Bost egun igaro zituen Lakhdar Brahimik Sirian batekin zein bestearekin hizketan, eta su-eten labur bat errespetatzeko aldeen konpromisoa zuelakoan atera zen handik; kezkatuta, hitzak ez zuela indar handirik ohartuta. Baina ongi aterako balitz irtenbide negoziatua lortzeko prozesu politikoaren oinarria izan zitekeela ere uste izan zuen. Usteak erdi ustel, ordea. Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatariaren helburua zapuztuta geratu da su-etena indarrean jarri eta ordu gutxira.
Gerran maiz gertatzen den bezala, oraingoan ere nahasmena dago Siriatik datozen albisteen inguruan; aldeen interesen araberakoak dira betiere. Gobernuaren indarrek FSA Siriako Armada Askeari leporatu diote su-etena hautsi izana, eta FSAk, berriz, Damaskori. Telebistan armadaren komunikatu ofiziala eman zuten bart; «behartuta» egon dira erasoei erantzutera: «Talde terrorista armatuek hainbat posizio militarrei eraso egin diete», haren arabera, Deir ez-Zor, Daraa, Idlib eta Homseko posizioak dira erasotu dituztenak.
Herenegungo komunikatuan su-etena errespetatuko zuela esan zuen armadak, baina defendatzeko eskubidea erabiliko zuela, behar izanez gero. Eta hainbat ekintzari «erantzun» besterik ez du egin.
FSA Siriako Armada Askearen aldean dagoen Giza Eskubideen Aldeko Behatokiak, berriz, su-etena«hondoratu» egin dela nabarmendu zuen, indarrean jarri eta gutxira. Bonbardaketen eta hildakoen berri eman dute, hain justu, armadak aipatu dituen eskualdeetan; baina gobernuaren armada izan da, haien ustez, eragilea, ez oposizioarena.
Oposizioaren erantzuna
SFAk su-etena betetzeko konpromisoa hartu zuen, ez ordea, haren barruan diren matxinoen beste talde batzuek. Besteak beste, Ansar al-Islam taldeak jakinarazi zuen ez zuela batere asmorik su-etena onartzeko. Damaskon ekiten du talde horrek. SFAk, berriz, atzo manifestazioetan parte hartu zuten herritarrak babestera besterik ez zela atera esanez argudiatu ditu matxinoen mugimenduak, armadaren erasoei erantzun behar izanak behartu duela horretara. Herritarrek Alepon eta Homsen egin zituzten manifestazioak, su-etena baliatuta.
Damaskon bonba-auto bat leherrarazi zuten, eta hildakoak eta zaurituak eragin zituen. Gobernuaren arabera, bost dira hildakoak; oposizioaren arabera, dozenaka; Damaskoren ustez, «talde terroristak» izan dira, eta SFArentzat, Baxar al-Assaden armada.
Baina atzo gertatutakoa iragarritako kronikabesterik ez da izan, armadak, eta baita oposizioaren indarrek ere bai baitzekiten kontrarioak su geldialdia erabiliko zuela bere interesen alde. Porrot hitza ere erabili zuten bi aldeek su-etena hasi aurretik.
Su-eten behin-behinekoa gaurtik astelehenera bitartean zegoen iragarrita, musulmanen sakrifizio festa handirako, eta Al-Assad presidentea jendaurrera agertu zen atzo jai handian parte hartzera. Sana agentzia ofizialak eman zuen ekitaldiaren berri. Siriako telebistaz zabaldutakoirudietan presidentea irribarrez agertu zen, Al-Afram meskitako zoruko lehen ilaran lekua hartzen zuen bitartean. Errezoan ere atera zizkioten irudiak, gobernuko eta Baaz alderdiko kargudunekin batera.
Errezoaren ostean, meskitako imam Walid Abdulhaqek herrialdearen krisia izan zuen hizpide, eta batasun nazionalera deitu zuen «aberria banatu nahi duten etsaien planei aurre egiteko».
Aid al-Adha sakrifizioaren festako lehen orduak kanposantuetan dauzkaten senideei loreak ezartzeko baliatu zituzten herritarrek, eta musulmanen egun handiko erritualak egin nahi izan zituzten. Senideen arteko ospakizunak egiten dituzte, eta etxeko banketeez gain, kalera ere irteten dira ospatzera, baina ospatzeko gutxi izan zuten, are gutxiago etxetik kanpora. Ordu gutxirako bakea izan zen atzokoa, goxoki gazia.
Musulmanak batzen dituen jaiak ez du nahikoa indar izan Siriak duen gatazkari aurre egiteko, lau egunetan sikiera, baina Nazio Batuen Erakundearen eskaintza ere ahula izan da hasieratik. Su-eten hitzarmen bat aurrera atera egin ezinda, alde bakarreko su-etenerako konpromiso hutsa bilatu baitzuen taldeetan, eta, horretaz gain, NBEn ordezkaririk ez da izan su-etena betetzen den edo ez baieztatu ahal izateko.NBEk orain beste estrategia bat pentsatu beharko du, bitartekari lanean saiatzen jarraitu nahi badu behintzat. Kofi Annanen ordez hartu zuen kargua Brahimik, baina hartu bezain laster ibilbide gutxi ikusi zion bere zereginari, nahiz eta ahal zuen guztia egingo zuela agindu. Damaskoko eta oposizioaren ordezkariek, berriz, ez dute su-etena ofizialki hautsitzat jo, baina ez dute haren aldeko hitz bakar bat ere egin.
Ordu gutxirako bakea
Atzotik astelehenera bi aldeek iragarri zuten su-etenarenak egin du indarrean jarri eta berehala; hainbat hiritan borrokak izan diraBi aldeek elkarri leporatu diote haustura; NBEren behatzailerik ez da egon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu