AEB-etako hauteskundeak

Ordezkarien Ganbera berreskuratu dute AEBetako demokratek

Legealdi erdiko hauteskundeak izan dituzte AEBetan, besteak beste, Ordezkarien Ganbera eta Senatuko ordezkarien herena berritzeko. Senatuan, errepublikanoek eutsi egin diote gehiengoari. Nancy Pelosi demokratak nabarmendu du "kontrola eta botere banaketa berrezartzea" izango dutela helburu: "Egun berri bat hasi da".

Nancy Pelosi Demokraten Kongresuko bozeramailea, alderdikideekin emaitzak ospatzen. ERIK S. LESSER, EFE.
Hodei Iruretagoiena
2018ko azaroaren 7a
07:32
Entzun

Inkestek aurreikusitakoaren bidetik, baina, Alderdi Demokratak izango du Ordezkarien Ganberako edo Kongresuko gehiengoa, zortzi urteren ondoren. Boto guztiak zenbatzeko dituzte oraindik, baina dagoeneko 218 ordezkari lortu dituzte demokratek, eta 193 errepublikanoek —24 aulki falta dira erabakitzeko—. 438 aulki ditu Kongresuak, eta 218 behar dira gehiengoa izateko.

Orain arteko zenbaketen emaitzak dira horiek. CNN kateak aurreratutako estimazioen arabera, ordea, 238 aulki lortuko lituzkete demokratek, 197 errepublikanoek. Gehiengoa berreskuratuko dute, beraz, demokratek. Senatuan, aldiz, eutsi egin diote Trumpen alderdikoek: 51 ordezkari lortu dituzte orain arte, eta 45 demokratek —100 ordezkari ditu Senatuak: 4 falta dira erabakitzeko—. AEBetako 50 estatuetako 36tan gobernadoreak ere aukeratu dituzte.

Bozek utzitako egoera, dena den, nahiko ohikoa da AEBen historian. 1865an AEBetako gerra zibila amaitu zenetik, 38. aldiz egin dituzte Kongresurako hauteskundeak, eta horietako 35etan Ordezkarien Ganberako kontrola galdu du orduan gobernuan zegoen alderdiak.

Kongresuko gehiengoa galdu arren, "arrakasta izugarria" izan dela esan du Donald Trump AEBetako presidenteak, Twitterren. Hori bai, zoriondu egin du Nancy Pelosi, Kongresuko demokraten bozeramailea.

Pelosi: "Egun berri bat"

Nancy Pelosi demokratak, berriz, "zatiketaren" aurkako mezua zabaldu du, eta nabarmendu du "egun berri bat" hasiko dela gaurtik aurrera. Gehiengo hori lortuta, "kontrola eta botere banaketa berrezartzea" izango dute helburu, Pelosik aipatu duenez; izan ere, bi urteotan errepublikanoen esku egon dira Kapitolioko bi ganberak.

Senatuaren heren bat bakarrik berritu dute boz hauetan, eta beraz, gutxienez beste bi urterako mantenduko dute gehiengoa errepublikanoek. Ordezkarien Ganberaren kontrola galtzeak, ordea, ahuldu egingo du Trumpen indarra, botere legegilea demokraten gehiengoaren esku geratuko baita. Presidenteak ezin izango du, beraz, bere agenda ganberen jardunaren bidez ezarri, demokratak edozein ekinbide blokeatzeko moduan egongo baitira.

Migratzaileen kontrako mezuak izan dira, batez ere, Trumpen kanpainako ardatz, eta horiek gezurtatzen ahalegindu dira demokratak. Lider argirik ere ez dute, ordea, eta beharrezko izango dute hori bi urteren buruan Trump Etxe Zuritik atera nahi badute.

Presidentea kargutik kentzeko impeachment prozesua ere aipatu izan du zenbaitek, baina oraingoz, ez dirudi demokratek horri ekingo diotenik, Senatuaren kontrola ere beharko lukete-eta halako prozesu bat aurrera ateratzeko. 2020an izango dituzte presidentetzarako hauteskundeak, eta gutxienez, Trump Etxe Zuritik botatzeko xedean beharrezko izango duten indarra bildu dute demokratek.

Inoiz baino emakumezko gehiago dira aurkeztu dira hautagai gisa Ordezkarien Ganberarako eta Senaturako. Horietako %75 Alderdi Demokrataren hautagaiak izan dira. Behin-behineko emaitzak eskutan, 113 ordezkari izango dira emakumeak Kapitolioko bi ganberetan, eta 422 gizon —orain arte, 107 andre ziren—.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.