Afganiar batek entrenamendu base batean lau soldadu hil eta hamasei zauritu izanak auzitan jarri du Frantziako tropek Afganistanen duten zeregina. Nicolas Sarkozy presidentearen erantzuna erabatekoa izan da: Afganistango armadarekin partekatzen dituen operazio militar guzti-guztiak eta haiek trebatzeko lanak bertan behera geratu dira, eta herrialde hartan duen misioa ere bai, afganiar soldaduen formazioak aparteko arriskurik ez dakarrela ziurtatu bitartean.
Presidentetzarako hauteskundeak hiru hilabetera dituela, erabaki «zaila» hartu du Sarkozyk, baina ez du dudarik egin: «Segurtasun baldintzak ez badira argi ezarrita geratzen, armada frantziarrak itzulera aurreratuko du, eta, bitartean, operazio guztiak eten egin ditugu». Erretiratzea 2014rako dago hitzartua.
Sarkozyk Gerard Longuet Defentsa ministroa eta Adouard Guillaud almirantea «berehala» bidali ditu frantziarrek geratzeko beharrezkoak dituzten baldintzak bermatzen direla ziurtatzera. Zer gertatu den ikertu, eta jakinarazi beharko dute baseetan segurtasun neurriak zertan diren horrelakoak saihesteko. Sarkozyk hilaren 27an hitz egingo du gaiaz Hamid Karzai Afganistango presidentearekin duen bileran, eta, seguruenik, orduan jakinaraziko du erabakia, presidenteak berak jakinarazi duenez.
Alain Juppek Atzerri ministroari, ikerketarik behar izan gabe, argi geratu zaio herenegun gertatutakoa segurtasun baldintzarik gabe egotearen ondorio izan dela. Haren ustez «hilketa bat» da, borrokan hildakoekin zerikusirik ez duen ekintza, Kabisako Gwan basearen barruan gertatu zen eta, soldaduentzat berez leku seguruenean. Goizaldean Afganistango uniformez jantzitako batek tiroz hil eta zauritu zituen soldaduak afganiarrak entrenatzen ari ziren. Entrenamenduaren buru zen kapitaina oso larri dago.
Defentsa ministro Longueteknabarmendu duenez, gainera, frantziarrak armatu gabe zeuden tiroketa gertatu zenean. Zehazki, korrika saio bat egiten ari ziren, entrenamenduko lehen ariketa. Ustezko hiltzailea berehala atxilotu zuten, eta oraingoz ez dute jakinarazi infiltratutako talibana den edo susmorik egoteko arrazoirik ez zegoen afganiar soldadu bat.
Frontetik kanpo hildako soldaduak asko dira. Iaz bakarrik, 36 soldadu hil ziren afganiarrak formatzen ari ziren bitartean; azkena, ez da orain delaasko. Abenduaren 29an entrenamendua jasotzen ari zen soldadu afganiar batek bi legionario frantziar hil zituen. Afganistango Gobernuak ohar batean jakinarazi du gisa horretako hilketak eragozteko estrategia bideratuko duela, NATOren laguntza «ezinbestekoa» delako gerrari aurre egiteko.
NATOko buruzagiak garrantzia kentzen saiatu dira, ordea. Anders Fogh Rasmussenek gertaera bakana dela esateari eutsi dio. «Eguneroko errealitatea da 50 herrialdeetako ISAFeko 130.000 kide —NATOk Afganistanen duen misioa— 300.000 soldadu afganiar entrenatzen aritzen direla». Sarkozyrentzat, berriz hori baino gehiago da. «Afganiarren lagunak gara, baina oso larria da; ezin dugu inolaz ere onartu soldadu frantziarren kontra tiro egitea».
Frantziak urrian 200 soldadu etxeratu zituen, eta handik gutxira beste 200 ateratzea zeukan pentsatua, atzokoa gertatu aurretik. 2012rako Afganistanen mila soldadu inguru gutxiago izatea zen asmoa. Frantziak Afganistanen 2001etik ditu tropak, gerra hasi zenetik, eta NATOren estrategiak markatutako erretiratze plana zuen. Orain urtea amaitu baino lehen egitearekin mehatxatu du. Ikusi beharko da adierazpenak zertan geratzen diren.
Afganistan. Frantziako soldaduen aurkako erasoa
Operazio militarrak eten ditu Frantziak Afganistanen
Entrenamenduan afganiar batek lau soldadu hil ondoren, tropen erretiratzea aurrera dezakeela jakinarazi du Nicolas SarkozykFormazio guneetan segurtasun neurriak betetzen ez badira aterako dituzte militarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu