Afganistango talibanen buruzagiak, Mohamed Omar mulak, AEBekin negoziatzen hasi direla baieztatu du, Pakistango Geo telebistaren arabera. Washingtonek, baina, ez du halakorik berretsi, eta atzo Mendebaldeko hedabideetan oihartzun eskasa izan zuen berriak. Afganistango Gobernuak, berriz, elkarrizketaren alde dagoela erran du, baina horiek Kabulek zuzendu behar dituela zehaztu du, eta ez «atzerriko nazioek». Elkarrizketa horiek bideratzeko, gainera, soilik talibanek Qatarren irekiko duten bulegoa erabiliko dutela adierazi du Hamid Karzai presidentearen bozeramaile Aimal Faizik, Afganistango Khaama Press Internet bidezko egunkariak bildu duenez. AEBek iragan asteartean adierazi zuten talibanekin harremanetan paratzeko prest daudela Qatarko bulegoaren bidez, betiere Afganistango Gobernuaren nahia hori bada.
Omar mulak, talibanen buruzagiak, bi eskakizun egin dizkie AEBei, Geo telebistaren arabera: alde batetik, Guantanamon preso dauden talibanak askatzea, eta, bertzetik, AEBetako tropek Afganistan uztea. The Guardian egunkariaren arabera, Washington preso horiek askatzeko prest dago, talibanek Qatarko bulegoa onartzearen truke.
Islamistek iragan astelehenean jakinarazi zuten egoitza hori hartuko dutela, baina AEBek biharamunean erantzun zuten presoak askatzeko erabakia ez dutela hartu. Talibanek Afganistanen agindu zuteneko (1996-2001) zenbait kide nabarmen dituzte gatibu Guantanamon. Adibidez, Jair Jowa Barne ministro izandakoa eta Fazl Ajund armadako buru ohia. Ez AEBek, ez NATOk ez dute balizko askapen horien inguruko xehetasunik eman, eta talibanei paratutako baldintzak errepikatu besterik ez dute egin: indarkeria uztea eta Afganistango Konstituzioa eta giza eskubideak errespetatzea.
Diplomaziaren mugimenduak
Omar mulak paratutako bigarren baldintzari dagokionez, nazioarteko tropek herrialdea uzteko data iaz zehaztu zuten—2014—, eta ez dirudi aldatuko dutenik, Afganistango Gobernua oraindik ahulegia baita herrialde osoa kontrolpean hartzeko. Hain zuzen, horregatik ireki zituzten talibanekiko elkarrizketa bideak bai ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrak, bai Kabulek berak, estrategia bikoitza abiaraziz: alde batetik, gerra, eta bertzetik negoziazioak. Borrokek burua lehengo lepotik dutela segitu dute, baina iragan urte amaieran eta honen hasieran diplomazia arloan mugimenduak antzeman dira.
Lehen harremanak duela urtebete inguru hasi zituzten sekretupean AEBek eta talibanek, Alemanian eta Persiako Golkoko herrialdeetan eginiko bilkuretan. AEBek, baina, negoziazioen buruzagitza Afganistango Gobernuak eraman behar duela aldarrikatu du publikoki, Kabulek berak egin bezala. Horrekin, herrialdeko subiranotza bertako agintarien esku dagoela berretsi nahi dute, nazioarteko tropak ateratzen direnerako Afganistango Gobernuak nahikoa zilegitasun eta posizio azkarra izan dezan.
Errealitatean, ordea, Washington ari da bake negoziazioak bideratzen, Kabul bigarren maila batean utzita. Karzai presidentearen bozeramaile Faizik berak atzo aitortu zuen Kabulek ez duela zerikusirik izan Omar mulak iragarritako negoziazioetan. Afganistango Gobernuak onartzen ez dituen elkarrizketa orok ez duela «emaitza positiborik» izanen ohartarazi du Faizik. Khaama Press egunkariaren arabera, Karzaik ezinegona agertu du AEBak negoziazioetan ari direlako Kabul bazter utzita. Iragan irailean Burhanuddin Rabbani Afganistango presidente ohiaren hilketak ere Kabulen posizioa ahuldu zen, hura baitzen talibanekiko zuen bitartekaria.
Qatarko bulegoak egoera bideratuko duen itxaropena du Karzairen gobernuak, talibanekin mintzatzeko helbide zehatz bat emanen baitio. Hala ere, talibanak jakitun dira Karzairen posizio ahulaz, eta nazioarteko tropekiko duen dependentziaz. Presidenteak bi urte ditu akordio egonkor bat lortzeko, 2014an atzerriko indarren aterkia desagertuko baitzaio.
Bilatuenen zerrendatik at
Afganistango Gobernuaren eta AEBen arteko konfiantza galeraren bertze adibide bat da Omar mularen inguruko informazioa. Pakistango hedabideek joan den urte bukaeran argitaratu zuten FBI Ikerketa Bulego Federalak terrorista bilatuenen zerrendatik kendu zuela talibanen buruzagia. Balizko negoziazioengatik egindako keinua izan zitekeela iradoki zen, baina Paul Bresson FBIko bozeramaileak adierazi zuen Omar mula ez zela inoiz zerrenda horretan egon; bai, ordea, Estatu Departamentuaren zerrendan, eta han jarraitzen duela. Afganistango presidentearen bozeramaile Faizik, ordea, AEBei kontuak eskatu zizkien herenegun. «Informazioa egia bada, zerrendatik zergatik kendu duten azaldu beharko dute». AEBek 2001ean Afganistan inbaditu zutenetik, ezkutuan dago Omar mula.
Omar mulak jakinarazi du talibanak AEBekin negoziatzen hasi direla
Afganistango Gobernua elkarrizketaren alde dago, Kabulek zuzentzen badu, eta ez «atzerriko nazioek»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu