Oposizioko bi alderdi aurkeztu dira Parlamenturako hauteskundeetara. Bietan indar handiena duena, RAS Ruandako Alderdi Sozialdemokrata,Gobernuaren aldekotzat jo dute tokiko hedabideek. Vincent Biruta RASeko buru eta Senatuko presidenteak, hala, ahaleginak egin ditu bere alderdia independente gisa aurkezteko. Bozen ondotik, alabaina, Zimbabwen eta Kenyan gertatutakoa errepikatzerik ez duela nahi adierazi du; nahiz eta Ruandako oposizioa herritar askok uste dutena baino aktiboagoa dela nabarmendu duen. Hauteskundeek indarkeriari eta krisi politikoari bide eman zioten Kenyan eta Zimbabwen.
1994ko genozidioa gertatu zenetik, bigarren aldia da RuandanLegebiltzarrerako bozak egiten dituztela. Iragana presente dute herritarrek; horregatik, ezeren gainetik bakea mantentzeko beharraz mintzo dira oraindik. Aldaketaren alde baino gehiago, gauzak dauden moduan uztearen aldekoa da herritarren gehiengoa.Kagameri, hain zuzen, liskarrak gaindituta, egoera bare mantentzeko gaitasuna aitortu diote.
Ehun egunetan 800.000 lagun hil zituzten, 1994an; gehienak tutsiak. Kagame buru zuen errebelde talde tutsiak amaitu zuen genozidioa, eta hutuak boteretik egotzi ondoren, agintea hartu zuten. Paul Kagame 2000an izendatu zuten presidente.
Boterearen monopolioa
«Alderdi politiko bat baino zerbait gehiago da Ruandako Fronte Patriotikoa. Estatuko makineria guztia monopolizatu, bozetara zein alderdi aurkeztu daitekeen eta zein ez erabaki, eta hauteskunde kanpainak iraun duen artean herrialdeaisolatu du. Legebiltzarrerako bozak ke laino baten gisakoak dira». Erbestean, Bruselan, oposizioko hainbat taldek osatzen duten Indar Demokratiko Bateratua mugimendua izan da Kagameren aurkako kritika zorrotzenak egin dituena.
Ruandako Gizarte Zibilaren Ikuskaritzarako Misioak ere irregulartasunak salatu ditu. Erakunde horren arabera, oposizioari ez diote hedabideetan ia tarterik eskaini kanpaina egin zezan. «Alderdi bakoitzeko hautagaiari denbora tarte ezberdinak eskaini dizkiete. Besteak beste, irrati nazionalak RPFren alde egin zuenbi egunez. Gainerakoak ez zituen aipatu ere egin», jakinarazi du erakunde horrek.
Kagameren gobernuak kontrol zorrotza jarri du martxan politika alorrean. Hainbat alderdi legez kanpo utzi ditu, eta benetako oposizioaren aurrean arbuioa agertu du.
Emakumeak Parlamentuan
Legebiltzarrean emakumeek ere parte hartu behar dutela aldarrikatu du presidenteak hauteskunde kanpainan. Atzoko bozetan Parlamentuko 80 eserlekuetatik 53 baino ez zeuden jokoan. Gainontzekoak modu korporatiboan aukeratuko dituzte: datorren asteartean probintzietako erakundeen batzarrak 24 emakume aukeratu ditu diputatu izateko, bi datorren irailaren 17an izendatu ditu Gazteriaren Institutu Nazionalak eta azkena Elbarrien Elkarte Federalak aukeratuko du.
2002ko Parlamenturako hauteskundeetan Ruandako Fronte Patriotikoak botoen hiru laurdenak eskuratu zituen. Oraingoan ere gehiengo zabala eskuratuko du, segur aski.