kuba

"Oraindik baditut gauzak egiteko"

"Berpiztu" denetik lehen elkarrizketa eman dio Fidel Castrok Kubakoa ez den egunkari bati. "Mundua bere faserik interesgarrienean eta arriskutsuenean dago, eta gerta daitekeenaz konprometituta nago".

2010eko abuztuaren 30a
18:39
Entzun
Lau urtean gaixotasun bategatik bizitza publikotik erretiratuta egon ondoren berragertu denetik lehen elkarrizketa eman dio Fidel Castrok Kubakoa ez den egunkari bati -La Jornada Mexikoko kazetari-, eta, dagoeneko "zoroen mundu honetan berpiztuta" sentitzen denez, lanerako gogoz dagoela aitortu du. "Oraindik baditut gauzak egiteko", esan du Castro Kubako presidente ohiak -84 urte bete zituen abuztuaren 13an-.

Azkeneko asteetan bezala, "gerra nuklearra" egon daitekeela ohartarazi du. Data bat ere eman du: irailaren 9a. "Izan ere, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak Irani emandako 90 eguneko epea orduan amaituko da". Balizko gerra nuklearraren aurkako "mugimendua" sortu beharra dagoela iritzi dio, eta uste du aipatutako guda saihesteko ardura nagusia Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuko presidenteak daukala. "Mundua bere faserik interesgarrienean eta arriskutsuenean dago, eta gerta daitekeenaz konprometituta nago".

Gaitzarekin gaizki pasatu duela dio Castrok. "Hilda bezala egon nintzen. Neure artean nioen jende honek [mediku taldeak] egoera horretan bizitzen utziko zidan edo hiltzen utziko ninduten". 66 kiloko pisura jaitsi zen, eta orain 85-86 dauzka. "Gaur 600 urrats egitea lortu dut, makulurik eta laguntzarik gabe".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.