Poliziaren unitate berezi bat oldarka sartu da Al-Fateh meskita barrura. Mursiren aldeko lagun talde bat zegoen barruan — Mustafa Higazi Politika gaietarako lehendakaritza-aholkulariaren ustez, "muturreko indarrak"—: gaua han eman dute, eta kanpoaldea poliziez inguratuta zegoenez, ez zuten atera nahi, zer gertatuko beldur. Tiroketa baten ostean sartu dira poliziak meskitara, eta bertan zeuden Mursiren jarraitzaileak atxilotu ditu. Meskitaren goiko aldetik, minaretetik, sartu da Polizia, eta islamistek salatu dute segurtasun indarrak izan direla tiroka hasi direnak, "tiroketa bat zegoela sinistarazteko".
Higaziren arabera, egiptoarrak kalera atera dira "faxismo teokratikoaren aurka". Haren ustez, Rabea al-Adauiya eta Nahda plazetako kanpalekuek ezin dute baketsu adjektiboa hartu, horietan "torturak egin zirelako, zibilak hil zituztelako, eta bortxarako bultzatzen zutelako". Anaia Musulmanek akordio batetara iristeko ahalegina egin dutela baieztatu du Higazik, baina horien "egoskorkeriagatik" ez dutela halakorik lortu ahal izan. Istiluak istilu, egiptoarrak "inoiz baino batuago" daude, eta estatuak "guda hau irabaziko du, eta estatu demokratiko zibila sortuko du".
Segurtasun indarren arabera, meskita barrutik hasi dira tiroka, eta modu bertsuan erantzun die eurek. Anaia Musulmanek adierazi dute meskitaren barruan zeuden lagunak manifestari baketsuak direla. Agintarien arabera, asteazkenaz geroztik, 800 pertsona baino gehiago hil dira. Barne Ministerioak jakinarazi duenez, 1.004 lagun atxilotu zituzten atzo; erdiak, Anaia Musulmanen jarraitzaileak, "ekintza terroristak" egitea egotzita.
Itxialdi luzea
Atzo sartu ziren bertara manifestariak, segurtasun indarrengandik babesteko: 700 lagunek eman dute gaua bertan. Segurtasun indarrek jakinarazi dutenez, baina, gauean bertatik "segurtasunez" ateratzeko aukera eman diete barrukoei, baina batzuek ez dute onartu, eta barruan jarraitzen dute.
Amorruaren ostirala izan zen atzo Egipton, Anaia Musulmanek deituta, asteazkenean Mursiren aldeko kanpalekuak sakabanatzerakoan egindako triskantzaren aurka protestatzeko. Anaia Musulmanek amorruaren astea izendatu du datorrena, eta Egiptoko alde guztietan protestak antolatu dituzte, egunero.
Salbaziorako Fronte Nazionaleko bozeramaile Jaled Dawudek dimisioa aurkeztu du, haren alderdiak kanpalekuak desegiteko armadak egindako sarraskia kondenatzea errefusatu duelako. "Anaia Musulmanekin duten etengabeko borrokan, Poliziaren alde lerratzea erabaki du", baieztatu du Dawudek ohar batean. Haren ustez, elkarrizketa da momentuko egoera politikoa gainditzeko modu bakarra, eta konponbidea Anaia Musulmanak trantsizio prozesuan integratzen badira soilik lortuko dela.
Mubaraken aurkako epaiketa
Gaur ospatu da Hosni Mubarak diktadore ohiaren aurkako epaiketaren bosgarren saioa. Ez Mubarak ez haren bi seme eta Barne ministro ohi Habib al-Adli, baina, ez dira epaitegira joan, "herrialdearen salbuespenezko segurtasun egoera" dela eta. Al-Adliren sei aholkulari ohi ere epaitzen ari dira, eta horiek Kairoko Polizia Akademiara joan ahal izan dute. Mubarak, Al-Adli eta sei aholkulari ohiei 2011ko otsaileko iraultzan hainbat manifestariren heriotza egozten diete. Gaurko saioan, defentsako abokatuaren eskaerak entzun ditu epaileak: ikerketa gehiago egiteko eta orain artekoak baino zehatzagoak izatea eskatu du. Epaiketaren hurrengo saioa abuztuaren 21ean izango da.
Mubaraki, horrez gain, ustelkeria eta legez kontrako aberastea leporatzen diote, haren seme eta Husein Salem ihes egindako enpresariarekin batera. Azken hori salbu, Kairoko Tora espetxean daude atxilotuta guztiak.