Ekialde Hurbila

Orain arteko erasoaldia "lehen urratsa" dela dio Israelek

Helburua palestinarren kohete bidezko erasoak erabat geraraztea dela azpimarratu du Ehud Olmert lehen ministroak. Hainbat aste iraun dezakeen lurreko erasoa abiatzeko prest daudela agertu du Matan Vilnai Defentsa ministrordeak. Bitartean, aire erasoarekin segitzen du Israelek eta 380 lagun inguru hil ditu jada.

2008ko abenduaren 30a
18:39
Entzun
380 inguru Israelek Gazan (Palestina) larunbatetik hil dituen pertsonak. Atzora arteko datua 350ekoa zen. Gaur erasoan segitu du Israelek, eta hogeita hamar bat lagun hil ditu, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Airez egin du erasoa, bart, eta, besteak beste, Beit Lahiya herria e izan du jomugan -4 eta 11 urteko bi ahizpa hil dituzte han-. Larunbatetik zauritu dituen palestinarrak 1.700etik gora dira jadanik.

Israelek ohartarazi du operazioa "azkeneraino" eramango duela. Hain zuzen ere, erasoaldiaren helburua palestinarren kohete bidezko erasoak erabat geraraztea dela adierazi du Ehud Olmert Israelgo lehen ministroak, eta larunbatean abiatutako aire bidezko erasoaldia helburu hori iristeko "lehen urratsa" dela.

Ildo horretatik, Matan Vilnai Defentsa ministrordeak agertu du armada prest dagoela hainbat aste iraun dezakeen lurreko erasoa abiatzeko. Gazako herritarren artean horixe da kezka handienetako bat; hots, lurreko erasoari ekingo diola Israelek eta egoera oraindik eta gehiago okertu eta larrituko dela.

Palestinarrek Israelera koheteak bota dituzte gaur ere. Atzo gauean bi lagun hil zituzten, eta lau dira larunbatetik kohete eraso bidez hil dituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.