Argi mintzatu da Ortega epailearen aurrean: "Nire gain hartzen dut [2014ko] azaroaren 9ko prozesu parte hartzailearen antolaketaren ardura; nire ekintza pertsonalei nahiz nire meneko ekintzei dagokienez". Prozesu hura ekintza demokratikotzat deskribatu du: "Herrialde proiektu bat eta gobernuaren konpromiso bat zen". Azaldu du ez duela Espainiako Auzitegi Konstituzionalari desobeditzearen kontzientziarik, "ezta ezein ebazpen bidegaberik" eman izanaz, eta "are gutxiago irregulartasun ekonomikoren bat egin izanaz".
Kataluniako Gobernuko presidenteorde ohi Joana Ortegak arratsaldean deklaratu du. Artur Mas jarduneko presidenteak, berriz, etzi joan beharko du epailearen aurrera, Lluis Companys presidentea fusilatu zuteneko 75. urteurrenean, hain justu. Ortega "oso lasai" joan da deklaratzera, gobernuko kontseilari ia guztiek eta Junts Pel Si hautagaitzako kide ugarik babestuta. Independentziaren aldeko oihu, estelada eta El Segadors kantaren doinu artean sartu da auzitegira.
Arribada de l'exvicepresidenta al TSJC #9Nsomtotspic.twitter.com/2nZPtEhmL1
— Òmnium Cultural (@omnium) October 13, 2015
Goizean, Generalitateko jarduneko Hezkuntza kontseilari Irene Rigauk ordubetez deklaratu du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian. Ez die fiskalaren galderei erantzun, eta auzitegitik irten denean esan du berak ez zuela agintarien agindurik desobeditu.
Deklarazio horien harira, jende asko batu da auzitegiaren atarian auzpietuei elkartasuna adieraztera, Omnium Cultural, ANC, AMI eta ACM elkarte subiranistek deituta. Besteak beste, han izan dira Neus Munte lehendakariordea, Marta Rovira, Antonio Baños, Raul Romeva eta Lluis Llach.
#9Nsomtotspic.twitter.com/v0upkTCMJW
— Òmnium Cultural (@omnium) October 13, 2015
Iazko azaroaren 9an independentziari buruzko herri galdeketa antolatzeagatik jarri diete kereila hirurei: prebarikazioa, desobedientzia, diru publikoen okerreko erabilera eta usurpazioa edo Justiziari trabak jartzea leporatzen diete. Desobedientzia, Espainiako Konstituzio Auzitegiak debekatu egin zuelako A-9rako deituta zegoen galdeketa. Generalitateak, orduan, izaera aldatu zion deialdiari, eta galdeketa ofizial eta lotesle bat egin beharrean borondatezko "prozesu parte hartzaile" gisa planteatu zuen erreferenduma.
Aurreikuspen guztiak gainditu ditu azaroaren 9ko bozketak Katalunian. Independentziaren alde zein kontra bozkatu, mezu argia eman diote kataluniarrek Espainiari: Katalunian ez du Madrilek agintzen: 1.861.753 boto independentziaren aldekoak izan ziren.