AEBak. Presidentetzarako hauteskundeak

Ongi ari zara, 'Mr. President'

'Sandy' urakanak eragindako krisia behar bezala kudeatzen dakiela erakutsi du Obamak, kanpaina alde batera utzitaRomneyri ere enpatia erakustea dagokio, baina oportunista itxura eman gabe

Samara Velte.
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Haizea bere alde jartzen jakin du Barack Obamak: ondo jokatu du presidentearen rola, eta Sandy urakanaren ostean sortutako «krisi nazionalari» behar bezala heltzen dakien itxura eman du. Bozetarako bost egun falta direla, kanpaina sakrifikatzeko prest agertu da, kaltetutako herritarren laguntza bermatzearen ordainetan. Heroiaren rolak puntu gehiago emango dizkio, beharbada, egun hauetan egin zezakeen edozein mitinek baino. Haren aurkaria, Mitt Romney errepublikanoa, ataka zailean dago, ordea: Obama bere alderik altruistena erakusten ari den bitartean kanpaina egitea ez da itxurosoa, baina orain isiltzeak ahaztuta gelditzeko arriskua dakar. Eta Romneyk behar-beharrezkoak ditu oraindik zalantzan dauden estatuetako botoak.

Obamak ez du presarik kanpainara itzultzeko: lau egunez bertan behera utzi ditu hauteskunde ekitaldi guztiak, presidente lanei heldu eta urakanaren ondorioak Etxe Zuritik kudeatzeko. Lau egun horiek galtzea ez zaio gehiegi axola, trukean irudi ona ematen ari baita. Sandy AEBetako ekialdeko kostatik igaro zen unean ere jakin zuen behar bezala erantzuten: gobernarien eskaerei kasu eginez, hondamendi larriko gune izendatu zituen hainbat estatu, eta segituan jarri zituen gobernu federalaren baliabideak haien esku, kalteak konpontzeko. Prozedura alderantzizkoa izan ohi da: lehenbizi hondamendiaren ondorioak neurtzen dira, eta gero bideratzen dira baliabideak.

Lehen bidaia kalte gehien jasan dituen estatura egin du Obamak: New Jerseyra. Atzo izan zen han, Chris Christie gobernadore errepublikanoarekin batera, urakanak utzitako paisaia aztertzen. Gobernuaren politikak gogor kritikatu izan ditu Christiek, baina Obamaren alde mintzatu da oraingoan: «Presidenteak hau guztia eramaten jakin du, eta hori aitortu egin behar zaio». Beste tanto bat Obamaren alde: denen presidentea dela erakutsi du.

Konplikatuagoa da Romneyren egoera. New Yorkeko metro geltokiak urez betetzen hasi zirenean, berak ere bertan behera utzi zituen kanpainako ekitaldi batzuk, eta kaltetuen alde errezatzeko eskatu zuen. Presidentetzarako lehia lehentasuntzat hartzeak bihozgabeegia irudi lezake oraintxe, baina Alderdi Errepublikarra ez dago inondik inora kanpaina amaierako botoei uko egiteko moduan, are gutxiago erabakigarri izango diren swing estatuetan. Horregatik, asteartean Ohion antolatutako mitinari karitatezko ekitaldi baten itxura eman nahi izan zion, uholdeetan kaltetutakoentzako janari bilketa antolatuz. Han kontatu zuen berak ere jakin zuela halako krisi bati aurre egiten 2005ean, Katrina urakanak AEBetako hegoaldean txikizioa eragin zuenean; bera Massachusettseko gobernaria zen orduan, eta New Orleansetik ihesi joandako hainbat pertsonari babesa eman zietela azaldu zuen.

Baina hautagai bat erreskate planak kudeatzen ari den bitartean, bestea arroz eta atun lataz beteriko kaxak prestatzen aritzeak erakusten du non dagoen bakoitza. Romneyk ezin du Obama kanpainako ohiko tonuan kritikatu, baina zail du enpatiaren eta terrenoa oparitzearen arteko muga topatzen. Oraingoz, ez du esan urakanak kalte egindako lekuetara joateko asmoa duenik; demokratek segurtzat ematen dituzten estatuak dira.

Iragana ere aurka du: egun hauetan sarri gogorarazi dizkiote iaz FEMA Larrialdien Kudeaketarako Agentzia Federalari—orain kalteak konpontzeko baliabideak bideratzen ari den horrexeri— buruz egin zituen adierazpenak. Elkarrizketa batean, hura desegin eta eskumen horiek estatuetara pasatzearen alde mintzatu zen, FEMAk zor publikoa handitzen duela argudiatuta. Adierazpen haiek egitean, ez zuen esperoko urakan batek AEBetako hiririk handiena urpean utziko zuela hauteskunde atarian.

40 hildako, eta kalte handiak

Gutxienez 40 dira AEBetan Sandy-ren ondorioz hildakoak. Gehienak New York, New Jersey eta Pennsylvania estatuetan hil dira; asko, zuhaitzak gainera erorita. Denera, 6,6 milioi etxe gelditu dira argindarrik gabe hamalau estatutan, eta leku batzuetan astebete beharko dute hori konpontzeko. Hiriak, apurka, euren onera etortzen ari dira, baina azpiegitura asko urpean daude oraindik; esaterako, New Yorkeko metroa.

Datorren asteartean bozkaleku funtzioa beteko duten hainbat gunek ere jasan dituzte kalteak, baina Kongresuak ez du bozak egunez aldatzeko asmorik erakutsi. Inkestek pareko emaitzak iragartzen dituzte, baina asteburukoak dira berrienak; ikusteko dago urakanak nola eragingo duen. Estatu zalantzatiak konbentzitzen jarriko dituzte orain indarrak. Obama gaur hasiko da berriz kanpainako ekitaldietan parte hartzen, Wisconsinen, Nevadan eta Coloradon; Romneyk Ohiora joko du berriz. Ahaztuta gelditu dira azken lau urteotan egindakoak: aste honetan erabakiko da AEBetako presidentetza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.