Osasun egoera onean aurkitu dituzte Tham Luang-Khun Nam Nang Non parke naturaleko kobazulo batean desagertutako haurrak. Bederatzi eguneko erreskate lanen ondoren lortu dute kobazulo barruraino sartu eta haien osasun egoeraren berri jakitea. Datozen egunetan, kobazuloan lau hilabetez irauteko janaria eta botikak eramango dizkiete erreskate taldeek.
Bideoan ikus daiteke erreskate taldeak desagertutako haurrengana iritsi diren unea.
[youtube]https://youtu.be/M7HKmMDNsso[/youtube]
Kobazuloa dagoen Chiang Rai eskualdeko Narongsak Osottanakorn gobernadoreak adierazi duenez, erreskate lanek oso luze jo dezakete; hala ere, pozik azaldu da haurrak "osasun egoera onean" aurkitu dituztelako. Gaineratu du erreskatea modu seguruan egin arte ez dituztela kobazulotik aterako. Litekeena da haurrek kobazulotik ateratzeko urpekaritza ikasi beharra, bertara iristeko bideak oso estuak direlako. Euri garaia da Thailandian, eta horrek erreskate lanak nabarmen luzatuko dituela uste dute adituek.
Ekainaren 23an piztu zen alarma hotsa. Kobazuloa dagoen parke naturaleko basozainek bizikleta eta arropak ikusi zituzten kobazulo sarreran, eta barrura sartzerakoan kobazuloan hondoratuta zeudela konturatu ziren.10 kilometroko kobazuloa da, oso arriskutsua ur maila ezberdin asko dituelako. Erreskate taldeak 23an bertan bertaratu ziren kobazulora. 1.300 pertsona baino gehiago dabiltza haurrak kobazulotik ateratzeko lanetan.
Ez da horrelako erreskate luzea behar den lehenaldia; 2010ean, 33 langile itxita geratu ziren Txileko San Jose mehatzean, eta erreskate lanek bi hilabete baino gehiago behar izan zituzten bertatik ateratzeko.