Kolonbiako Gobernuak FARC eta ELN gerrillekin hitz egin dezan sustatu nahi duten taldeen lana «eragozpen» gisa ikusten du Juan Manuel Santos presidenteak. Halako asmotan dabiltzan Kolonbiako nahiz atzerriko ekintzaile eta taldeei jakinarazi die «onena ezer ez egitea» dela, eta ohartarazi die auzi horretan ez esku hartzeko.
Kolonbiako presidenteak adierazi du azkenaldian «gisa guztietako proposamenak» aurkeztu dizkiotela, baina ez duela halakorik aintzat hartuko eman du aditzera: «Arrazoiak bidaltzen dituzte gure herriko pertsonaiek, nazioarteko pertsonaiek, proposamen bat egin nahi dutela, talde bat sortu, parte hartu. Baina, gaur-gaurkoz, hobe lukete esku hartuko ez balute».
CELAC Latinoamerika eta Karibeko Estatuen Komunitatearen azken bileran, hainbat estatuburuk FARC eta ELN gerrillekin elkarrizketak sustatzeko laguntza eskaini ziotela jakinarazi du Santosek; haiei ere erantzun bera eman ziela erantsi du: «Onena itxarotea da, eta, aurrerago, baldintza egokiak ematen badira, ikusiko dugu nola jokatuko dugun».
Diru bilketaren aurka
Bahituta dauzkan bost militar eta polizia bat aske uzteko asmoa agertu du berriki FARCek, baina operazioa Kolonbiako armadaren helikopteroekin egiteak mesfidantza sortzen du gerrillan, eta gobernua ez dago prest atzerriko esku hartzerik onartzeko. Horregatik, CCP elkarte zibilak Kolonbia bertako enpresari handien artean diru bilketa bat hasi zuen igandean, helikopteroen alokairua ordaintzeko. Juan Carlos Pinzon Defentsa ministroak, ordea, baztertu egin du aukera hori: «Ez da behar inork ezer finantzatzea. Non dauden esaten badigute, helikoptero militar bat edo hegazkinen bat bidal dezakegu».
Piedad Cordoba buru duen CCP elkarteak diru bilketa kanpainarekin «ikuskizun mediatiko bat» egin nahi duela esan du Pinzonek: «Kolonbiako Gobernuak badauka bahituak etxera onik ekartzeko asmoa, gogoa eta gaitasuna».
«Onena ezer ez egitea» dela jakinarazi die Kolonbiak bake ekintzaileei
Santosek esan du FARC eta ELN gerrillekin hitz egitea sustatu nahi dutenen proposamena ez dela egokia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu