Xahira Amin. Egiptoko telebista publikoko esataria

«Orain, iraultza aurretik baino murrizketa gehiago dago Egipton»

Mubaraken erregimenarekin lanean aritutakoa da, eta orain armadarenean. Orain adierazpen askatasun handiagoa dagoela uste du; baina hedabide pribatuetan, ez sare publikoan.

SERGI CABEZA.
Egipto
2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Xahira Aminek (Kairo, 52 urte) egiptoarren bihotza bereganatu zuen iraultza garaian; telebista publikoan zuen lana utzi zuen, bat ez zetorrelako egintzen berri emateko moduarekin. Handik gutxira, katera itzuli zen, ingelesez aritzen zenera; Hillary Clinton elkarrizketatzeko asmoz itzuli zen, eta programa batean astero gaur egungo gaiak jorratzeko. Hurrengo, bilau bihurtu zen Israelen, elkarrizketa polemiko bat egin ziolako Gilad Xalit soldadu israeldarrari —Hamasek askatu berria zuen, Gazan bost urtean bahituta eduki eta gero—.

Freelance moduan aritu da kolaboratzaile CNNrentzat, 2000. urteaz geroztik, eta itzal handiko hainbat programatan ere parte hartu izan du: esate baterako, BBCren Hard Talk izenekoan; eta oraindik ere kazetaritza konprometitua lantzen du; horrexegatik dago Egiptoko agintarien jomugan. Aminek ez du legarrik ahoan, eta beldurrik gabe azaltzen du telebista publikoa dela, edozein erregimenek izan dezakeen armarik ahaltsuena.

Iraultza garaian, zergatik utzi zenuen telebista publikoko lana?

Ezin nuelako Tahrirreko egintzen berri eman. Telebistako eraikinetik hiru minutura ari ziren idazten historia, eta Mubaraken aldeko manifestazioen berri ematera joateko agindu zidaten. Gauzak azaltzerik ez badugu, nola jardun kazetari lanean? Lotuak nituen eskuak, eta, haiek, berriz, anarkista eta eragile atzerritar izendatu zituzten iraultzaileak. Ez nituen nire esku izan nahi martirien eskuak…

Baina itzuli egin zinen handik hilabete batzuetara...

Itzuli egin nintzen, aukera eskaini zidatelako Hillary Clinton AEBetako estatu idazkaria elkarrizketatzeko, eta pentsatu nuen benetako aldaketa bat nahi banuen plataforma bat behar nuela. Gainera, nik neuk kontrolatzen dut nire programa. Uste nuen kazetaritza modu berri eta aske bat izango zela, baina ez zait iruditzen hala denik. Jende berbera dago, pentsamolde berbera duena… Telebista ofizialak garbiketa baten premia dauka. Utzi egin behar dio, behingoz, propagandarako makina bat izateari.

Nola dabil makina hori?

Edozein erregimen autoritariotan, aginteari bere hartan eusteko propaganda lanabes izan ohi dira komunikabide publikoak. Hala gertatzen da Egiptoko telebistan; 43.000 enplegatu ditu. Ez da sinestekoa! Gehienetan, ez dira langile kualifikatuak; eta nork gomendatu dituen, horren arabera kontratatzen dituzte… Ez dira kazetariak, eta uste dute txalotu egin behar dutela gobernua. Autozentsura darabilte; ez dakite bestela lan egiten.

Zer esan nahi du halako baldintzetan kazetari izateak?

Eskuak lotuak dituzula. Iraultzaren aurretik, hainbat paper sinarazten zizkidaten, zuzenean esaten nuena nire erantzukizuna zela egiaztatzeko. Mubarak bazen hizpidea, marra gorri bat zegoen, eta ezin zen handik harago jo. Hala ere, tabu asko urratu nituen: besteak beste, emakumeen organoak erauztea, kristauen eta musulmanen arteko sekta arazoak, Sudango iheslariak. Egoera jakin batean bakarrik egon behar izaten nuen bazterrean: bozen prozesuetan, bai bainekien ezin nuela ikusten nuena kontatu, eta, sinesgarriatasuna ez galtzearren, oporrak hartzen nituen.

Ikuspegi mediatikotik, iraultzak hainbat gauza aldatuko zituen...

Bai, aldaketa bat sumatu genuen. Kate independente ugari sortu ziren; lehen ere baziren, baina erregimenaren inguruko negozio gizonak zituzten zuzendari. Lehenbiziko aldiz, oposizioan ziharduten hainbat katek, eta oposizioko hainbat kide ere libreki mintzo ziren. Orain, kartsuagoa da giroa, eta aniztasun handiagoa dago Agerikoa da presioa, eta agintariak zalantzan jartzen dira.

Eta komunikabide publikoetan?

Horietan besterik gertatzen da. Iraultza garaian utzi zioten sinesgarri izateari, eta bide beretik doaz oraindik ere; mugak ezarri dituzte, armadari dagokionez, eta autozentsura darabilte. Iruditzen zait iraultza aurretik baino murrizketa gehiago dagoela orain.

Alegia, ezer gutxi aldatu da...

Hor daude, berriro ere, marra gorriak. Bere garaian, esan ere egin ziguten ez genuela izango informazio ministrorik, alegia, zentsurarik, baina ezarri egin zuten, eta lizentziak ukatu hainbat kate berriri. Zentsuraren arabera, zurrumurruak zabaltzeak edo indarkeria sustatzeak zigorra izango zuen… Prentsa librerik izan ezean, ez dugu demokraziarik.

Esandakoa, propagandarako arma bat.

Izugarrizkoa izan zen manipulazioa koptoen manifestazioaren egunean, urriaren 9an; 26 pertsona hil ziren —gehienbat, kristauak—, armadarekin izandako borroketan. Telebistak esandakoaren arabera, kristauek eraso zioten armadari.

Horregatik atxilotu zuten Alaa Abd al-Fatah,blogari ospetsua.

Kikildu egin nahi dituzte kazetariak, beldurrarazi. Kazetari bat harrapatu eta fiskal militarrarengana bidaltzen duten bakoitzean,edo blogari bat kartzelatzen, mezu jakin bat igortzen ari dira.

Elkartasunik gabe, garaipenik ez...

Orain, gehiengo isila deritzona ari dira jartzen iraultzaileen kontra, segurtasunaren eta egonkortasunaren izenean. Eta, zoritxarrez, helburua lortzen ari dira. Lehengoan, esate baterako, koptoen Eguberrietako ekitaldi batzuen berri eman zuten telebistan, baina isilarazi egin zituzten jendearen oihuak, erregimen militarraren kontrakoak, nahiz eta beste hainbat katetan jaso zituzten.

Zuk frogatu zenuen, lehenbizikoz, armadakoek birjintasun probak eginarazi zizkietela zazpi neskari, martxoan Tahrirren egindako manifestazio batean atxilotutako batzuei.

Jeneral militarrari deitu nionean pentsatu nuen ukatu egingo zidala, bi hilabetan ukatzen ibiliak baitziren, baina harritu egin ninduen erantzunak. Esan zidan neska haiek ez zirela bere alabak, ez eta nireak ere, baizik eta Tahrir plazan gizonekin batean lo egin zuten neska batzuk zirela, esan izan nahiko balit bezala merezia zeukatela. [Horretaz aritzeagatik] Mezu bat jaso nuen, Facebook bidez: «Egiozu kontu zeure familiari; bestela dena galduko duzu».

Norantz doa Egipto?

Ez dakigu. Badakigu, ordea, beste iraultza bat izango dela urtarrilaren 25ean (matxinadaren lehen urtemugan). Jendeak plazara joko du, agintaldi militarra amaitu dadila eskatzera; izan ere, gauzak gerta daitezen nahi dugu, baina ongi egin nahi ditugu gauzak. Armadak dio ekainean alde egingo duela, baina haren hainbat hautetsi aurkeztu dira presidentetzarako hauteskundeetara. Badirudi bere hartan iraun nahi dutela. Herrialdeko batzuek armadan sinesten dute, baina beste batzuek ez.

Islam politikoak erabateko garaipena lortu du parlamentuan.

Estatu sekular bat nahi genuen, eta, presidente militar bat eta lege islamikoa izango ditugu; baina horixe erabaki du jendeak. Ikusteko dago nola moldatuko diren. Nire ustez, islamistak ongi ordezkatuta daude gizartean, eta, norbait haiek bazterrean uzten ahalegintzen bada, are muturrekoago egingo dira. Arretagunean izateak neurritsuago egingo ditu; aukera bat merezi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.