Oposiziorik gabeko

Irango Legebiltzarrerako bozetan aurkezteko ez da nahikoa programa bat izatea eta deliturik egin ez izana; boterea duten kontserbadoreen gustukoa izatea ere ezinbestekoa da.

arantxa elizegi egilegor
2008ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Demokrazia: boterea herriarengan datzala dioen doktrina politikoa; doktrina horren araberako gobernu era». Horixe irakur daiteke hiztegian demokrazia hitza bilatuta. Mendebaldeko ikuspegiaren arabera, Gobernu bat demokratikoa izan dadin, ezinbestekoa da hura hauteskundeen bidez aukeratzea. Ezin esan, ordea, bozak egiten dituzten herrialde guztiak demokratikoak direla. Iranen, esaterako, Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte gaur, baina denek ez dute horietan parte hartzeko aukerarik izango. Izan ere, oposizioko dozenaka lagun zerrendetatik kendu dituzte Islama ez errespetatzea edo Mendebaldeko «etsaiekin» hitz egitea leporatuta. Ondorioz, diputatuak herritarrek aukeratuko dituzten arren, kontserbadoreek bermatua dute Legebiltzarreko gehiengoa.

«Auzoko dendara joan ziren eta nire bizitza pertsonalari buruzko galderak egin zituzten. Emakumeei lizunkeriarekin begiratzen nien, mezkitara joaten nintzen, emazteak apaltasunez janzten zuen eta zer erosten nuen galdetu zioten», dio Kasra Noorik. Kazetaria da bera, eta gobernu moderatuagoa du amets. Beraz, hauteskunde zerrendetan izen ematea erabaki zuen. Baina Zaindarien Kontseiluko begiraleek haren hautagaitza atzera bota zuten, bi argudiotan oinarrituta: Islamarekiko «arinkeriaz» jokatu zuela; eta ez zuela buruzagi nagusiarengan «nahikoa federik». Horiek hala, giza eskubideen aldeko taldeek salatu dute Irango legedia zabalegia dela, zehaztasun gutxikoa, alegia, eta, beraz, Gobernuak ia edonor atxilotu dezakeela, edozein argudiorekin.



KONTROL ZORROTZA. Noorik zortea izan zuen, ez zuten preso eraman, eta ez zioten «delitu larririk» egotzi, ezkondua egonda, beste emakume batekin ibiltzea, esaterako. Ez litzateke halakorik egiten duten lehen aldia. Dena den, halako ikerketak hautagai moderatuen edo erreformisten kasuan soilik egiten dituzte. Maiz begiraleak berak hautagai kontserbadoreak izan ohi dira. Horiek ez dira, ordea, erabakiak hartzen dituztenak. «Zaindarien Kontseiluak ez du talde gisa erabakitzen zein hautagaik egingo duten aurrera. Bost edo sei kide dira azken erabakia hartzen dutenak; militarrak eta inteligentzia zerbitzuetako kideak dira», dio Saeid Shariati oposizioko alderdi handiena den Parte-hartze Fronteko kideak.

Azken finean kontserbadoreak dira boterea kontrolatzen dutenak. Beti izan da hala, baita Mahmud Ahmadinejad agintera iritsi aurretik ere. Mohamed Khatami erreformista zegoen orduan estatuburu, baina Gobernuaren erabakiak berretsi edo atzera botatzen zituena ez zen bera, Ali Khamenei aiatola baizik. Haren aginduetara daude epaile, legegile eta segurtasun indarrak, kontserbadoreak guztiak.

Khameneiren politika eta erabakien biktima izan dira oposizioko hainbat buruzagi. Azkena Khatami presidente ohiaren anai Mohammad Reza Khatami. Legebiltzarreko eledun ohia Alemaniako enbaxadorearekin bildu zen duela egun batzuk, eta horrek kontserbadoreen haserrea eragin du. «Parlamentua ez da espientzako eta asilo eskatzaileentzako tokia», adierazi zuen Elias Naderan diputatu kontserbadoreak. Khatamik, hala ere, aske jarraitzen du. Baina nahi izanez gero, diputatua preso sartzeko ere aukera badute agintariek. Irango Konstituzioko 500. artikuluaren arabera, hiru hilabete eta urtebete arteko zigorrak jaso ditzakete «Irango Errepublika Islamikoaren aurkako edo haren kontra dauden instituzioen aldeko agerraldiak» egiten dituztenek.



KRITIKEN ARRISKUAK. AEBek ez ezik, Iranek ere badu bere Guantanamoa. Evin izena du eta Teheranen dago. Kartzela horretako 209. sekzioak giza eskubideen aldeko taldeen salaketak eragin ditu. Izan ere, han egon direnek salatu dute fisikoki eta psikologikoki torturatzen dituztela han presoak, eta maiz bakartuta edukitzen dituztela asteetan. «Zure familia iraintzen dute. Kolpatu egiten zaituzte eta Al Kaedako kideekin edo bestelako kriminal arriskutsuekin sartzen zaituzte ziegetan. Botilekin bortxatuko zaituztela mehatxatzen zaituzte», azaldu dio Human Rights Watch giza eskubideen aldeko taldeari preso ohi batek. Iranen bertan ere izan dira Ahmadinejaden presoekiko politika gaitzetsi dutenak. Baina han kritikak garesti ordaintzen dira.

Ali Akbar Musavi diputatu ohiak Evinen sartzeko baimena eskatu zuen duela bi urte, eta espetxea ixteko galdegin zion Gobernuari. 2006ko ekainean, ordea, Evineko 209. sekziora eraman zuten preso, emakumeen eskubideen aldeko protestetan parte-hartzeagatik. 130 egun egin zituen han, gehienak bakartuta. Horiek hala, ulergaitza izan daiteke askorentzat herritarrek Ahmadinejad sostengatzea. Baina bada horretarako ere arrazoirik: batetik, maiz ez dutela salaketa horien berririk; eta bestetik, Gobernuaren hainbat politika herritar xumeenen mesederako direla, bakarrik bizi diren amentzako laguntzak esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.