ULA Ezker Batuaren Aliantza koalizioa eratu zuten hainbat talde ezkertiar eta antikapitalistek bozei begira, eta bost parlamentari eskuratu dituzte —Alderdi Sozialista, Herritarrak Etekinen Aurretik eta Langile eta Langileen Ekintza Taldeak osatu dute koalizioa—. Clare Daly (Newbridge, 1968) parlamentari sozialistaren ustez, horixe da bozek aldatu duten gauzarik inportantena. «Gobernu berriak aurrekoaren ildoa jarraituko du, baina, lehen aldiz, oposizio sendoa egonen da».
Zer suposatu du bost aulki izateak?
Aldaketa oso handia da. Bost ordezkari lortu ditugu; Sinn Feinek orain arte izan duen kopuru bera. Nahiz eta gure taldea handienetarikoa ez izan, oihartzun handia izanen dute gure eskakizunek. Fianna Fail eta Fine Gael babesten ez dutenak asko dira, eta gu horien guztien ahotsa izanen gara. Lehen aldiz, benetako oposizioa egiteko aukera egonen da.
Beste talde ezkertiarrek ere boto kopurua handitu dute. Sinn Feinek eta independenteek, kasu.
Bai, hala da, eta beraiekin akordioak egiteko prest gaude; gauza asko ditugu komunean. Hasteko, talde teknikoa osatu behar dugu parlamentuan. Zazpi parlamentari behar ditugu horretarako, beraz, beste ezkertiarrekin bat egiten saiatuko gara.
Inoiz baino boto ezkertiar gehiago egon da, baina gobernuaren kontrako oposizioa ez da kaleetan ikusi.
Jendea oso haserre dago Fianna Failekin, baina ez da erantzun aktibo bat egon, ez dira kalera atera protesta egitera. Herritarrak hauteskundeen zain egon dira gobernua zigortzeko. Agintaritza berriak aldaketak ekarriko dituela pentsatu izan dute, baina, gure ustez, gobernu berriak gauzak okertu besterik ez ditu eginen.
Zer iruditzen zaizu laboristek Fine Gaelekin koalizioa osatzea?
Erabakia erabat okerra da. FGk askoz aulki gehiago ditu laboristek baino, eta nahi dutena eginen dute gobernuan. Laboristek oposizioa egitea erabaki izan balute, hurrengo hauteskundeetan boto gehiago eskuratuko lituzkete. Historikoki frogatuta dago koalizioa egin duten bakoitzean [FF eta FGrekin] botoak galdu dituztela, baina, dirudienez, ministerioren bat eskuratzea tentagarriegia izan da beraientzat. Nolanahi ere, presio handiegia jasango dute, azkenean, kritikatu dituzten politika berdinak egin beharko baitituzte. Zatiketaren bat egon daitekeela uste dut, laborista askok ez baitute FGrekin koalizioa egin nahi.
Gobernu berriak legealdi osoa iraunen duela uste duzu?
Ez dut uste koalizioak bost urte iraunen duenik. Lehen aldiz historian, oposizio ezkertiar sendoa egonen da parlamentuan, eta horrek presioa eraginen du Alderdi Laboristan. Ondorioz, litekeena da gobernu berria bost urte baino lehen kolapsatzea. Gainera, orain koalizio kideek ozen esaten ari dira erreskatea berriz ere negoziatu behar dutela Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Europako Batasunarekin, baina ikusiko dugu zein punturaino lortzen duten. Angela Merkelek Alemaniako kantzilerrak dagoeneko esan du ez dituztela baldintzak aldatuko.
Alderdi Sozialistako kide izateaz gain, sindikalista ere bazara. Zein da sindikatuen eginkizuna krisian? Greba orokorrik aurreikusten al duzu?
Atzerrian izan dugun irudia pasibotasunarena izan da. Baina ez da hala izan. Jendeak beldurra izan du, eta horregatik ez dira protesta asko antolatu. Egoera ekonomikoa oso txarra da, eta lana galtzeko beldur handia dago. Aurrerantzean, hala ere, murrizketa gehiago eginen ditu gobernuak, eta jendea agian gehiago aterako da kalera. Behin Fianna Fail zigortuta, baliteke hurrengo pausoa hori izatea.
Clare Daly. Alderdi Sozialistako parlamentaria
«Oposizio ezkertiar sendoa egongo da lehenengo aldiz»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu