SIRIA

Oposizioak 300 lagun hiltzea leporatu dio Al-Assaden gobernuari

Sirian gatazka piztu zenetik, izandako sarraskirik handiena izango litzateke Daraya hirian gertatutakoa. 

2012ko abuztuaren 27a
14:02
Entzun

Siriako oposizioak 300 lagun baino gehiago hiltzea leporatu dio Baxar al-Assaden gobernuari. Oposizioaren arabera, gorpuek exekuzio zantzuak dituzte. Hilketa Daraya hirian gertatu da, Siriako Armada Askea eta armada hainbat egunez elkarren aurka aritu dira eremu horretan. Oposizioaren esanetan, Siriako Armada Askea munizio gabe geratu zen eta orduan, armadak helikoptero eta tankeekin hirian sartzeko aprobetxatu zuen. 

Nazioarteko hedabideek Sirian sartzeko dituzten oztopoek gertaeraren nondik norakoak jakitea eragozten du. Hala ere, The New York Times egunkariak argitaratu duenez, hedabideko kazetari batek Daraya hirian sartzeko aukera izan du eta bertako kaleak hobi komunez beterik daudela jakinarazi du. Gainera, oposizioak gertaera salatzeko hainbat bideo zabaldu ditu. Hilketa baieztatzekotan, duela 17 hilabete Sirian gatazka piztu zenetik, izandako sarraskirik handiena izango litzateke.

Siriako SANA albiste agentziak ohar batean iragarri duenez, Al-Assaden armadak Daraya hiria "terroristez garbitu" du. Siriako presidenteak atzerriko indarrei "kosta ahala kosta" aurre egingo diela adierazi du. Gaur gainera, beste 20 bat lagun hil dira Damaskoko hainbat auzotan izandako bonbardaketen ondorioz. Siriako oposizioak, Al-Assaden armadaren helikoptero bat bota du. 

Berriki, François Hollande Frantziako presidenteak esan du Nazioarteko Zigor Auzitegiak esku hartu behar lukeela Siriako gerra krimenak Hagara eramateko. Europako Batasunak sarraskia gaitzetsi du. Catherine Ashton Europako Batasuneko kanpo harremanetarako ordezkariak, Sirian gertatutako "erabat onartezina" dela adierazi du.

 

 


   

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.