Oposizioko alderdiak legez kanpo uzteko mehatxua egin dute Bielorrusian

Gobernuak igandeko hauteskunde osteko liskarretan parte hartzeagatik debekatu nahi ditu alderdiak

2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
«Alderdi politikoek eta erakunde sozialek liskar masiboetan parte hartzea euren batzorde eragileko bileretan erabaki bazuten, orduan horien abolizioa aztertuko dugu», halaxe mintzatu da Viktor Golovanov, Bielorrusiako Justizia ministroa. Iragan igandekohauteskundeetan bosgarren aldiz Aleksander Lukaxenko presidente hautatu zutela iragarri ostean, istilu gogorrak jazo ziren Minsken. Poliziak 600dik gora manifestari atxilotu zituen, tartean presidentetzarako oposizioko bederatzi hautagaietatik zazpi. Lukaxenkoren aurkako protestetan 30.000 lagunetik gora bildu ziren eta gobernuaren egoitzari eraso egin zioten.

Justizia ministroaren arabera, «larritasun goreneko jokabidetzat» hartuko da alderdiek liskarretan parte hartu izana. Presidentetzarako hauteskundeen aurretik politikariei, ekintzaileei eta sindikatuetako kideei legez kanpoko ekintzetan parte ez hartzeko eskatu ziela gogorarazi du Golovanovek.

Igandean atxilotutako gehienei, 580 laguni baino gehiagori,bost eta hamar egun bitarteko kartzela zigorrak ezarri dizkie epaileak. Leonid Farmaguei Minskeko poliziaburuaren arabera, atxilotutako asko aske utzi zituzten, hala nola adin txikikoak eta bi edo hiru haur baino gehiago dituzten gurasoak. Baita beste herrialdeetako manifestariak ere; tartean, kazetariak.

Liskarren eragileek, ordea, erantzukizun penalei aurre egin beharko dietela iragarri du Farmagueik. Eragileen artean egon daitezke, hain justu, atxilotutako oposizioko zazpi lehiakideak. Hamabost urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri ahal dizkietela iragarri dute.

Horietako bat, Vladimir Nekliaiev, jo egin zuen Poliziak protestetara bidean zela. Ospitaleanartatzen ari zirela, berriz, hainbat polizia gerturatu zitzaizkion kaleko jantzian eta eraman egin zuten. Uneotan, KGB Estatuko Segurtasun Kontseiluaren zigor ziega batean dago.

Bertsio ofiziala gezurtatu dute

Bestalde, 2006an Lukaxenkoren aurka lehiatu zen Aleksander Milinkevitx oposizioko kideak atxilotuei elkartasuna adierazteko martxa baterako deia egin zuen atzo. EBk esku hartzeko eskatu zuen, oposizioaren aurkako errepresioa amaitzeko bide bakarra hori dela iritzita. Jarduneko presidenteak Bielorrusiako demokrazia deuseztatu nahi duela sinetsita dago Milinkevitx.

Era berean, bertsio ofiziala gezurtatu zuen oposizioko kideak, eta igandeko liskarrak agintarien probokazioen ondorio izan zirela salatu zuen.

Kritikei entzungor

Europako Kontseiluak gogor kritikatu ditu hauteskundeetako irregulartasunak, eta baita oposizioko kideen errepresioa ere. Jarrera horrekin Bielorrusia bakartze egoeratik irteteko aukera bat galtzen ari dela azaldu du.

«Lukaxenko presidenteak onartu behar lukehauteskundeak herritarrek euren buruzagiak hautatzeko direla, eta ez alderantziz», adierazi du Thorbjrn Jagland Europako Kontseiluko idazkari nagusiak.

Izan ere, Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak Bielorrusiara bidalitako behatzaileen arabera, bozen zenbaketaren erdia «txarra» edo «oso txarra» izan zen.

Etxe Zuriak ere gogor kritikatu du Bielorrusiako Gobernuaren jarrera,eta igandean atxilotutako manifestariak eta oposizioko kideak aske uzteko eskatu du.

Lukaxenkok, baina, entzungor egin die kritikei. Poliziaren errepresioa defendatu du: «Herrialdea eta herritarrakhondamenetik eta basakeriatik babestu zituzten. Igandean Minsken antolatzen saiatu zirena ez da demokrazia, gaizkiletza hutsa baizik».

Atzerriko behatzaileen lana, aldiz, gogor kritikatu du: «Batzuetan, ahaztu egiten zaie hauteskundeak behatzera etortzen direla, ez iritzia ematera». Lukaxenkoren ustetan bozketa garbia izan baitzen. «Nire aldekoei zorionak eman nahi dizkiet, eta aurkariei, aldiz, berririk txarrena eman nahi diet: gutxienez beste bost urtez aritu beharko dutela nirekin», gaineratu du Lukaxenkok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.