Ratko Mladic Bosniako Serbiar Errepublikako komandante ohiak osasun ahula duela berretsi du Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegian, Hagan (Herbehereak). «Epaile jauna, nire egoera fisikoaren berri eman nahi nizuke, baina saio itxian egin nahi nuke», esan zion atzo Alphons Orie epaileari ahozko auzi saioa hasi aurretik egindako atariko saioan.
Epaileak onartu egin zuen Mladicen eskaria, eta bakarka hitz egin zuten akusatuaren osasunaren inguruan. Iragan uztailaren 4ko auzi saioan baino argalago agertu da komandante ohia. Defentsaren arabera, hernia ebakuntza egin zioten joan den astean Herbehereetan, Bronovo ospitalean. Alabaina, Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak ukatu egin du hori; espetxetik ateratzeko, idazkaritzaren baimena behar luke Mladicek, eta ez da horrelakorik izan, auzitegiaren arabera.
Karguak gutxitu dizkiote
Slobodan Milosevic Serbia eta Jugoslavia ohiko presidente ohiarekin gertatu zena eragotzi nahi du Hagako Auzitegiak, eta Serge Brammertz fiskal buruak Mladicen kontrako karguak gutxitu ditu, hamalautik hamaikara. Izan ere, Milosevic 2006an hil zen, espetxean, haren kontrako epaiketa amaitu gabe zegoela. Hala, ahozko epaiketa hasi ahal izateko beharrezkoa den hurrengo atariko saioa urriaren 6an izango dela iragarri du Orie epaileak.
Bitartean, aurrera segitzen du Goran Hadzic Krajinako Serbiar Errepublikako presidente ohiaren kontrako auzibideak ere. Gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak leporatzen dizkio Hagako Auzitegiak, eta iragan asteazkenean deklaratu behar izan zuen epailearen aurrean.Errugabetzat jo zuen bere burua, eta datorren udazkenean hasiko da haren kontrako auzi saioa.
Osasun ahula duela esan du Hagan Ratko Mladicek
Urriaren 6an egingo dute atariko bigarren auzi saioa Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu