kataluniako Diada

Orain Kataluniaren independentzia "gertuago" dagoela uste du Masek

Generalitateko presidenteak esan du estatu egiturak izateko denbora beharko dela. Mas "harro" agertu da atzoko manifestazioak izandako arrakastarekin, bera izan ez zen arren. PSCk eskatu dio itun fiskala edo independentzia hautatzeko.

2012ko irailaren 12a
18:03
Entzun

Artur Mas Generalitateko presidentea ez zen izan atzoko Diadan independentziaren alde Bartzelonan izandako manifestazioan —ANC Biltzar Nazional Katalanak antolatu zuen—, baina "harro" dago martxak izandako arrakastarekin. Hala esan du gaur goizean Masek, agerraldi batean, eta uste du Kataluniaren independentzia "gertuago" dagoela orain.

"Trantsizio nazionala" hasi dela esan du, baina denbora eskatu du. "Estatuaren egiturak ez dira bi egunetan eraikitzen. Denbora beharko dugu Kataluniari estatu egiturak emateko". Estatu bat aldarrikatu du: "Atzoko aldarria oso argia da, eta oso normala: nazio batek aurrera egiteko estatu bat behar du".

Oso pozik azaldu da atzoko martxarekin "Europari eta munduari mezua" bidali izanaz, eta modu baketsuan egin zela azpimarratu du. "Zibismoa erakutsi" izana nabarmendu du.

Masek aitortu du Espainiako Estatuak ez duela independentzia "erraz" jarriko, ezta Europak ere, horrelako aurrekaririk ez dagoelakoan. "Ez da erraza izango, baina dena da posible borondatea, gehiengo handia eta erresistentzia gaitasuna baldin badaude".

Kataluniak azkeneko 30 urte pasan Espainia "hobe bat" egiteko lan egin du, Generalitateko presidentearen iritziz, baina salatu du ez dutela trukean erantzun bera jaso. Espainiari mezu bat helarazi nahi izan dio: "Entzun erne Kataluniari, eta jarri konponbideak".

Hilaren 20an Mariano Raxoi Espainiako presidenteak eta biek bilera egingo dute Generalitatearen itun fiskalaren proposamenari buruz. Akordiorik ez bada, Masek ez du baztertu hauteskundeak aurreratzea —2010eko azaroan egin zituzten azkenak—.

PSCk Masi eskatu dio itun fiskala edo independentzia hautatzeko

Pere Navarro PSCko lehen idazkariak Masi eskatu dio "argi eta garbi" aukera dezala Espainiako Gobernuarekin egin nahi duen itun fiskalaren eta Kataluniaren independentziaren artean, "behin betiko uzteko anbiguotasuna". Navarrok independentzia ez, baizik eta "eredu federala" sustatzearen alde egitea galdegin dio.

"Generalitatea ezin da egon atzoko aldarritik kanpo. Gure historiako manifestaziorik handienetakoa izan zen, hemengo gobernuak animatu eta sustatu egin zuen, eta orain argi eta garbi jarrera bat hartu beharra du", esan du Navarrok, prentsaurreko batean.

"Herri gisa" jokatzera deitu du Mas, eta ez CiUko buru gisa. Alde horretatik, Navarrori etsigarria iruditu zaio presidenteak gaurko agerraldian esan duena.

PSCko buruak aitortu du atzoko manifestazioko "aldarrikapenik garrantzitsuena" independentzia izan zela, "baina beste aldarrikapen batzuk ere izan ziren: murrizketa sozialen kontrakoak, esaterako".

Martxan parte hartu ez zuten herritarrak ere kontuan izan behar direla esan du Navarrok.

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak, berriz, Masi galdetu dio ea "Espainiarekin bizi" nahi duen ala "Espainiatik bereizi" egin nahi duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.