Ia inork ez zuen zalantzan jartzen Daniel Ortega berriz ere Nikaraguako presidente hautatuko zutela, eta hala izango da, zenbatutako lehen botoen arabera. %71,3 boto jaso ditu, eta Maximino Rodriguez eskuin muturreko contra gerrillako kide ohiak, berriz, %16,4. Jose del Carmen Alvarado Alderdi Liberal Independenteko hautagaia izan da hirugarrena, botoen %4,5 eskuratuta. Parte hartzea %65 ingurukoa izan da.
Emaitzen berri izan aurretik ere, Ortegaren jarraitzaileak Managua hiriburuko kaleetara irten dira garaipena ospatzera.
Presidenteaz gain, presidenteordea, Asanblea Nazionala (parlamentua) eta Erdialdeko Amerikako Parlamentuko hogei ordezkari hautatu dituzte Nikaraguako herritarrek. Iraultza eta gerra ondorengo aroan (1990etik gaurdaino), Ortegak eta FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinistak 2007an irabazi zituzten hauteskundeak lehenbiziko aldiz, eta 2011n berriz nagusitu ziren gehiengo osoarekin, bai presidentetzan, bai parlamentuan. Oraingoan, Nikaraguak Irabazi Aliantzan aurkeztu da FSLN.
Nikaragua Irabazi Aliantzak presidenteordetzarako aurkeztutako hautagaia Rosario Murillo idazlea da. 1980ko hamarkada hasieratik militante sandinista izan da, baina ezaguna da Ortegaren emaztea delako. Murillok politikaren lehenbiziko lerroan izan duen presentziak oposizioa sutu du anitzetan, eta nepotismoa leporatu diote Ortegari. Horrez gain, oposizio eskuindarrak presidentearen aurka egindako bertze akusazio bat da estatuko egiturak FSLNren mesedetan erabiltzea.