Azken egunetan urduritasuna nabaria zen Nuri al Maliki lehen ministroaren bulegoan. Bazuen arrazoirik, behin-behineko datuek lehia estua iragartzen baitzuten haren Zuzenbide Estatua eta Ijad Alaui gobernuburu izandakoaren Al Irakijaren artean. Eta atzo frogatu zen zuzen zeudela. Soilik bi diputaturen aldearekin bada ere -91 lortu ditu-, martxoaren 7ko Legebiltzarrerako bozak irabazi ditu gaur arte oposizioan egon den koalizio laikoak. Beraz, Parlamentuko gehiengoa eskuratzetik urrun geratu den arren -165 behar dira-, bera izango da koalizio gobernua osatzeko aukera izango duen lehena. Dena den, emaitzak ez dira oraindik behin betikoak; alderdiek etzi arteko epea izango dute Auzitegi Gorenean helegiteak jartzeko.
Alaui trantsizio gobernuko buru izan zen 2004 eta 2005. urteen artean, baina agintetik kanpo geratu zen Legebiltzarreko hauteskundeen ostean. Boterean egon zen garaian AEBen txotxongilotzat zuten irakiar askok. Baina orain, bozetan parte hartzea erabaki duten milaka suniten botoei esker, Gobernura itzultzeko aukera izango du. Azken horiek baztertuta sentitu dira Saddam Hussein agintetik kendu zutenetik. «Herriak era argian aukeratu du zerrenda hau. Nire indar guztiekin egingo dut lan gobernu berri bat osatzeko», esanez eskertu die hark bere alde botoa eman izana. Aldaketarik ezean, bere gobernua izango da AEBetako soldaduen erretiratzea gainbegiratuko duena.
Hala ere, bi bloke nagusien arteko aldea hain txikia izanik, eta Hauteskunde Batzordeak boto kopuruen berri eman ez izanak, susmoak indartu ditu galtzaileen artean. Al Maliki bera izan da protesta egiten lehena. «Emaitzak ez dira behin betikoak, eta zalantzak sortzen dituzte. Zuzenbide Estatuak helegitea jarriko du Gorenean, manipulazio egon denaren frogak dituelako». Egun agintean dagoen koalizioak 89 diputatu eskuratu ditu, espero baino askoz ere gutxiago -aurreko legealdian 128 eserleku zituzten-. Hala, atzo bertan lehen ministroaren aldeko dozenaka lagun irten ziren Bagdadeko kaleetara iruzurra salatu eta botoak eskuz zenbatzeko eskatzera. Hauteskunde Batzordeak, ordea, lehendik ere ohartarazi du ez duela halakorik egingo. Erabakia ulertezintzat jo du gobernuburuak, eta iragarri du haren taldea bigarren tokian geratu bada ere hasi dituela koalizioa osatzeko negoziazioak. «Lan egingo dugu bloke politiko handiena osatzeko».
Nazioartea pozik
Nazio Batuen Erakundeak Iraken duen ordezkari Ad Melkert ez da gobernuburuaren iritzi berekoa. Haren esanetan, hauteskundeak «sinesgarriak» izan dira, eta emaitzak onartzeko eskatu die alde guztiei. «Hauteskunde prozesua historikoa izan da». Hitz horiekin giroa baretu nahi izan du Melkertek. Izan ere, asko beldur dira bozen ostean ez ote diren erasoak ugarituko.
Bestalde, gutxienez 53 lagun hil eta ehundik gora zauritu ziren atzo Bakubatik 15 kilometrora egindako bi atentatutan. Al Khalesen izan ziren erasoak, eta biktimen artean emakume eta adingabeak daude.
Oposizioko Al Irakija blokeak irabazi ditu Irakeko Parlamenturako bozak
Alaui lehen ministro izandakoak koalizio gobernua osatu beharko du orain; helegitea jarriko duela iragarri du Al Malikik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu