Ekialde Hurbila. Hamasen eta Israelen arteko akordioa

Ongietorria trukean askatutakoei

Preso palestinarrei ongietorri beroa egin diete herritarrek etxean, eta Al Fataren eta Hamasen arteko batasuna eskatu dute ospakizunetan.

Ane irazabal
Ramala
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Klaxon hotsak, presoen kartelak, Palestinako banderak eta kantuak nagusi izan ziren atzo palestinarren artean, Israelen eta Hamasen arteko truke akordioaren ondorioz aske geratu ziren 477 preso palestinarren ongietorriak ez zuen-eta gutxiago merezi. Hamasek kudeaturiko akordioaren inguruko esker oneko festak, halere, ez du ezkutatu zuhur mantentzen saiatzen direnen ahotsa.

Belengo Deishe iheslarien guneko Naji Oudahk ekintzaileak hala ikusten du: «Oso pozik gaude 1.000 lagunetik gora askatuko dituztelako. Baina, aldi berean, tentuz ibili behar dugu. Inork ez dezala pentsa Israelek bere jokabidea aldatuko duenik. Atxilotzen eta presoak lekuz aldatzen jarraituko du Netanyahuren gobernuak».

Espetxeetan geratu direnak ere gogoan izan dituzte. Ramalan, Jasser Arafaten hilobiaren inguruan egindako ospakizunetan, horixe egin zuten. Milaka herritar bildu ziren toki sinbolikoaren ingurura. PANeko Mahmud Abbas presidentea ere han izan zen, eta Al Fatako Maruan Barguti eta Palestina Askatzeko Herri Fronteko Ahmed Saadat lider karismatikoak gogoratu zituen, besteen artean. «Jainkoaren laguntzarekin, laster etxean izango ditugu». Barguti eta Saadat truke akordiotik kanpo geratu ziren azken unean, Israelgo gobernuaren erabakiaren ondorioz.

Elkarretaratzeetan, Hamasen eta Al Fataren arteko batasun akordioaren aldeko oihuak entzun ziren. «Bi alderdien arteko batasun akordioari bultzadaemateko momenturik aproposena da, presoek erakutsi baitigute okupazioaren aurka borrokatzerakoan alderdien koloreek ez dutela eraginik». Hori uste du PANeko Informazio Ministerioko Ahmad Alshamarkak.

Ospakizunik handienak, baina, Gazan izan ziren. Milaka pertsona bildu zituen Hamasek hiriko Al Katiba plazara, ekitaldi instituzional jendetsuan.

«Zergatik orain? Hori politikariei galdetu beharko genieke. Baina, palestinar gisa, etxera datorren preso bakoitza garaipen bat da guretzat», uste du Mahmud Ajjad ekintzaileak. «Nire ustez, ordea, Hamas eta Israel pairatzen ari ziren ahultasun egoeraren ondorioz etorri da erabakia».

Ondorio politikoak

Zaila izango da trukeak Israelen eta Palestinan ekarriko dituen ondorio politikoak iragartzea, baina oraingoz badirudi akordioak ospe eta bultzada esanguratsua eman diola Hamasi. «Egia da Hamasentzat garaipen bat izan dela, baina sentimendu horrek ez du luzaroan iraungo beste pauso batzuk ematen ez dituzten bitartean; batasun akordioa ezartzea eta hauteskundeak antolatzea kasu», adierazi du Oudahk.

Ekintzaile askorentzat, baina, trukearen ondoriorik azkarrena izan da Palestinako preso politikoek gose greba utzi izana, Israelgo kartzeletako agintariek bakartze politika uztea erabaki dutelako. Palestinako 600 preso inguru irailaren 27tik zeuden gose greban.

«Presoak beti dira politikaren zama ordaintzen duten txotxongiloak», adierazi du Belengo Ilargi Gorriaren aurrean kanpaturik dagoen Mohamad Ibrahim Amsak. Bost urte kartzelan igaro ostean, berak ere gose greba hasi zuen, duela astebete, presoei elkartasuna erakusteko: «Israelek duela zenbait hilabete gogortu zuen espetxe politika, Shaliten askapena bizkortu eta Hamas estutzeko».

Beste senide asko bezala, presoak bisitatzeko debekuak amaitzeko eskatzen ibili da azken asteotan. Zisjordaniako 2.200 familiak ez dute baimenik Israelgo espetxeetara joateko, eta Gazako bakar batek ere ez. PANen datuen arabera, 6.000 preso palestinar daude Israelgo kartzeletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.