Agintean den PLC Alderdi Liberal Konstituzionalistak eta FSLNk 2000an sinatutako hitzarmen bati esker konstituzio erreforma egin, eta hauteskunde arauak aldatu zituzten. Hala, presidentetzarako bozka irabazteko botoen %40 lortzea edota %35 eskuratuta bigarren hautagaiari %5eko aldea ateratzea aski da. Halere, printzipioz Ortegaren aldekoa zen erreforma hori ez zitzaion aski izan 2001eko bozak irabazteko. Egungo presidente Enrique Bolañosek (PLCkoa) aise garaitu zuen hura.
Ortega iraultza sandinistaren komandanteetako nagusia izan zen, eta 1979tik 1990 arte egon zen agintean. Hauteskundeen ondorioz, aldiz, 1984-1990 garaian izan zen presidente. 1990, 1996 eta 2001eko hauteskundeetan lortu ez zuena orain lortu nahi du. Halere, ez du batere erraza izango bigarren itzulira igaroz gero, oso litekeena baita haren aurkarietako batzuek bat egitea hari gailentzeko.
Montealegre bankeroaz gain, Jose Rizo (PLCkoa), Edmundo Jarquin (MRS Mugimendu Berritzaile Sandinistakoa) eta Eden Pastora (AC Aldaketarako Alternatibakoa) izango ditu aurkari. Azken biak FSLNtik garai ezberdinetan atera ziren, eta Pastora iraultza garaian komandante sandinista izatetik -Zero Komandantea gerra izenarekin- FSLNren gobernuaren aurka AEBen laguntzarekin contra milizia kontrairaultzaileak gidatzera igaro zen.
Gaurko bozen lehen emaitzak gauerdi aldera emango dituzten arren, asteazkena arte itxaron beharko da behin betikoak jakiteko.
ESKU SARTZE SALAKETAK. Azkenaldian bere irudia moderatzen saiatu da Ortega, eta sandinisten bandera gorri-beltzaren ordez arrosa kolorekoa erabili du kanpainan, baita John Lennonen Give Peace a Chance (Eman Bakeari Aukera Bat) kantua baliatu ere. Gainera, bere hitzaldietan otoitz egiteko eskatu die jarraitzaileei.
Montealegrek esan du Ortegari lagungarria izan zaiola FSLNk kontrolatzen duen Udalerrien Elkarteak eta Venezuelak honen petrolioa merke saltzeko akordioa.
Ortegak, haatik, salatu duAEBek eskua sartu, eta diplomatiko batzuek berak irabaziz gero zigor ekonomikoak ezartzeko mehatxua egin diotela Nikaraguari.
Kubako Legebiltzarreko presidente Ricardo Alarconek eta Errusiako Atzerri Ministerioak ere salatu dute AEBek Nikaraguako hauteskunde kanpainan «disimulurik gabe» muturra sartu izana.
Bien bitartean, FSLNko ministro zein buruzagi ohi Enrique Cardenalek esan du nahiago duela Montealegrek irabaztea Ortegak baino. «Nahiago dut benetako kapitalismoak irabaztea, iraultza faltsu batek baino».
Edgardo Garcia FSLNren hautagaia Nikaraguako Asanblea Nazionalerako
«Latinoamerikan gauzak aldatzen ari dira; hori ere alde daukagu»
igor arroyoManagua
Iraultza sandinistak lau hamarkadatako diktadura militarrari jarri zion amaiera 1979an. Handik bost urtera FSLNk irabazi zituen bozak. Alabaina, 1990ean UNO koalizio kontserbadorea nagusitu zen. Ordutik, FSLN oposizioan aritu da. BERRIA Asanblea Nazionalerako hautagai sandinista Edgardo Garciarekin mintzatu da.
1990etik FSLN alderdia oposizioan egon da. Zer balantze egiten duzu?
16 urteotan iraultza sandinistaren oinarriak defendatzeko lan sindikala eta politikoa egin dugu. Hainbat zerbitzu pribatizatu egin dituzte, eta horrek galera sozial eta ekonomiko argiak eragin dizkio herriari. Horren aurrean, hainbat sektore sozialek egin dituzten borrokak babestu ditu Fronteak. Era berean, oposiziotik proposamenak egiteko gaitasuna erakutsi du.
FSLNk laugarren aldiz aurkeztu du Daniel Ortegaren hautagaitza lehendakaritzarako. Zerk eman diezaioke garaipena oraingo honetan?
Lehenik eta behin, eskuineko gobernua ahulduta dago, pribatizazioek herrialdearen oinarrizko azpiegiturak kaltetu baitituzte. Herriak horren ondorioak nabaritu eta pairatu egiten ditu. Bigarrenik, eskuina banaturik aurkezten da. Hirugarrenik, Fronteak hitzarmen interesgarria lortu du klero katolikoaren kupularekin, eta sektore erlijiosoak ez du FSLNren aurkako kanpainarik egin. Kanpoko aldagaia ere alde daukagu: Latinoamerikan gauzak aldatzen ari dira.
Alderdi kontserbadoreak, PLC eta ALN, Ortegaren aurka egiten tematu dira kanpainan, 1979tik 1990ra herrialdeak bizi izan zuen egoeraren erantzule eginez.
Iraultzak egin behar zuena eta egin zezakeena egin zuen. Populazioaren gehiengoaren aldeko egiturazko aldaketak burutu zituen eta horrek egun Gobernuan dauden kupulei eragin zien nabarmen. Orain bizitza ikusteko beste modu bat daukan populazio berria dago, aspirazioak dituen populazio gaztea. Sektore horretan eskuinaren erasoek sinesgarritasun gutxiago daukate.
Hauteskunde kanpaina honetan FSLNren diskurtsoaren ardatza berradiskidetzea izan da. Zertan datza?
Iragana atzean uztean. Mundu guztiak jakin badaki irabazi, galdu, borrokatu egin zuela. Baina aurrera begira jorratu daitezkeen aferak hor daude: herrialdearen berraktibazioa, sandinismoaren sektoreentzako eta Contra-ko desmobilizatuentzako espazioen irekiera... Ildo horretan, hainbat sektoreren arteko nazio berradiskidetzea gauza daiteke.
MRSk sandinismoaren aldarrikapen historikoak alboratzea leporatzen dio Ortegari, eta pasa den legegintzaldian PLCrekin akordioa egitea.
Beraiek esaten dute kritikoak diren sandinistak gaizki ikusiak daudela FSLNren baitan; baina ez da horrela. Herty Lewites [MRSren lehendakaritzarako hasierako hautagaia, berriki zendua] Frontetik joan eta gero bueltatu egin zen, Managuako alkate izateko. Baina, noski, talde bat sortu nahi baduzu, bereizketa justifikatuko duten arrazoiak behar dituzu.
AEBetako zenbait legebiltzarkide errepublikanoek, Ortegak hauteskundeak irabaziz gero, han bizi diren nikaraguarrek euren familiei bidaltzen dieten dirua blokeatzeko aukera aipatu dute.
Beldurraren diskurtsoa da hori. Zentzugabea da AEBek muturreko jarrera horri eusten jarraitzea. Nik dudan informazioaren arabera, adierazpen horiek publiko egiten diren bitartean, Estatu Batuak funtzionarioak bidaltzen ari dira balizko gobernu sandinista bati begira harremanak egiteko.
Berriki abortu terapeutikoa zigortzearen alde bozkatu du FSLNk, alderdi kontserbadoreekin batera.
Elizaren eragina oso handia da Nikaraguako hautesleriarengan. FSLNk abortu terapeutikoa zigortzearen kontra bozkatu izan balu, Eliza Katolikoaren eta muturreko eliza ebanjelikoen aurka bozkatuko zukeen, hauteskunde kanpainaren unerik gorenean. FSLNri ez zaio komeni fundamentalismo erlijiosoarekiko tira-birarik hauteskundeen testuinguruan.