Jiang Zemin

'Ordezkaritza hirukoitza' teoriaren burua

Jiang Zemin hil da, Txinako Alderdi Komunistaren buru eta hamar urtez (1993-2003) Txinako presidente izandakoa. 'Merkatu ekonomia sozialista' kontzeptua txertatu zuen alderdi komunistan.

WANG JIANMIN / EFE.
Maddi Iztueta - Jon Ordoñez
2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Txinak azken hamarkadetan izan dituen presidente garrantzitsuenetako bat hil zen atzo: Jiang Zemin. Herrialdeko erreferente politiko bilakatu zen 1980ko hamarkadan, PCC Txinako Alderdi Komunistako idazkari nagusia izendatu baitzuten 1989an, eta 2002ra arte egon baitzen karguan. Shanghainhil zen (Txina), 96 urte zituela.

Idazkari nagusi 1989an izendatu zuten arren, lau urte geroago hartu zuen herrialdeko presidente kargua, 1993an. Pekingo Tiananmen plazako protesten ostean hartu zuen alderdiko buruzagitza, aurreko idazkari nagusi Zhao Zijangek herritarren mobilizazioak babestu ostean. Hamar urtez izan zen Txinako presidente, 1993 eta 2003 artean.

Estatu buruzagitza hartu aurretik, merkatu ekonomia sozialista kontzeptua txertatu zuen 1992ko Txinako Alderdi Komunistaren batzarrean. Handik gutxira,PCCren helburuak eta funtzioak zehazten dituen ordezkaritza hirukoitza teoria politikoa sortu zuen. Kapitalistak eta enpresaburu pribatuak alderdi komunistan sartzea legitimatzen du teoria horrek.

1997an eta 1999an, hurrenez hurren, Hong Kongen eta Macaoren subiranotasuna Erresuma Batuaren eta Portugalen eskuetatik Txinaren eskuetara iragateko prozesuak gainbegiratu zituen; Txinako lurralde autonomoak dira gaur egun. Are, Txina MME Munduko Merkataritza Erakundean sartzera eraman zuen 2001ean.

Txinaren kanpo harremanak sendotzeko ahaleginek eta herrialdeko ekonomiaren susperraldiak markatu zuten Jiangen agintaldia. Herrialdean, ordea, bestelako neurriak hartu zituen. Presidente izan zen urteetan gora egin zuten «giza eskubideen eta demokraziaren aldeko» ekintzaileen atxiloketek, eta Falun Gong mugimendu espirituala debekatu zuen.

Duela hiru urte egin zuen azken agerraldi publikoa, 2019ko urriaren 1ean; zehazki, Txinako Herri Errepublika Nazionalaren aldarrikapenaren 70. urteurrenean.

Dolu eguna Txinan

«Lider esanguratsua eta marxista handia». Horrela deskribatu zuen presidente izandakoa Txinako Alderdi Komunistaren Batzorde Nagusiak, Xinhua albiste agentziaren arabera. Batzorde Nazional Militarrak ere omendu zuen Jiang: «Iraultzaile proletario, estatista eta estratega militar eta diplomatiko handia izan zen».

Presidente ohia gaztetatik izan zen Txinako Alderdi Komunistako kide, eta herrialdeko erakunde ofizialek haren ibilbide politikoa nabarmendu zuten. Jiangen heriotzaren berri emateko argitaratutako oharrean, adierazi zuten «Txinako sozialismoaren buruzagi bikaina» izan zela, eta haren «patriotismoa» goraipatu zuten.

Buruzagi ohiaren heriotzaren albisteak herrialdea astindu zuen; besteak beste, Weibo sare sozialean Twitterren baliokidea Txinan seiehun milioi bisitatik gora izan zituen haren heriotzaren inguruko etiketak. Herrialdeko zenbait hedabidek, Global Times eta China Daily egunkariak kasurako, zuri-beltzean argitaratu zituzten atzo beren edizio digitalak.

Hiriburuan, berriz, Tiananmen plazan dagoen bandera nazionala haga erdi jaitsi zuten, presidente ohiaren heriotzaren dolua adierazteko. Txinako agintariek helarazitako gutunean adierazi zuten ez dituztela herrialdetik kanpoko agintariakhiletara gonbidatuko. Txinako gaur egungo presidente Xi Jinping eta presidente ohi Hu Jintaok, ordea, han egongo direla baieztatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.