Protestak herrialde arabiarretan

Ondorengo erregimena

Libiako matxinoek gobernu berria eratzeko negoziazioak luzatu behar izan dituzte, desadostasunengatik

mikel rodriguez
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionala gobernu berria eratzeko negoziazioetan ari da. Berez, herenegun zuten aurkeztekoa gobernu berria, baina elkarrizketak luzatu egin dira, adostasun faltaren ondorioz. Muammar Gaddafiren erregimena ia erabat garaituta, herrialdearen kudeaketan jarri dute arreta matxinoek azken asteetan. Gerran batasun itxura mantentzea lortu dute, baina erregimenaren ondorengo antolaketa politikoa finkatzeko orduan agertu dira lehenbiziko desadostasun nabariak: botereen banaketa, lurralde antolaketa, aldaketak gauzatzeko epeak... Islamisten presentziak ere zeresana eman du, nazioarteari begira gehienbat.

Mahmud Jibril da gobernu berria eratzeko arduraduna. Egun, Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko behin-behineko lehen ministroa da. Matxinoen buruzagi nabarmen gehienak bezala, Gaddafiren erregimeneko kide izana da. 2007an Gaddafiren seme Saif al Islamek Libiako plangintza ekonomikoa zuzentzeko eskaintza egin zion. Jibrilek kargua onartu zuen, eta pribatizazio eta liberalizazio politikak gauzatzeko programa bat prestatu zuen. Wikileaksen filtrazioen arabera, AEBek erreformistatzat zeukaten Jibril. Iaz dimisioa eman zuen, eta matxinada hastean erreboltarien alde jarri zen erregimeneko kideetan lehenetarikoa izan zen.

Mendebaldearen konfiantza du Jibrilek. Haren erronka da Ipar Amerikako eta Europako aliatuei erakustea Libiako gatazka ez dela ekialde matxinoaren eta mendebalde gaddafistaren arteko gerra zibila eta islamisten garrantzia mugatua dela Trantsiziorako Kontseilu Nazionalean.

Islamisten eragina

Herrialdean bertan, baina, gobernu berria eratzeko Jibrilen kudeaketak desadostasunak sortu ditu. Misratako Otsailak 17 Aliantza erakunde matxinoa, adibidez, gobernu berria eratzearen aurka dago. Hark dioenez, Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak iragarri zuen Gaddafiren indarrak garaitu eta 30 egunera eratuko zuela gobernu berria, baina gerra oraindik ez da amaitu. Gainera, Jibrili bere eskumenak gainditzea leporatu diote, gobernua eratzeko ahalmenik ez duelakoan. Azkenik, gobernu berrian eskualde guztietako ordezkarien presentzia bermatu nahi du Jibrilek, eta aliantza ez dago horrekin ados. «Aurrekari arriskutsua» dela dio.

Trantsizio Nazionalerako Kontseiluaren barne krisia uztailean lehertu zen, Abdel Fata Junis matxinoen militar buruaren hilketarekin —Barne ministroa izan zen Gaddafirekin—. Kontseiluak ez du argitu haren heriotza. Lehenbiziko bertsioek islamistak jo zituzten erantzuletzat. Gaddafik gogor zigortu zituen islamistak; azken hamarkadan, gainera, Mendebaldearen sostengua izan zuen. Gizartean duten presentzia mugatua da, baina, herrialde musulman anitzetan bezala, ongi antolatuta daude. Gehien nabarmendu den buruzagi islamista, adibidez, Tripoliko Kontseilu Militarreko burua izan da: Abdel Hakim Belhaj. Gaddafiren aurkako islamisten miliziano burua izan zen. Afganistanen talibanen alde borrokatu zen, eta bai Gaddafik, bai AEBek Al Kaedarekin lotu zuten. 2004an, Malaysian atxilotu zuten; CIAk galdekatu zuen, eta, ondoren, Libiara estraditatu zuten. Iaz utzi zuten aske.

Tripoliko Udal Aginterako Kontseiluan, islamistak dira gehienak, eta Anaia Musulmanetako kide Abel al Rajazk Abu Hajar da burua. Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak xaria lege islamikoa ezarriko duela iragarri arren, muturreko erlijiosoak ez dira erabat asebete. Ali Salabi buruzagi islamistak «Gaddafi baino okerragoak» eta «muturreko sekularistak» izatea leporatu die agintariei. Mustafa Abdeljalil presidentearen irudia errespetatu dute orain arte, baina Jibrilei dioten ezinikusia hazten ari da.

Ehunka familia, Surtetik ihesi

Gerraren egoerari dagokionez, ehunka familiak Surt hiria utzi zuten atzo, matxinoen erasoaldiaren beldur. Agentzien arabera, 70.000 biztanleen herenek egin dute ihes, eta urik, argindarrik eta komunikaziorik gabe daude hirian. Nazioartean, berriz, Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Erakundeak matxinoak onartu ditu Libiako ordezkaritzat.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.