Palestinan bost kilometro barrurago zutituko dute banaketa hesia.
Israelek Zisjordanian zutitzen ari diren eraikuntzaren ibilbidearen zati bat aldatzea onartu zuen atzo Ehud Olmertek. Nili eta Naala kokaguneak bere mugen barruan gelditzea lortuko du horrela lehen ministroak. Orotara 1.500 kolono bizi dira bi kokagune horietan. Banaketa hesiaren ibilbide hori aldatuta, baina, milaka palestinar isolatuta geldituko dira. 20.000 orotara.
Haaretz egunkariak atzo jakinarazi zuen berria. Olmertek Nili eta Naaleko kokaguneetako bizilagunen presioari amore emanda hartu duela erabakia zehazten zuen egunerokoak.
Nazio Batuen Erakundeak Israel eta Zisjordania arteko muga finkatzearren diseinatutako Lerro Berdetik bost kilometro barrurago egitea, lurralde palestinarrean barrurago, ahalbidetuko luke aldaketa honek. Ibilbide honek, gainerat, hamabi kilometroz luzatuko luke banaketa hesia. Behin amaituta orotara 643 kilometro izango ditu banaketa hesiak -bi mila milioi dolarretako aurrekontua du proiektuak-. Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuen banaketa hesia 2004. urtean.
Nili eta Naaleko kokaguneak hesi bikoitz batez inguratuta egongo lirateke. Rani Herni Naale kokaguneko herri batzarraren presidenteak zehaztasun gehiago eman zituen: Nili, Naale eta Modin Ofraimeko kokagunearekin lotuko lukeen bide berri bat egiteko proiektua badela. Bide hau kolonoek soilik erabiliko lukete. Palestinarrek, berriz, honen azpian zulatutako tuneletatik igaro beharko lukete. Proiektu honek 17.000 palestinar inguru isolatuta utziko lituzke, mendebaldean banaketa hesia izango lukete eta ekialdean bide berria eta kokaguneetako hesia. Bi mila biztanle dituen herri palestinar bat hiru aldeetatik hesituta geldituko litzateke.
Nabil Abu Rudeina PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Presidentetzako bozeramaileak gogor kritikatu zuen erabakia eta, bake prozesuari begira, ondorio kaltegarriak izango dituela adierazi zuen: «Israelgo gobernuaren asmo txarrak agerian gelditu dira beste behin». Olmerti, ildo horretan, atzera egiteko eskatu zion Rudeinak. Nazioarteko komunitateari, aldiz, kokaguneen hedapena geldiarazteko ahaleginak egiteko deia luzatu zion.
Israelgo Ministroen Kontseiluak berretsi beharko du erabakia. Iragan apirilean kokagune horiek hesiaren kanpoan gelditu behar zirela erabaki zuen Ministroen Kontseiluak.
BAHITU TRUKAKETA. Al Fata eta Hamas indar politikoen artean asteartean hitzartutako su-etena, bestetik, indarrean egon zen atzo. Al Aksako Martirien Brigadetako kide Bashir Issa tiroka larri zauritu zuten, hala ere, Gazan. Iragan ostegunetik 35 palestinar hil dira bi taldeen arteko borroketan. Mahmud Abbas PANeko presidenteak bozak aurreratuko zituela iragarri zuenean, iragan abenduan, piztu ziren bi aldeen arteko borrokak. Orduz geroztik, 60 palestinar hil dira borroketan.
Astearteko su-eten akordioaren beste atal bat beteta, azken asteotako borroketan bahitutako alde bateko zein besteko bahituak elkar trukatzeari ekin zioten atzo Al Fatak eta Hamasek. «Bart [herenegun] arratsean gure bi indarren arteko akordioa betetzen hasi gara eta bahitutakoak trukatzen hasi gara». Ismail Raduan Hamaseko bozeramaileak egin zituen adierazpenak. AEB Ameriketako Estatu Batuei palestinarren artean gerra zibila pizteko asmoa izatea leporatu zien Raduanek. Mahmud Abbas presidenteari 86,4 milioi dolar emango dizkiola iragarri zuen George Bush presidenteak. Hamasek horren harira egin zituen adierazpenak.
Taufik Abu Khussa Al Fatako Gazako bozeramaileak albistea berretsi zuen ondoren: «Dozenaka bahitu askatu dira bi aldeetatik». Hamasek eratutako segurtasun indarretako kideak, haatik,kaleetan jarraitzen dutela, salatu zuen eledunak: «Egoera honek tentsioak areagotzen ditu eta konfiantza sendotzea eragozten du». Khan Junisen, bestetik, bi aldeen arteko borrokak amaitzeko eskatu zuten.
Olmertek milaka palestinar bakartuta utziko ditu banaketa hesiaren zati bat aldatuta
Nili eta Naale kokaguneak Israelen geldituko dira bere hartan; 1.500 judu bizi dira bi kokagune horietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu