Baxar al-Assad presidenteak agindutako konstituzioa aldatzeko erreferenduma eginen dute gaur Sirian. Oposizioko talde nagusiek, ordea, ez dutela parte hartuko iragarria dute. Testuinguru berezian eginen da; hain zuzen, Siriaren Lagunak taldeak egindako bilkuratik bi egunera, eta Homs hirian Gurutze Gorriak esku hartzeko ekimenen erdian. Konstituzio proposamenak 157 artikulu ditu; bertzeak bertze, presidentea hautagarria izatea biltzen du —zazpi urteko agintaldirako, eta hautagai bera soilik bi aldiz jarraian—, eta alderdi aniztasuna ezartzen du, Baathen monopolioa amaituz.
Al-Assadek iragan urrian agindu zion batzorde bati konstituzio proposamen bat idazteko. Oposizioko SNC Siriako Kontseilu Nazionalak eta Mendebaldeko herrialdeek, ordea, ez diote inolako sinesgarritasunik eman Al-Assaden ekimenari. Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera—SNCko kide dira— erregimenak «bere sarraskiak gorde» nahi ditu ekimenarekin. Oposizioko bertze plataforma nagusiak, NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordeak, «indarkeria gelditu ezean» erreferendumean parte hartzea «ezinezkoa» izanen dela adierazi zuen iragan astean. Errusiak eta Txinak, ordea, sostengua agertu diote erreferendumari. Herritar gehienek onartuko balute, 90 eguneko epean hauteskundeetara deituko luke Al-Assadek.
Siriaren Lagunen bileraren biharamunean, berriz, Damaskok balorazioa egin zuen. Bertzeak bertze, «terroristak» laguntzea egotzi dio taldeari, Siriaren «segurtasuna eta egonkortasuna ahultzeko».
Negoziazioek huts Homsen
Oposizioko indarrek hartuta eta armadaren setiopean dagoen Homs hirian, berriz, ICRC Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak atzo ilunabarrean jakinarazi zuen zaurituak ebakuatzeko operazioa luzatzeko negoziazioek huts egin zutela. Herenegun Ilargi Gorriak hainbat lagun atera zituen Homsetik, oposizioarekin eta erregimenarekin hitzartu ondotik.
Oposizioa aurka dagoela eginen dute Sirian konstituzioaren erreferenduma
Mendebaldeak errefusatu egin du gaurko galdeketa, eta Errusiak eta Txinak ontzat jo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu