Poliki baina seguru, badoa maldan behera gaddafitarren boterea. Azken egunotan gero eta ziurtasun gutxiagoz hitz egin dute koronelak eta bere ingurukoek, oposizioari «negoziatzeko aukera» emateraino.
Oposizioak, ordea, ongi daki ez duela horrelakorik behar; atzo bertan agertu zen prentsaren aurrean Fathi Tarbul, Bengazin behin-behinean agintean jarri duten batzordeko kidea, esanez Muammar Gaddafiren aldeko armadak herrialdeko %15 baino ez dutela kontrolatzen.
Tarbulen atxiloketa izan zen libiarren amorrua piztu zuen pospoloa. Gaddafiren aginduz hildako 1.200 preso politikoren familietako abokatua da bera. Otsailaren 15ean atxilotu zutenean, presoen senideek manifestaziorako deia egin zuten, hura aska zezaten eskatzeko. Tarbul gau hartan bertan utzi zuten aske, baina protestak ez zituzten eten.
Garaipena gertu dutela sumatzen du Tarbulek: «Gaddafi bere azken uneak bizitzen ari da; datozen egunetarako espero dugu erregimenaren gainbehera».
Tripolirengan dute apustua egina. Libia basamortua da ia osorik; biztanle kontzentrazio handietarako egokiak diren gune bakarrak Tripoli eta Bengazi inguruak dira. Hain zuzen ere, Libiako biztanle gehienak bi hiri horietan edo inguruko eskualdeetan bizi dira. Bi hiri horiek gabe, galdua du erregimenak kontrola, barnealdeko lurraldeetan boterea mantendu arren.
Oposizioaren esku dagoen ekialdeko indar armatuen buruak ere garailearen ziurtasunaz hitz egin du. Abdul Nafa Musa brigadako jeneralak esan du ekialdeko ofizial guztiak oposizioaren alde daudela, eta «indarrak biltzen» ari direla. Petrolio putzu gehienak ere eurek kontrolatzen duten lurraldean daude. Ez dute asmorik, ordea, Tripolin ekintza militarrik egiteko, horretarako beharrik ez dagoelakoan: «Konbentzituta gaude herritarrek askatuko dutela Tripoli». Oraindik ez dakite zenbat soldadu bil ditzaketen ekialdean. Oraingoz, «Bengazi eta beste hirietako jendea babestea» da armadaren eginkizuna.
Bien bitartean, Gaddafiren seme Saif al Islamek hitz egin du, bestetan baino aski apalago: hedabideei «berriak puztea» leporatu die. Ukatu egin du bere aitaren aldeko armadak zibilei eraso egin dienik; «matxinoen» eskuetan zeuden munizio biltegiak baino ez dituztela bonbardatu esan du. Horrez gain, herrialdeko hiru laurden «primeran» daude. Dena den, esan du badirela «aldaketarako nahi batzuk» ere, eta Libiaren etorkizuna eraikitzeko «negoziazio lagunkoiak» behar dituztela.
Nazioartea, urduri
Libiak bakarrik ez, nazioarteak ere bizkarra eman dio Gaddafiri. Atzo NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak larrialdiko bilera egin zuen, Gaddafiri eta haren ingurukoei jarri beharreko zigorrak adosteko.
Frantziak eta Erresuma Batuak egindako proposamena aztertzeko bildu ziren, batez ere. Txosten horretan, besteak beste, gizateriaren aurkako krimenengatik ikerketa bat abiatzeko eta Gaddafiren eta bere inguruko 21 lagunen ondasunak izozteko eskatu dute. Horien artean leudeke bere seme-alabak, Defentsa ministroa eta Indar Armatuetako hainbat buruzagi.
Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak aurretik eskatua zion Segurtasun Kontseiluari «aukera ugari» kontuan hartzeko: «Bada garaia Segurtasun Kontseiluak ekintza konkretuak pentsatzeko. Datozen ordu eta egunak erabakigarriak izango dira Libiako eta eskualde osoko etorkizunarentzat».
Europako Batasunak bihar egingo du gai horri buruzko bilera, baina estatu batzuek dagoeneko kirioak dantzan dituzte. Frantziak Gaddafi eta bere ingurukoen ondasunak kontrolatzeko agindua eman du: finantza sektoreak abisu eman beharko dio transakzio «susmagarrien» berri izaten badu.
Erresuma Batua, berriz, Libiako erregimeneko kideei presioa egiten ari zaie: Gaddafi utzi ezean, gizateriaren aurkako krimenengatik epaituko dituztela mehatxu egin diete.
Protestak herrialde arabiarretan
Oposizioa indarrak biltzen ari da
Bengazin agintean jarri duten batzordeko kide batek esan du Gaddafik herrialdeko %15 baino ez duela kontrolpean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu