Itsasoaren egoera ona baliatuta, asko dira Europara heltzeko bide hori baliatzen dutenak; baina haien ontziak, maiz, nora ezean geratzen dira bide erdian. Horixe gertatu zaie ehunka iheslariri Kretatik gertu (Grezia). Kostazainek dagoeneko erreskatatu dituzte 250, baina beste ehunkak desagertuta jarraitzen dute —iturri ofizialen arabera, 600 edo 700 lagun zihoazen ontzian—.
Bestalde, Mediterraneoan itotako 117 iheslariren gorpuak aurkitu dituzte Libiako kostaldean, Tripolitik 120 kilometrora. Hildakoen artean gehienak Saharaz hegoaldeko afrikarrak zirela baieztatu du Ilargi Gorriak.
"Legez kanpoko" akordioa
Amnesty International giza eskubideen aldeko erakundeak salatu du Europak Turkiarekin hitzartutako akordioa "legez kanpokoa" ez ezik "onartezina" ere badela. "Turkia ez da aterpe segurua; ez dituzte babesten asilo eskatzaile eta errefuxiatuak", salatu du Europa eta Asia erdialderako AIren arduradunak, John Dalhuisenek.
Erakundeak ohartarazi du Turkaik ez dituela betetzeko halako egoerei aurre egiteko nazioarteko zuzenbideak jarritako baldintzak. "Ez daukate nahikoa baliabide asilo eskaerak azkar kudeatzeko, eta, ondorioz, eskatzaileek urteak egin ditzakete zain".