OMEk ohartarazi du konfinamendutik geldo baina modu iraunkorrean atera behar dela

OMEko zuzendari nagusiak erran du urruntze soziala ezinbertzekoa dela konfinamendutik ateratzean. Eskolak ireki nahi dituzten estatuei ohartarazpen bat egin die: oraindik ez dago argi haurrek zenbaiterainoko arriskua duten birusarekin kutsatuak izateko. 

Hego Korean langile bat eskola bat desinfektatzen. YONHAP, EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 11
19:57
Entzun

Epidemia kontrolpean dago? Osasun sistemak aitzina egiten ahal dio bigarren olde bati konfinamendua arindu ondotik? Zainketa sistemak gai dira kutsatuak identifikatu eta izandako kontaktuak kudeatzeko? Munduko edozein estatuk konfinamendua arindu aitzinetik erantzun beharreko galderak proposatu ditu gaur Osasunaren Mundu Erakundeko Zuzendari Nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek. 

Konfinamendutik «geldo baina modu iraunkorrean»ateratzeko gomendioa egin du gaur OMEko zuzendari nagusiak. Eta ohartarazpen bat ere egin du: galderen erantzuna baiezkoa izanagatik, konfinamendutik ateratzea prozesu «luze» eta «konplexua» dela.

Albiste kezkagarriak iritsi dira azken orduetan ustez birusa gainditzeko bidean ziren hainbat estatutatik: Hego Korean, hainbat taberna itxi behar izan dituzte koronabirus kasuek gorantz egin ondotik; pandemia ezagutarazi zen Wuhanen (Txina), koronabirus kasu berriak detektatu dituzte, eta, Alemanian, handitu egin da kutsatu berrien kopurua. Ghebreyesusek ohartarazi du «zorionez» pandemiaren zabaltze hori osasun sistema indartsuak dituzten eremuetan gertatu dela. Oroitarazi du, ordea, arriskua badela. OMEko zuzendari nagusiak, gainera, oroitu du azken ikerketa serologikoen arabera egun gizartearen zati «hagitz txikiak» bakarrik sortu dituela birusari aitzina egiteko antigorputzak, eta, beraz, oraindik gizartean herritar gehienak kalteberak direla birusaren aurrean. 

Ghebreyesusek erran du OME munduko gobernuekin elkarlanean ari dela konfinamendua arinduagatik osasun neurriak mantentzeko. Oroitarazi du birusaren kontra txertorik egon arte urruntze soziala dela neurririk eraginkorrena. Eskolak ireki nahi dituzten estatuei oroitarazi die oraindik ez dagoela argi haurrek birusarekin kutsatuak izateko duten arriskua eta eskatu die ireki aitzinetik aztertzeko ea segurtasun neurriak mantentzeko gai diren eta eskola dagoen eremuan kutsatzeko arriskua handia ote dagoen edo ez.

Enpresei ere ohartarazpen bera egin die, eta eskatu die laneko arriskuen ikerketa bat egiteko eta plan bat sortzeko birusaren hedapena ekiditeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.