«Inork eta ezerk ez gaitu norabidea aldatzera behartuko», adierazi du Cristina Fernandez Argentinako presidenteak, hasi berri duen bigarren agintaldian orain arteko bideari jarraitzeko asmoa duela agerian utziz. Iaz hil zenetik hitzaldi gehienetan bezala, atzo kargua hartzerakoan ere Nestor Kirchner senarra, eta aurreko presidentea, izan zuen gogoan. Leialtasunez agintzea hitzeman zuen, eta hala egin ezean, «Jaungoikoak, aberriak eta berak—Kirchnerrek— kargu har diezadatela», adierazi zuen.
Gobernu taldean hiru kargu soilik berritu ditu Fernandezek —Ekonomia ministroa, Nekazaritza ministroa, eta ministro taldearen burua—, eta horretarako peronismoko kide gazteengana jo du. Hain justu, Kirchner hil zenetik, gazteek indarra hartu dute FV Garaipenaren Frontea alderdian, eta horiengan hartu du babesa presidenteak. Gainontzeko ministroek euren karguan jarraituko dute. Horietako asko, gainera, Kirchnerren garaitik daude gobernuan.
Indarberrituta
Politikoki indartuta heldu da Fernandez bigarren agintaldira, erabateko kontrola baitu kongresuan. Urriko hauteskunde orokorretan, bozen %54 eskuratu zituen, 1983an diktadura amaitu zenetik inoiz hautagai batek lortu duen babesik handiena, hain justu. Oposizioa, bitartean, burua altxatu ezinda dago. Hori horrela, etxean ditu Fernandezek arerio nagusiak. Hugo Moyano CGT Lanaren Konfederazio Orokorra sindikatu indartsuko idazkari nagusiarekin, esaterako, gero eta hotzagoa da harremana. Adituen ustez, amaitu egin da kirchnerismoaren eta sindikalismoaren orain arteko harreman estua.
Datorren legealdian ekonomia kezka iturri izango du Fernandezek. Izan ere, azken urteotako hazkundea geratze bidean dela diote adituek, krisia dela eta. Berriki, hain justu, inflazioa «arazo larria» bilakatu dela aitortu du presidenteak, orain arte behin eta berriz ukatu badu ere. Oposizioak, hain zuzen, inflazioaren kontura eraso egin nahi izan dio presidenteari, baina mezuak ez du haren indarra gutxitzea lortu.
Fernandezen bigarren agintaldia, berak esandakoaren aurka, ezberdina izango dela uste du hainbatek. Izan ere, azkenaldian aldaketa iragartzen duten neurriak hartu ditu. Bozak irabazi eta egun gutxira, esaterako, Barack Obama AEBetako presidentearekin bildu zen Fernandez, orain arte Washingtonekin izan dituen harreman hotzak hobetzeko asmoz. Horrez gain, enpresariengana hurbiltzeko hainbat neurri ere iragarri ditu. Adituek diote aldaketa horren arrazoiak, baina, politikarekin zerikusi gutxi duela, eta ekonomiaren aurreikuspenen ondorio dela.
Orain arteko bidetik
Argentinako presidente Cristina Fernandezek hiru kargu soilik berritu ditu gobernuan bigarren agintaldirako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu