Venezuela

Oposizioak urteetan eginiko martxarik handiena egin dute Caprilesen alde Caracasen

Urriaren 7an hautatuko dute venezuelarrek 2019. urtera arteko presidentea. Aste baten faltan, oposizioak indarberrituta ikusi du bere burua Chavezen aldean. Chavezentzat Capriles hautagaia "haurtxo aberats bat da, pobrez mozorrotuta".

2012ko urriaren 1a
13:43
Entzun

Hauteskunde kanpainako azken ekitaldia egin zuen atzo Henrique Capriles presidentegai duen MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiak, Caracasen. Daturik ez dute ezagutarazi, baina urteetan oposizioak eginiko manifestaziorik jendetsuena izan zen atzokoa. Hugo Chavez presidentearen aurkako ehunka milaka lagun elkartu ziren, goizeko bederatzietatik hasita (Euskal Herrian 15:30ak zirenean). Hiriburuko zortzi gune ezberdinetatik abiatu ziren, eta zutabe guztiak elkartu ziren Simon Bolivar kalean.

Larunbatean MUDen aldeko hiru gazte hil zituzten, eta horiek gogoan izan zituen Caprilesek: "Urriaren 7an indarkeria garaituko dugu". Caprilesek berak ez zizkien hilketak Chavezen aldekoei egotzi, nahiz eta oposizioko buruaren gertuko zenbait buruk Chavez jo duten arduradun. Chavezek berak "botoen eta ideien" lehiaren alde egin zuen.

"Ideologia da pobrezia gainditzea, lana izatea eta indarkeriarekin amaitzea; hori da aurrerakoia", adierazi zuen Caprilesek manifestazio amaieran eginiko adierazpenetan. Chavezen gobernu egitasmoa irakurri zuen Caprilesek, eta herritarrei galdetu eta venezuelarren arazoei erantzunik ematen ote dien Chavezen programak. "XXI. mendeko sozialismoa agortuta dago", esan zuen Caprilesek, hamalau urtean indarkeria bost aldiz hazi dela argudiatuta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.