"Datozen egunetan, Junts per Catalunya eta CUPekin batera irtenbide bat adostu beharko da bozak irabazi dituen proposamena indarrean sar dadin", adierazi du ERCko eledun Sergi Sabriak. Esquerrakoak baztertu egin du bozak berriz egiteko aukera —gobernua osatzea lortu ezean ekainean egingo lirateke horiek—, eta nabarmendu du gobernu berriak legealdia osatzea dela helburua.
Joan den abenduaren 21ean egindako hauteskundeak Ciutadans alderdiak irabazi zituen, baina Ines Arrimadas zerrendaburuak ez du nahikoa babes presidente hautatua izateko. Bai, ordea, Carles Puigdemontek, Junts per Catalunyako hautagaiak. Hura, ordea, Bruselan da, Generalitateko beste hainbat ordezkarirekin batera, eta, oraingoz, ez dute argitu noiz eta nola itzuliko diren Kataluniara.
Hain zuzen ere, Puigdemonten balizko kargu hartzearen inguruan zabaldu diren zurrumurruak argitu eta haren itzulera nola egingo den azaltzeko eskatu dio Sabriak alderdiari. "Gu prest gaude haren itzulerari oniritzia emateko, baina nola egingo den jakin nahi dugu".
Junquerasi buruzko erabakiaren zain
Ostegunean hartu behar du Pablo Llarena epaileak Junquerasek jarritako helegiteari buruzko erabakia. Ordea, ezkor agertu da Sabria, eta gogorarazi du orain arteko erabakiak judizialak bainoago "politikoak" izan direla. Dena dela, adierazi du ERCko burua aske geratzeak erraztu egingo lukeela Quim Forn, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ere aske uztea.
Forn, Sanchez eta Ciuxarten helegiteari buruz urtarrilaren 11n du erabakitzekoa epaileak.