Palestinako gatazka

Okupazioak aurrera segitzen du Zisjordanian

Urriaren 7az geroztik, kolono israeldarrak eta haiek babesten dituzten soldaduak gogor ari dira, mundua Gazako sarraskiari begira dagoela aprobetxatuta.

ZISJORDANIA
Herritar batzuk, oinez, Qilqisetik Hebronera bidean, hilaren 9an; Israelgo armadak bi herriak lortzen dituen errepidea moztu zuen. MANUEL BRUQUE / EFE
Jerusalem
2023ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

Karim bere taxiko bolantearen aurrean eserita dago, pittin bat asaldaturik. «Auto aurrean jarri, eta pistolarekin apuntatu dit», kontatu du Zisjordania okupatuko taxilari palestinarrak. «Pistola nigana begira zeukala, galdetu dit zertan nenbilen hemen. Eta erantzun diot hau nire herria dela». Erasoa izan eta berehalaxe kontatu dio gertaturikoa Karimek. Hizketan ari dela, begira dabil autoan hurrena nor hartuko duen Qalandiako kontrolgunean: mugako pasabide bat da, eta palestinarren Jerusalem eta palestinarren Zisjordaniako lurraldea lotzen ditu, edo bereizten, nondik begiratzen den.

Karim kezkatuta dago normalean baino are oldarkorrago dabiltzalako lurralde hura kolonizatua duten 600.000 israeldarrak, baina ez da halako zerbait gertatu zaion lehen aldia, kontatu duenez. Iragan urriaren 7az geroztik, kolono israeldarrak eta haiek babesten dituzten soldaduak gogor ari dira, komunikabideak Gazako zerrendako sarraskiari begira daudela aprobetxatuta.

Hala estatuaren soldatapeko uniformedunak nola kolono armatuak gero eta eraso gehiago egiten ari dira Zisjordaniako palestinarren kontra, alde egitera behartu nahian. Baita lortu ere askotan. Aste gutxi batzuetan, hamabost komunitate palestinar lekuz mugitzea lortu dute: litekeena da horko 1.000 bizilagun baino gehiago etxera sekula itzuli ezinik geratzea.

Israelgo armada sarraldi bortitzak egiten ari da Zisjordanian palestinarren iheslari esparruen kontra, Jenin-en eta Tulkarem-en besteak beste; eraso horietan hil dira, hain zuzen, lur okupatuotan gerra hasi zenetik hildako palestinarretatik 237. Urriaren 9an esaterako, hain basatia izan zen palestinarren kontrako bortizkeria, non hemezortzi palestinar erail baitzituzten: 2002az geroztik, horixe izan da Zisjordanian hildako gehien izan den eguna.

«Etxea espetxe bihurtu zaigu. Galarazita daukagu leihoak eta ateak zabaltzea, patiora ateratzea, teilatura igotzea».

ARIJ AL-JA'BARIHebrongo herritarra

Askotan, kolonoak eurak hasten dira tiroka hango palestinar autoktonoen kontra. Herri batzuetan, pogromak izan dira palestinarrei jazartzeko; Quara-n, adibidez, eraso bakar batean, lau zibil palestinar hil zituzten kolono kaputxadunek, taldeka antolaturik. Hamar hilketa baino gehiago egin dituzte kolonoek.

Nolanahi ere, datuek ez dute osoki erakusten zenbaterainoko intimidazioa pairatzen duten bizilagunek soldaduen eta kolonoen jokabidearen ondorioz. Hainbestekoa da indarkeria, non aktibista israeldarrek giza eskubideen alde osaturiko taldeek ere alde egin baitute handik, bertan behera utzita palestinarren duintasuna babesteko egin ohi duten lana. Hango biztanle autoktonoak gero eta bakarrago daude kanporatu nahi dituzten kolonoen aldean.

Egoera hori nabari da Masafer Yatta-n. Horko komunitate palestinarretan 3.000 lagun bizi dira, eta badira hilabete batzuk arriskuan daudela, agintari israeldarrek kanporatuko ote dituzten ala ez; gainera, soldaduek lagundurik agertzen zaizkie kolonoak, eta biltegietako ura kentzen. Helburua: han ezin bizirik uztea palestinarrak.

Beste batean, argindarra ekoizteko sorgailuak hondatu zituen kolono talde batek, eta, bide batez, Internetik gabe utzi hangoak. Azak ontzeko, halako erasoak egiten dituzten kolonoak soldadu jantzita ibiltzen dira askotan: hango biztanleak beldurtzeko modu bat da.

Soldaduak jendea beldurtzen

Jerusalemdik hegoaldera, Hebronen, egiatako soldaduak ibiltzen dira jendea beldurtzen. AEBek neurririk gabe gizendutako armada horrek etxeratze agindua ezarria dauka hiriko 11 auzotan gutxienez. Negozioak itxita daude, eta 750 familia baino gehiago etxetik atera gabe daude, kanpokoek fusilak dituzte eta.

Ez da esaera bat: giza eskubideen aldeko B'Tselem talde israeldarrak, herriko biztanleen laguntzaz, argitara eman du, bideo batzuen bitartez, zer gertatzen ari den egunotan etxe atarietan. «Ez dizut berriz esango», bota dio soldadu batek gizon bati, fusilarekin bularrean bultza eginez: «Sartu barrura».

Etxeratze agindua erabatekoa izan da bi astean. Orain, berriz, Israelek baimena eman die bizilagunei astean hirutan ateratzeko etxetik, eta tarte batzuetan baino ez. Israelgo armadak egokitzat jo baino beranduago dabilenak, etxera ezin iritsirik, gaua non pasatu aurkitu behar du. Israelgo armadak tranpa egiten du kontu horretan ere, beste askotan bezala. Kalera ateratzen direnean, palestinarrak denbora gehiena soldadu okupatzaileekin ezin buruturik ibiltzen dira, hala kontrolguneetan nola miaketa oldarkor eta umiliagarrietan. Azkenean, hori guztia ikusita, ez du merezi etxetik ateratzea, eta zaila da ura, janaria, botikak eta sukalderako gasa erostea. Jakina, lanera eta eskolara joaterik ere ez dago. Oso litekeena baita itzuli aurretik berandu izatea eta soldaduek etxera iristea galaraztea.

«Bizitza eramanezina da orain. Lur jota nago, txikituta». Halaxe kontatu du Arij al-Ja'bari-k: Hebrongo emakume bat da, 41 urtekoa, eta bost haur ditu. B'Tselem-ekoekin mintzatu da, telefonoz, ezinezkoa baita han biltzea giza eskubideen aldeko aktibista israeldarrekin. «Etxea espetxe bihurtu zaigu. Galarazita daukagu leihoak eta ateak zabaltzea, patiora ateratzea, teilatura igotzea. Dena dago galarazita».

Gauzarik oinarrizkoenak —esaterako, ura— eskuratzeko zailtasunak ez dago gainditzerik jadanik. Familiari gordetako guztia bukatu zitzaionean, Al-Ja’barik proba egin zuen haurrak auzoko meskitako iturrira bidalita. Susto galanta hartu zuen, ordea, etxeratze agindu hasiberria nolakoa zen ikusita. «Leihotik begiratu, eta zer gertatzen ari zen ikusi nuen», kexatu da emakumea: «Soldaduak haurrei joka ari zitzaizkien, fusilarekin apuntatuta. Horrek izutu egin ninduen. Haurrak itzuli zirenean, leihoak eta ateak itxi, eta halaxe egongo gara gaur arte».

Palestinarrak etxean harrapaturik, eta kolonoak eta haien armada, berriz, aurrera eta aurrera Hebronen, lurralde okupatuan. B'Tselemen bideoetako batean, kolono israeldar bat ageri da, bizilagun palestinarrei aurpegi ematen, haiek soldaduz inguraturik daudela: «Ez dut arabiarrik ikusi nahi parean!», exijitzen die bideoko emakumeak soldadu israeldarrei. «Horixe nahi dut!». Gorrotorako deia da exijentzia hori. Baina egia izateko bidean da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.