Osasun erreformari jarritako denborak, mugak, ez betetzea. Horixe egozten diote Ordezkarien Ganberako errepublikanoek AEBetako presidenteari, eta horrexegatik joko dute auzitara. Aldeko 225 boto jaso ditu proposamenak, guztiak errepublikanoak; eta kontrako 201, ganberako demokratenak eta haiei gehitu zaizkien bost errepublikanorenak.
Ordezkarien Ganberan gehiengoa dutenez, erraz gainditu dute oztopoa errepublikanoek, baina azaroko hauteskundeetan Senatuko gehiengoa berenganatu ezean, egitasmoak ez du aurrera egingo.
Auziaren azken helburua litzateke bertan behera geraraztea osasun erreforma, Obamaren proiektu nagusietako bat. Hain zuzen, errepublikanoek eurek jarritako oztopoengatik atzeratu baita hura. Demokratek gogor salatu dute aurkarien jarrera, eta Tea Party-ren esanetara egotea egotzi diete errepublikanoei.