George Bush AEBetako presidentea Ehud Olmert Israelgo lehen ministroarekin eta Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin bildu da gaur Annapolisen (AEB), eta 2008an akordioa lortu nahi dutela esan dute. Palestinaren independentzia lortu nahi dutela adierazi dute. Hain justu, Israel eta Palestinaren arteko gatazkari buruzko eta Ekialdi Hurbileko beste hainbat auziren inguruko goi bilera abiatu du batzar horrek.
Abenduaren 12an hasiko dituzte elkarrizketak, eta gero hamabostean behin eseriko dira. "Kosta lain kosta" lortu nahi dute akordioa Olmertek eta Abbasek, gaur beraiek esan dutenez.
AEBetako hiriburu ohian, Annapolisen, Ekialde Hurbilaren gaineko konferentziandute munduko 40 bat estatuk parte hartuko dute, herrialde eta erakundetako agintari eta ordezkariek, batzuen itxaropenaren eta bestetzuen eszeptizismo edota gaitzespenen artean. Bilearen aurretik Abbasek «itxaropen handiak» dituela adierazi zuen atzo. Konferentziaren bukaeran bake negoziazioak bultzatzeko deklarazio bateratua egitekoak dira Olmert eta Abbas.
Aldiz Ismail Hania Hamaseko buruzagi eta PANeko jarduneko lehen ministroa ezkor agertu da goi bilera horren inguruan, eta gaur ere uste hori berretsi du. Emaitzik ez duela espero berretsi du, eta horrelako ekimenek ez dutela Palestinako herritarren "erresistentzia apalduko" nabarmendu.
OLMERTEN ESKAERA. Israelgo Haaretz egunkariaren arabera, Errepide Mapa gauzatzeko eskatuko du Olmertek Annapolisen. 2003an, Bushen ekimenez eta Ekialde Hurbilerako Laukoteak -AEB, NBE, Europako Batasuna eta Errusia- onartuta, Palestinako gatazka konpontzeko etapako plan hori eztabaidatzen aritu ziren hainbat hilabetetan, baina azkenean bertan behera -«hilda», kritikoen hitzetan- geratu zen. Orain plan hori biziberritu nahian dabiltza.
Egunkariari jarraiki, Olmertek gaur esango du plana indarrean jartzea funtsezkoa dela, eta haren lehenbiziko fasea dela Gaza eskualdean «ekinbide terrorista bukatzea». Horrez gain, estatu arabiarrei Israelekin harreman diplomatikoak hastea -Egiptok eta Jordaniak bake akordioak dituzte sinatuta Tel Avivekin- eta israeldarren eta palestinarren arteko bake negoziazioak bultzatzea galdegitekoa da Olmert.
Palestinaz gain, Libano eta Irak ere izango dituzte hizpide, besteak beste. Gainera, AEBek baieztatu ondotik Golango Gainaz ere hitz egingo dutela, Siriak herenegun jakinarazi zuen goi bileran parte hartuko duela. Israelek 1967an okupatu zion eremua ere eztabaidagai izan zedila exijitzen zuen Siriak, esku hartzeko baldintza gisa.
16 estatu arabiarrek eta Liga Arabiarreko ordezkariek hartuko dute parte goi bileran.
Ekialde Hurbila
Olmertek eta Abbasek 2008an akordioa lortu nahi dute
Bush Israelgo lehen ministroarekin eta PANeko lehendakariarekin bildu da gaur, Annapolisen. Palestinaren independentzia lortu nahi dutela adierazi dute. Palestinako gatazkaz gain Ekialde Hurbileko beste hainbat auzi jorratuko dituzte AEBen babespean. Emaitzarik ez izatea espero du Ismail Hania Hamaseko buru eta palestinarren jarduneko lehen ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu