Ekialde Hurbila. Israelen gehiegikeriak

Okupazioaren eguneroko indarkeria

Breaking The Silence Israelgo erakundeak 2008 eta 2010 bitartean soldadutza egindakoen testigantzak jaso ditu liburu batean. Palestinarrei eragindako sufrimendu sistematikoa agerian uztea du helburu.

Ane irazabal
Hebron
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Segundoro eta edonon sentitu behar dute palestinarrek armada». Horrela deskribatzen dute Nadav Bingelman eta Sagi Tal soldadu ohiek Hebronen soldadutza egin zuteneko garaia. «Eskolara joaten badira, soldadu bat ikusiko dute; leihotik begiratuz gero, patruilak, eta etxeetako teilatuetako terrazetara igotzen badira, postu militarrak. Ikusi, entzun eta usaindu behar gaituzte. Hori da Israelgo armadak lurralde okupatuetan duen estrategia».

Sei hilabeteko esperientziaren ostean, beraien testigantzak kontatzea erabaki dute bi gazteek, eta Breaking The Silence (Isiltasuna Hautsiz) Israelgo erakundeak atera duen liburuaren protagonistetako batzuk dira. «Soldadutza egiten ari zarenean, ez duzu zeure burua epaitzeko adorerik. Baina etxera itzultzean, zaila da barruko mamuak gobernatzea», adierazi du Bingelmanek.

2008 eta 2010 bitartean soldadutza egindakoen esperientziak jasotzen ditu Breaking The Silencen liburuak. Yehuda Shaul mugimenduaren sortzaile eta zuzendariaren iritziz, okupazioaren eguneroko gehiegikeriak jasotzea da proiektuaren helburua. «Armadaren eta kolonoen indarkeria eguneroko kontua da palestinarrentzat, eta hori adierazi nahi diogu Israelgo gizarteari».

II. Intifadan Hebronen soldadutza egin zutenen testigantzak kontatzeagatik egin zen famatu erakundea. Armadak erabilitako indarkeria metodoek zeharo jo zuten orduan Israelgo gizartea. «Orain erakutsi nahi dugu gehiegikeriak ez direla bakarrik Intifadan edo gerra egoeran izaten, ez direla salbuespen».

Bizimodua oztopatzen

Hebrongo hiri zaharra banatzen duen metalezko sarbide handi baten aurrean geratu da Sagi Tal. Isiltasuna da nagusi kolonian. Beste aldean, berriz, nabarmena da zarata. «Hemen hasten da larunbateko Kasbah Tourra». Kolonoek alde zaharrera egiten duten asteroko sartu-irtenari esaten dio horrela. «Abrahamen eta Isaaken hilobiak bisitatzen dituzte, eta, ondoren, gidari baten bidez, kale estu eta beteetan barrena sartzen dira, hiriaren historia judua ezagutzera».

Talek ongi gogoratzen ditu bira horiek: «Larunbatero, palestinarrek ikusi behar dute nola 30 bat kolono eta beste hainbeste soldadu beraien kaleetan eta azokan sartzen diren. Ez al da hori bortizkeria?». Nadav Bingelmanek ere argi dauka: «Inoiz ez genuen ulertu etsaien gune moduan hartzen den tokira astero sartzeko beharra, probokaziorako ez bada».

Israelgo armadarentzat palestinarren etxeetan sartzea ere praktika arrunta dela diote bi gazteek. «Batzuetan liskarrak gertatu osteko miaketak egiten genituen. Beste batzuetan, berriz, entrenamendu hutsak ziren». Soldaduei «egiazko etxe arabiarretan» entrenatzeko agindua ematen dietela azaldu du Talek: «Guztiz errugabea zen familia baten etxera sartzen ginen, eta kideren bat atxilotzen genuen, benetako egoera batean nola jokatu ikasteko. Guk bakarrik genekien simulazio bat zela».

Bingelmanek eta Talek «mamu hiria» izenez deskribatzen dute Hebron, koloniako kale hutsetan itzala bilatzen duten bitartean. «Hona bidali gintuztenean uste genuen gerra gune batera gentozela eta denek elkarri tiro egiten ziotela», nabarmendu du Bingelmanek. «Laster konturatu ginen ez geneukala ideiarik hemen gertatzen zenaz».

Iritsi zirenean, egoerak huts egin ziela aitortzen dute, lotsaturik. «Gure lana oso aspergarria zela uste genuen. Kontrolgune baten aurrean sei orduz egon, haur palestinarrei erasotzen zieten koloniako umeei segitu eta ume palestinarren atzetik ibili. Hori zen gehienetan gure eginbeharra».

Poliki-poliki, ordea, kolonoen eta armadaren jarreraz jabetzen hasi ziren. «Hiri zaharreko kolonoek oso zaila egiten dute palestinarren egunerokoa, eta umeen indarkeria da deigarriena. Bultzadak, jipoiak eta harrien jaurtiketak eguneroko dinamika dira. Palestinarrengandik ez genuen horrelakorik ikusi».

Halere, armadaren eta kolonoen arteko tira-birak ere badaudela nabarmentzen dute, batez ere, 50.a esaten zaion unitateko soldaduekin. Yehuda Shaulek honela azaltzen du: «Israelgo armadaren barruan dagoen unitate ezkertiarrena da 50.a; kide gehienak kibbutzetatik datoz, eta izaera sozialistari eusten diote».

Bingelman eta Tal unitate horretako kide ziren. «Kolonoak gurekin haserretzen ziren, palestinarrekin onegiak ginelakoan». Ez dute, halere, beraien erantzukizuna uxatzen: «Kontzientzia politikoagoa izan arren, gainontzeko soldaduek egiten zituzten gauzak egin genituen, eragozpenik jarri gabe. Desberdintasun bakarra zen aurpegi onarekin egiten saiatzen ginela, batzuetan», Bingelmanek dioenez.

Shaulen iritziz, tentsio horiek nabarmenagoak dira, Israelgo armadak ez duelako eskumenik kolonoekin. «Hebrongo hiri zaharreko kolonoak legedi zibilaren bidez epaitzen dira, eta palestinarrak, berriz, legedi militarraren pean daude. Beraz, palestinarrak bakarrik atxilotzeko eskumena dute soldaduek».

Sinagogara doan kalean gelditu dira oraingoan Bingelman eta Tal. Hormigoizko bloke batzuek bitan banatzen dute kalea, eta kolono talde bat eskuineko aldetik dabil oinez. Ondoko kontrolgunean dagoen soldadu gazte bat agurtzen duten bitartean, ezkerreko aldean, bi gizonezko palestinarren poltsak miatzen ari da beste soldadu bat. «Tristea da, baina denak berdin jarraitzen du», dio Bingelmanek, eta hasierako ideiari eusten dio: «24 orduz palestinarrek nabaritu behar dute armadak egoera kontrolpean daukala, edo hobeto esanda, armadak kontrolaturik dituztela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.