batek?

Soldaduak ginenean, geure buruari ez genion galdetzen ondo edo gaizki zegoen egiten ari ginen hura. Beti dago norbait zure gainetik, nagusiren bat, egitekoren bat. Zure kidea goizeko seietan ordezkatzen duzunean, zure agendak ez du inportarik: hark zuri lagunduko dizu, eta zuk hari, eta ez duzu gehiago pentsatzen.

Nola eta zergatik sortu zen Breaking The Silence?

Armada utzi eta nire bizimodurako planak egiten hasi nintzenean, zibil baten gisan pentsatzen hasi nintzen, eta ez militar baten gisan. Eta, bat-batean, pentsatzen hasi nintzen nola zuritu nituen egin nituen gauzak, eta ea egiaz zuribiderik bazuten. Sentitzen nuen zerbait gaizki zegoela eta ezin nuela aurrera segitu horri buruzko ezer egin gabe; beraz, gai horretaz hitz egiten hasi nintzen nirekin soldadutzan egondakoekin, eta guretzat harrigarriena hau zen: jendeak, nork bere etxean, ez zekiela ezertxo ere soldaduek zer-nolakoak egiten genituen. Informazioa hortxe dago, baina inork ez du ikusi nahi, seme-alabak armadan dauzkatelako edo interesatzen ez zaielako. Kontua da jende gutxik dakiela zer esan nahi duen soldadua izateak, eta erakusketa bat egin genuen 2004ko ekainean.

Nola erantzun zuen jendeak?

Erakusketa hura oihu halako bat izan zen, zerbait pertsonala, baina albiste iturri nagusia bihurtu zen aste hartan; 7.000 lagunek ikusi zuten, eta Parlamentuan hitz egiteko gonbidatu gintuzten. Harrigarriena zera izan zen, jendea aztoratu egiten zela egunero-egunero egiten genituen gauzen argazkiak ikusita. Beste unitate batzuetako soldadu asko etorri ziren, haiekin identifikatzen zirelako, gauza berberak eginak zituztelako eta gu bezala sentitzen zirelako. Esperientzia nahasgarria izan zen, baina gauza asko erakutsi zigun; esaterako, erakutsi zigun pentsatzen zer esan nahi genuen egiaz harekin guztiarekin, zein zen gure mezua.

Eta zein da mezua?

Guk ez dugu inolako agenda politikorik bultzatzen, eta ez dugu arazorik konpontzen. Guk arazoak sortzen ditugu, ez konpontzen; galderak egiten ditugu, ez erantzunak eman. Eztabaida sortu nahi dugu, eta nahi dugu gizarteak bere gain har dezala gertatzen den horren erantzukizuna, eta hauts dadila ikuspegi militarraren eta ikuspegi zibilaren arteko amildegia. Galdetu nahi dugu: «Zein da gure morala, eta non dago marra gorria?». Eta esan: «Hara bidali gintuzuen, agindua bete genuen, borroka egin genuen, eta orain gauza bat eskatu nahi dizuegu: eseri eta begiratu zer egin dugun zuen izenean».

Nola zabaltzen dituzue ideia horiek?

Orain arte, 730 soldadu elkarrizketatu ditugu, denak ere bigarren Intifadaren garaian aritutakoak. Material hori komunikabideetan argitaratzen dugu, webgunean, eskuorrietan... Baina oraindik ez dugu argitara eman ezta dugun guztiaren %5 ere. Bira alternatiboak ere egiten ditugu, eta hitzaldiak ere bai, jendea hezi nahian.

Eztabaida sortzen da soldaduren batek palestinar bati gehiegikeriak egiten dizkiola jakiten denean...

Bai, horrelako kasuak sumendiaren presioa arintzeko dira. Jendeak berriak irakurri eta esaten du: «Hara, beste salbuespen bat». Noizbait palestinarren bati gehiegikeriak egin dizkioten soldadu guztiak epaitu eta kartzelan sartu nahi bazenitu, soldadurik gabe utziko zenuke herrialdea bi minutuan. Hor dago koska: lurralde okupatuetan soldadua bazara, ezin diozu itzuri egin okupatzaile jarduteari. Ni sekula ez naiz sartu Jerusalemgo etxe batean gau minean, baina Hebronen eguneko 24 orduetan egiten genuen, asteko zazpi egunetan.

Palestinarrei gehiegikeriak egitea ohikoa al da armadarentzat?

Logika militar eta kriminalak dio palestinarrek sentitzen badute armada toki guztietan dagoela beti, bada, orduan erasotzeko beldur izango direla. Eta sentimendu hori sortzeko, nabarmendu egiten duzu zure presentzia: ahal duzun guztietan trabatzen duzu eguneroko bizimodua; patruilak egiten dituzu gaueko hamarretatik goizeko seietara; Hebrongo hiri zaharrean ibiltzen zara; etxe batean sartzen zara, edozeinetan; jende guztia esnatzen duzu, gizonak hemen, emakumeak han; dena miatzen duzu, eta jendea etxetik atera; zarata bonba batzuk botatzen dituzu ateratzen zarenean; inguruko etxeko atea jotzen duzu; errepideaz bestaldera joan, eta beste etxe batean sartzen zara, eta segi horrela. Eta horrek guztiak ez dauka zerikusirik ondo edo gaizki egotearekin. Okupazio armadek horrela jokatzen dute; herritarrak beldurtu egiten dituzte, kontrolatu ahal izateko. Okupazio armada batean, ezinbestekoa da soldaduek gehiegikeriak egitea. Azkenean, kontua da kontrolatu egin behar dituzula, eta kontrolatzeko bidea beldurtzea dela. Kontrolgune batean 1.000 lagun badaude eta lau soldadu bakarrik bazaudete, bada, gehiegikeriak egiten dizkiezu, gainerakoek ikus dezaten zer gertatuko zaien.

Merezi al du okupazioak?

Gu ez gara aritzen giza eskubideen taldeak bezala; haiek urraketak bilatu, urratzailea identifikatu eta auzitara eramaten dute. Guk ez dugu esaten ezta «okupazioa buka ezazue» ere; guk hau esaten dugu: erakusten dizugun hori, egin dugun hori, hori da okupazioa. Edo onartu edo arbuiatu, baina ez pentsatu posible denik hor egotea eta horrelakoak ez gertatzea, ezinezkoa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.