Gaur egingo dituzte hauteskundeak Nikaraguan, eta, aurreikuspenak betetzen badira, Jose Daniel Ortega Saavedra FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinistako hautagaia izango da presidente bigarren aldiz segidan, eta laugarren aldiz historian — 1985 eta 1990 artean, 1996tik 2001era bitartean, eta 2007tik orain arte—. Batez ere azken urteetan egin dituen politika sozialei esker lortu du herritarren babesa areagotzea, eta inkestek gehiengo absolututik gertu jarri dute. Hala ere, hautsak harrotu ditu Ortega berriz aurkezteak, oposizioak konstituzioaren kontrakoa dela salatzeraino.
Azken inkesten arabera, botoen %48lor ditzake Ortegak, eta, gobernuaren gehiengoa ez ezik, parlamentuaren kontrola ere lortu. Bestalde, PLI Alderdi Liberal Independenteak %31ko babesa izatea aurreikusi dute, eta PLC Alderdi Liberal Konstituzionalistak, %11koa. Hortaz, Fabio Gadea hautagaia geratuko da bigarren postuan, 80 urteko kazetari, politiko eta idazlea; hirugarrenean, berriz, Arnoldo Aleman, 1997tik 2001era Nikaraguako presidente izandakoa, eta iruzurragatik hogei urteko espetxe zigorrera kondenatua. Alemanek, halere, ez du zigorrik bete, kasua artxibatu egin baita.Oposizioko alderdiek ez dute FSLNri aurre egiteko bategiterik lortu, eta botoen banaketak kalte egingo diela ondorioztatu dute.
Egungo Ortegaren sandinismoa urrun dago 1979ko iraultzan lehertu zenekotik; sandinismoaren ordez, ortegismoaz dihardute aditu askok. FSLN alderdiak ez ditu soilik oposizioaren kritikak jaso, baita jatorrian alderdiarekin bat zeuden eta orain MRS Mugimendu Sandinista Berritzailea osatu duten lagunengandik ere. Kristautasunean oinarritutako diskurtsoa eta jarrera populista leporatzen diote lehenek, eta sozialismoaren zentzua galdu izana, bigarrenek. Abortua praktikatzeko debekuak ere gatazka ugari sortu ditu herrialdean.
Ortegak estrategia lasaia jarraitu du, aurreikusitako emaitza puztuen aurrean harrokeriarik erakutsi gabe. Bere burua «pragmatiko eta neurridun» gisara definitu du, 1980ko hamarkadan izandako gazte gerrillari eta marxistatik urrun. 1979an Anastasio Somozaren diktadurari aurre egin zioten sandinisten bederatzi komandanteetako bat izan zen, eta geroztik FSLNko buru dudagabea da. Egun, aski herrialde ezberdinekin ditu harremanak, besteak beste, Iranekin, Errusiarekin, Kubarekin eta AEBekin, eta Libiako matxinadan Muammar Gaddafiren alde egin zuen hura urriaren 20an hil zuten arte.
Berraukeratzearen argi-ilunak
Ortega Nikaraguako presidente berraukeratuko balute, Konstituzioko 147. artikulua bi aldiz hautsiko lukeela salatu du oposizioak: batetik, aurrez bi aldiz estatu buru izan dena ezin delako berriro karguan hautatu; eta bestetik, une horretako presidentea ere hauteskundeetan berraukeratua izatetik at geratzen delako. Beraz, Ortegak neurriak hartu ditu: Justizia Gorte Gorenera jo du. Gorteak «konstituzioaren aurkakotzat» jo du artikulu hori, Ortegari legearen aurreko berdintasun eskubidea urratu zaiola arrazoituz. Oposizioak, berriz, estatuaren sinesgarritasuna zalantzan jarri dela salatu du, «joko politikoen mesedetan».
FSLNko alderdikideek, ordea, Konstituzioaren aldaketa erabat legezkoa dela uste dute, aldez aurretik moldaketa bat egin zelako 1994an, sandinisten buruzagiak boteretik kentzeko helburuarekin. Horregatik, Ortegak orain aurkeztu duena babes helegitea izan dela nabarmendu dute, aukeratzeko eskubideari etahautatua izatekoari jarritako mugen artean kontraesanak daudelako.
Baina berraukeratzearen argi-ilunak are luzeagoak dira. Hain zuzen ere, bozetan epaile lanak egingo dituen Hauteskunde Kontseilu Goreneko magistratuek bertan aritzeko eskumena iraungita dute; gainera, 2008ko hauteskundeetan iruzurra egin izana egotzi zioten erakundeari.
«Iruzur giroko hauteskundeak» direla esan arren, oposizioko PLI eta PLC alderdiek aditzera eman dute ez dutela atzera egingo, eta «protesta moduan» parte hartuko dutela. Izan ere, beldur dira aurkeztu ezean Ortegak Kongresuaren %100aren gaineko kontrola eskuratuko ote duen. Bestalde, bi alderdiok ez dute nahiko indar izan herritarren artean protesta jendetsuak deitu eta FSLNri aurre egiteko, eta, ondorioz, Ortegaren hautagaitzari zilegitasuna eman diote.
Ortegaren arrakasta
Joan den apiriletik Ortegaren irudia indartuz joan da. Horren atzean, batzuen esanetan, oposizioaren sakabanaketa eta Ortegak garatu dituen politika sozialak daude, Venezuelaren laguntza ekonomikoari esker egin ahal izan dituenak. Hugo Chavezen diru ekarpenek Nikaraguako barne produktu gordinaren %7 osatzen dute. Beste askok, berriz, presidenteak berak definitutako eredu «sozialista, kristau eta solidarioa» jotzen dute arrakastaren iturritzat. Bestalde, Ortega autoritarioa dela, ekonomian negozio pribatuen alde egiten duela eta alor sozialean populista dela dioenik ere badago.
Ortegak irabaziz gero, Nikaraguako adituek argi dute ezinbestekoa izango duela Chavezen gobernuaren laguntza. «Gobernu liberalen hamasei urteren ostean Nikaragua hutsetik hasi behar izan zen. Gobernuaren borondate politikoari eta ALBAren elkartasunari esker egoera txarrari buelta ematen hasi ahal izan dira. Orain bide hori jarraitzea eta zabaltzea da gakoa», Aldo Diaz historialari eta analista politikoaren arabera. Bestalde, armada eta Polizia ere kontrolpean izan beharko dituela diote adituek, iraganean ez bezala militarrek politikan esku hartzerik izan ez dezaten.
Ortegaren sandinismoak boterea sendotu nahi du Nikaraguako bozetan
Gaurko hauteskundeak irabaziz gero, laugarren agintaldia egingo du presidentetzan, nahiz eta jarraian ez izan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu