«Orain arte ez zegoen ezer esaterik»

Tunisiako turismo gune nagusira ere iritsi dira istiluak; Ben Aliren jaioterrian, orain artean inor ez zen ausartzen presidenteaz hitz egitera; baina «barrenak askatzeari» ekin diote orain.

Ben Ali presidentearen irudia duen afixa, haren jaioterrian, Susan. BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
Susa
2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Susako Medinan ohikoak ziren koloreak eta usainak, ohikoak bertakoen gonbitak eta ohikoak agurrak. Hola Pepsi Cola eta ¿Que tal fistro? egiten zuten oihu espainiarren parean, eta Athletic de Bilbao garrasi euskal herritarren parean. Hor ez zegoen aldaketarik. Mirar no comprar-en erreinuan ez zegoen ez manifestazio, ez aldarrikapen ozenik, ez iraultzarik, baina marmarra plazara ari zen irteten ahopetik, ezinegona argitara ilunpetik, eta, atzodanik, amorrua eta bortizkeria ere bai bazterretatik. Hasi direlako lehen lapurretak eta erasoak. Erre dituzte turismo bulegoa eta zinema. Eta hustu dituzte Medina inguruko supermerkatuak.

Zine El Abidine Ben Ali presidentearen jaioterrian haren irudia ez zen bereziki gurtua, nahiz eta zenbait hoteletan, turismo bulegotan, dendetan eta ile-apaindegitan haren argazkia ikustea ohikoa zen. Tunisiarrek nekez hitz egiten zuten turistekin haren inguruan «apolitikoak» direla argudiatuta. Egun batetik bestera, baina, joera hori hautsi egin da.

Rashidek (55 urte) Medinaren hasieran dauka larruz egin daitekeen poltsa klase guztien erreinua. Berea ongi daki saltzen. Gaztelania eta italiera nahasten ditu, baina ingelesez moldatu da ongien. Egoera politikoaren diagnosia egin du bat-batean, eta tira egiteko behar handirik gabe: «Zuek lasai, turistei ez zaizue ezer gertatuko; hau herrialde barruko arazoa da. Boterean 23 urte daramatzan presidentea daukagu, eta euren goi mailako ikasketak amaitu eta lanik batere ez duten milaka gazte herrialde osoan barreiatu dira».

Internetik gabe

Susa, Port Kantaui, Monastir eta Hammamet dira turismo gune nagusiak. Oliba olioaren eta arropa industriaren alboan, edo oso goitik, turismoa da herrialdeko diru iturri nagusia. Eta Rashidek ongi asko daki hori. Hilaren hamarrean iritsitako turista asko euren hoteletatik irten ezinda daude. Ez kanpoan istiluak zeudelako atzora arte, polizia manifestariei oldartu zaielako atzora arte, edo armada kalean zegoelako atzora arte. Tunis hiriburuan, Sfaxen eta Olzerren hori zen egoera atzora arte. Agentzia guztiak herrialdearen barnealdera antolatutako irteerak bertan behera gelditu direlako, baizik. Hotelek ez dute Internetik, ziberkaferik ez dago kalean. Etxetik ekarritako eskuko ordenagailu eta netbook-ek konexio arazoak dituzte —gobernuak komunikazio guztiak ditu kontrolpean, eta prentsa askatasuna preso—, eta jendea aztoratzen hasi da. Hegaldi batzuk bertan behera gelditu dira —astelehenean Bilbora zihoana, esaterako—, eta agentziak irtenbide bila dabiltza korrika eta presaka; jendea aberriratzen hasi dira.

Naufel (37) bidaia agentzia ezagun bateko gidaria da. Hari dagokio irteeretarako aurreratutako dirua itzuli eta turistak lasaitzea; lortzen du apika. Gaztelania garbia darabil. «Herri honek behingoz inteligentea dela erakutsi du, buruz jokatu du. Jendea kalera irten da bere ezinegona azaltzeko. Horretarako garaia zelako. Egia da istiluak egon direla, baina ez dira gauzak nahastu behar. Atxilotuak ez dira terroristak, euren ezinegona azaldu duten herritarrak dira». Eta hortik abiatuta aritu da herrialde arabiarren batasun ezaz, Israelen jukutriez, AEBen taktikez eta harenganako morrontzez. «Barkatu, baina barrenak askatzeko beharra neukan. Zuek kazetariak zarete, eta jakinarazi behar diozue hori guztia munduari».

Izan ere, mundutik begiratuta, herrialde arabiarretan lasaienetakoa izan da Tunisia. Nahiz eta azken 53 urteetan bi presidente baino ez dituzten ezagutu, eta azkenak 23 urteko diktadura ezarrita. Oinarrizko produktuen garestitzeak, landa eremuetako biztanleen baztertzeak, milaka lizentziadun langabezian egoteak, adierazpen askatasunik ez izateak eta erabat agerikoa den ustelkeriak lehertu dute Tunisia.

Ustelkeria denen ahotan

Jamelek (36) Riadh Palms hotelean egiten du lan. Igerilekuko eta hondartzako azpiegituren arduraduna da, eta ez dauka lan askorik. Jendearen erreakzioa normaltzat du hark. Ingelesa menderatzen du, eta, dioenez, beste sei hizkuntza ere bai; Europa ekialdekoak horietatik gehienak. Ahopeka hasi da, baina berotzen joan da azkar: «Orain dela gutxi arte, presidente honen kontra kalean ez zegoen ezer esaterik. Poliziak atxilotu eta espetxean sartzen zintuen. Orain, gauzak aldatzen hasi dira». Bidaiatutakoa da bera, baina gazteek irteteko dituzten zailtasunez mintzo da: «Ez daukate dirurik; asko langabezian daude, eta irten nahi dutenek arazoak dituzte». Ustelkeria da, ordea, gehien asaldatzen duena: «Diruarekin dena konpon daiteke hemen. Aireportuan paperekin arazoak dituzula? Ordaindu poliziari eta kitto! Errepidean gelditu eta gidabaimenarekin arazoak dituzula? Poliziari ordaindu eta kitto! Horrek horrela funtzionatu izan du hemen orain arte». Hemendik aurrera...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.