Yemengo armadak oposizioko 70 lagun hil ditu gutxienez Arhadeko base militarrean, Sana hiriburutik 30 bat kilometro iparraldera. Guardia Errepublikarraren gunea kontrolpean hartu dute Al Islah alderdiaren jarraitzaileek, eta horregatik bonbardatu dute basea. Bestalde, Taiz hirian—erregimenaren aurkako protestek indar handia dute han— liskarrak izan dira, eta polizia bat hil dute.
Bere egoitzaren aurkako erasoa jasan zuenetik, Ali Abdala Sale Yemengo presidentea Saudi Arabiako ospitale batean egon arren, badirudi oposizioak ez dituela protestak baretu, eta erregimenak ere bere horretan dirau, oposizioaren aurkako errepresio gogorrari eutsiz.
Armadaz gain, Guardia Errepublikarrak ere parte hartu du erasoan. Guardia Errepublikarrak Saleren alde egin du protestak hasi zirenetik. Dirudienez, Saleren erregimenaren aurkako tribuek haien basearen kontrola hartu zuten atzo, eta horregatik egin zieten eraso.
Abdu al Janadi Yemengo informazio ministroak Mansur al Hanaki egotzi dio gune militarraren kontrola hartzeko ekintza gidatzea. Al Islah alderdi islamistaren diputatua izan zen Hanak, eta erregimenaren oposizioarekin bat egin zuen.
Atzokoak ikusita, badirudi Yemenek ez diela kasurik egin asteazkenean Catherine Ashton Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi ordezkariak egindako eskaerei. Yemengo Gobernuari Trantsiziorako «egitasmo sinesgarri» bat martxan jartzeko eskatu zion Ashtonek. Horrez gain, indarkeria baztertzeko deia egin zien bi aldeei. «Norbanakoen eta alderdien arteko ezberdintasunak alde batera utzi behar dira, Yemenen interesen alde».
Urtarriletik protestan
Urtarrilean hasi ziren Yemengo protestak. Sale presidenteak—1978tik dago boterean— legea aldatu nahi izan zuen bere legealdia luzatzeko, eta parlamentuak onartu ere egin zituen behin-behineko aldaketa batzuk. Otsailean, ordea, lege aldaketa bertan behera utzi zuela adierazi zuen Salek parlamentuan, oposizioa kalera atera baitzen presioa egitera. Dena den, adierazpen horiekin ez zuen lortu protestak amaitzea.
Maiatzean protestetatik haratago joan ziren, presidentearen aldekoek eta haren aurkariek elkarren arteko borroka armatua hasi baitzuten. Hala, ekainaren 3an Saleren egoitzari eraso egin zioten, eta presidentea bera zauritu zuten, gobernuko beste kide batzuez gain. Zaurien larritasunagatik, Sale Saudi Arabiara joan behar izan zen tratamendua jasotzera, eta oraindik han dago. Boterea, berriz, Abdul Rabbo Mansur Hadi presidenteordearen eskuetan utzi zuen.
Maiatzean trantsiziorako ituna sinatzekotan egon ziren Yemengo Gobernua eta oposizioa, baina azkenean bertan behera geratu zen. GCC Persiako Golkoko Lankidetza Kontseiluko sei herrialdeek egin zuten bitartekari lana, eta itunaren testua proposatu zuten. Testu haren arabera, Salek boterea utziko zuen 30 eguneko epean. Horren truke inmunitatea lortuko zuen presidenteak.
Oposizioko 70 lagun hil ditu Yemengo armadak bonbardaketa batean
Arhadeko base militarra kontrolpean hartu dute erregimenaren aurkako leinuek, eta horregatik egin diete eraso
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu