HAUTESKUNDEAK VENEZUELAN

Oposizioak lortu du gehiengoa Venezuelako Parlamentuan

Hauteskunde Batzordeko presidente Tibisay Lucenak jakinarazi du 99 eserleku lortu dituela MUDek, eta 46, berriz, GPPk ordezkatutako chavismoak.

MUDeko kideak, bozetako garaipena ospatzen. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
2015eko abenduaren 7a
09:58
Entzun

167 eserleku ditu ganberak, eta Batasun Demokratikoko Mahaiak eskuratu du gehiengoa bertan. Parte hartzea %74,5ekoa izan da, eta emaitzak behin betikotzat jo dituzte, botoen %96,03 zenbatuta daudenez. Oposizioko koalizioa legebiltzarreko ordezkarien hiru bosten lortzeko eserleku bakarraren faltan geratu da, eta gehiengo horrek aukera emango ziokeen erreforma sakonak egiteko. Polo Patriotiko Handiak ehun ordezkari zituen orain arte, baina kolpean erdia baino gehiago galdu ditu.

Emaitzen berri izan eta gero, MUDek adierazi du "aldaketaren hasiera" direla legebiltzarrerako bozak: "Hasi da aldaketa Venezuelan, gaur arrazoiak ditugu ospatzeko", esan du Jesus Torrealba MUDeko idazkariak.

Porrota aitortu du Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak: "Kontrako emaitza hauek onartzera etorri gara". "Konstituzioak eta demokraziak" irabazi dutela nabarmendu du.

Venezuelakoa sistema presidentzialista da, baina parlamentuak pisu handia du. 2000. urtean Hugo Chavez zenak prozesu konstituziogilea abiatu eta ganbera bakarreko sistema ezarri zuenetik, beti izan du chavismoak legebiltzarra kontrolpean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.